INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK-ZINEBI 60K, OPERA PRIMA IZENEKOEI ESKAINITAKO ZINEBI FIRST FILM SEKZIOKO AZKEN HIRU FILMAK PROIEKTATUKO DITU GAUR ARRATSALDEAN

Gaur goizean, Luise Donschen zuzendaria bertan zegoela, sekzio horretako saria lortzeko lehiatuko den Casanovagen (Alemania, 2018) aurkeztu da. Emanaldia gaur gauean, 22:00etan, izango da, Golem–Alhondiga 7. Aretoan.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Eulàlia Iglesias kazetari eta zine kritikariak, Agnès Wildenstein zine programatzaile frantses beteranoak eta Nele Wohlatz zinegile alemanak osatuko dute.

 

Opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketaren hirugarren edizioan, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria banatuko duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) Saria lortzeko lehiatuko diren azken hiru lanak proiektatuko ditu gaur arratsaldean. Film hauek izango dira: Darya Zhuk-en Khrustal/Crystal Swan, Tetsuya Tominaren Blue Wind Blows japoniarra eta Luise Donschen zinegilearen Casanovagen. Guztiek ere ZINEBI 60n izango dute estatu mailako estreinaldia.

Film horietatik azkena gaur goizean aurkeztu da Bilbon, Luise Donschen zuzendaria bertan zegoela, Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak lagunduta. Berlingo Nazioarteko Zinemaldian-Berlinalean, mundu mailako estreinaldia izan ondoren, Casanovagen lanak Taipeiko (Taiwan), Visions du Réel-eko (Suitza), FIDMarseille-ko (Frantzia) eta Mar de Platako (Argentina) nazioarteko jaialdietan hartu du parte, besteak beste. Bilboko ikus-entzuleek gaur gauean, 22:00etan, ikusi ahal izango dute, Golem–Alhondiga 7. aretoan.

Casanovagen (Casanova Gene edo Casanova genea), protagonista John Malcovich handia duen doku-fikzio zirraragarria da, desioari eta desio hori adierazteko modu bitxiei buruzkoa. Kamerino batean, John Malkovichek Casanovaren jantzi bat probatuko du. Neska gazte baten gona laranja kolorekoa da, kaiola batean harrapatuta abesten duen txori diamante-zebra baten mokoaren antzekoa. Lirio zuriak ikusgarri daude Ama Birjinaren estatua baten oinetan, eta arrosa gorriek distira egiten dute leiho baten aurrean, apainketa estudio batean.

1982an Berlinen jaiotako Luise Donschenek Etnologia, Alemaniera eta Zinea ikasi zituen. Casanovagen da egin duen lehenengo film luzea. Aurreko beste lan batzuk, Laura von Bierbrauer-ekin batera 2005ean zuzendutako Zwischen den Grenzen (Between the Borders), eta 2012an egindako Macht, dass mir inne wird, was ich durch euch verloren habe! (Give Me Back My Own Picture Perfect Memory!) dira.

Gaur arratsaldeko programazioak Zinebi First Film Saria lortzeko lehiatuko diren beste bi film jasotzen ditu. Karlovy Varyko (Txekiar Errepublika) eta Odessako (Ukraina) zinemaldietatik igaro eta azken horretan Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Darya Zhuk-en Khrustal/Crystal Swan (Alemania, Bielorrusia, EEBB, Errusia, 2018, Fik. 93 min.), eta Sao Pauloko jaialdian (Brasil) Zuzendaritza Onenaren Saria lortu zuen Tetsuya Tominaren Blue Wind Blows (Japonia, 2018. Fik. 88 min.) fikzioa dira.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Eulàlia Iglesias kazetari eta zine kritikariak, Agnès Wildenstein zine programatzaile frantses beteranoak eta Nele Wohlatz zinegile alemanak osatuko dute. Saria 12.000 eurokoa izango da, eta jaialdiaren amaiera ekitaldian jakinaraziko da, datorren ostiralean, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

FITXA
CASANOVAGEN (CASANOVA GEN)
Alemania, 2018 (67 min.) Dok/Fik
Zuzendaritza: Luise Donschen
Gidoia: Luise Donschen
Muntaketa: Luise Donschen
Soinua: Finlay Braithwaite, Nika Breithaupt, Louis Fried, Steffen Danek, Nikolas Kuhl, Karsten Krause, Julia Tielke, Roman Vehlken
Musika: Erik Manouz
Argazkia: Helena Wittmann
Antzezleak: Olfgang Forstmeier, John Malkovich, Elija Pott, Undine de Rivière

CASANOVAGEN TRAILERRA:

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 60
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
irmacerro@grupombn.com