INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK-ZINEBIK, APICHATPONG WEERASETHAKUL ZINEGILE THAILANDIARRARI EMANGO DIO BERE 60. EDIZIOKO OHOREZKO BIGARREN MIKELDIA, BERE LAN EMANKORRA ETA ZINE BEGIRADA HETERODOXOA AINTZATETSIZ

ZINEBIren 60. edizioa azaroaren 9tik 16ra ospatuko da, eta saria amaiera ekitaldian banatuko da; ekitaldi horretan, zinegilearen azken film laburra den Blue lanaren estatuko premierea eta taldean egindako 10 Years Thailand filma eskainiko dira.

Azaroaren 14an eta 15ean, jaialdiak zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzerabegirakoa eskainiko du Guggenheim Museoan. Horietako batzuk ez dira inoiz ikusi Estatuan. 2010ean Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen Apichatpong Weerasethakulek, bere filmen inspirazio iturri diren kultur eta arte erreferentzietan zentratutako masterclass bat eskainiko du.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, bere 60. edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia emango dio Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandarrari, sakonera poetiko handia duen eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea aintzatetsiz.

Jaialdiaren omenaldia jasoko du ZINEBI 60ren amaiera ekitaldian, azaroaren 16an, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Ekitaldi horrek, bere azken film laburraren, Torontoko Zinemaldian estreinatu berri duen Blue lanaren, estatuko première-a jasoko du, eta baita Apichatpongek eta Thailandiako zinegile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana ere.

ZINEBI, Apichatpong Weerasethakulen filmografia harrigarriaren erakusketa programatu zuen Estatuko lehenengo jaialdia izan zen, 2004an. Bere lehenengo bi film luzeek eta sei film laburrek osatzen zuten. Oraingo honetan, Thailandiako zinegile eta diziplina anitzeko artista plastikoa Bilbora etorriko da jaialdiaren sari gorena jasotzeko. Horrez gain, jaialdiak, zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzerabegirakoa eskainiko du Guggenheim Museoan, azaroaren 14an eta 15ean. Horietako batzuk ez dira inoiz ikusi Estatuan. Horrez gain, 2010ean Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen zinegileak, bere filmen inspirazio iturri diren kultur eta arte erreferentzietan, eszenan jartzearen prozeduratan eta antzezleekin egiten duen lanean zentratutako masterclass bat eskainiko du.

Apichatpong Weerasethakulek (Bangkok, 1970) pribilegiozko lekua hartzen du begirada erabat propioa eta guztiz originala duten mundu osoko zinegileek osatutako talde txikian. Zinean egin duen lanean –artista plastiko eta ikus-artista gisa egiten duen lanarekin batera egiten du–, errealitatea, fantasia, ametsak, amesgaiztoak eta mamuak, bere arauen arabera funtzionatzen duen leku berean bizi dira. Berea exigentzia eta poesia maila altuko zinea da eta, aldi berean, lehen mailako emozioetara ere jotzen du.

Thailandia ipar-ekialdean hazi zen, eta arkitektura ikasi zuen Khon Kaen-eko Unibertsitatean –probintzia hori da bere lan gehienen agertokia– eta ondoren Chicago School of the Art Institute izenekoan. Mysterious object at noon (Dokfa nai meuman, 2000) izan zen bere lehenengo film luzea, Rotterdam-eko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zenetik bere karrerari bultzada handia eman zion eta nazioarteko zinean sarrera heterodoxoa izan zuen lana. Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard sekzioaren saria irabazi zuen Blissfully yours (Sud sanaeha, 2002) lanarekin, eta bi urte geroago zinemaldi horren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Tropical Malady (Sud pralad, 2004) lanarekin. Syndromes and a Century (Sang sattawat, 2006) Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazteko lehiatu zen Thailandiako lehenengo filma izan zen. 2010ean Cannesera itzuli eta Urrezko Palma irabazi zuen Lung Boonme raluek chat lanarekin (2010). 2016an zinean egindako lana goitik behera aztertu zen Londoneko Tate Britain ezagunean.

Azken hamarkadan Apichatpong Weerasethakulek biderkatu egin ditu arte aretoetara eta museoetara zuzendutako bideo-instalazioak, erakusketak eta egitasmoak. 2001ean Haunted Houses Project: Thailand lana ekoiztu zuen Istanbuleko biurtekorako; 2006an Faith egin zuen Liverpooleko biurtekorako; eta 2012an Kassel-eko Documenta izenekoan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, eta The Importance of Telepathy instalazioa egin zuen horretarako. Horrez gain, lanak egin ditu Minneapoliseko Walker Art Center izenekorako (Cactus River, 2012), Saitamako hiruurtekorako (Invisibility, 2016), Singapurreko National Gallery-rako (Ablaze, 2016), Tokyoko Mori Art Museorako (Synchronicity, Hisakado Tsuyoshirekin lankidetzan, 2018), edo Madrilgo Elba Benítez Galeriarako (Fiction, 2018) nazioarteko beste museo eta erakunde askoren artean.

Azken urteetan jaso dituen ohorezko aintzatespenen artean, Japoniako Fukuoka Saria (2013), Emirerri Arabiar Batuetako Sharjah Biurteko Saria (2013), Hego Koreako Yanghyun Saria (2014) eta Herbehereetako Kulturaren eta Garapenaren Claus Printzea Saria (2016) daude, besteak beste. 2008an, Frantziako Kultura Ministerioak Arteen eta Letren Zaldun Domina eman zion. Frantziako Ohorezko aipamenaren ondoren, 2017an Komendadorearen Domina jaso zuen.

KOMUNIKABIDEEN AKREDITAZIOA:
ESKARI EPEALDIA URRIAREN 3TIK 31RA, JAIALDIAREN WEBGUNEAREN BITARTEZ: http://zinebi.eus/web/eu/prentsa/akreditazioak