INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK, BERTHA GAZTELUMENDIREN EZ, ESKERRIK ASKO (GLADYSEN LEIHOA) DOKUMENTALA ESTREINATUKO DU BIHAR “BERTOKO BEGIRADAK – MIRADAS DESDE EUSKADI” SEKZIOAREN BARRUAN

• Filma, Gladys del Estal ekintzailea Guardia Zibilak tiroz hil aurreko mobilizazio antinuklearrean, eta 1979an Tuteran deitutako jai ekologista eta aldarrikatzailean jazotako gertaera mingarriaren ondoriozko protestetan murgilduko da. Bihar ikusi ahal izango da Kale Nagusiko BBK aretoan, 20:00etan.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 61ek, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa film luze dokumentala estreinatuko du bihar lehiaketatik kanpoko Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioaren barruan. 40 urte geroago, Tuteran egindako elkarretaratze antinuklear batean Goardia Zibilaren tiro batek hil zuen Gladys del Estalen heriotza gogorarazten du. Dokumentala bihar estreinatuko da, ZINEBI 61en barruan, 20:00etan, Kale Nagusiko BBK Aretoan. Bertha Gaztelumendi zuzendariak, Sabino Ormazabal gidoilariak eta Silvia Mendibil eta Ane Matanzas ekoizleek gaur goizean aurkeztu dute filma Bilbon, Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak lagunduta.

1979ko ekainaren 3an, guardia zibil baten tiroak Gladys del Estal gaztea hil zuen Tuteran. Mugimendu antinuklearrak aldarrikapen festa deituta zuen han Energia Nuklearraren aurkako Nazioarteko Jardunaldiaren barruan, Harrisburgeko (EE.BB.) zentral nuklearrean izandako istripu larriaren ondoren. EiTBren laguntza duen Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalak 60 minutu baino pixka bat gehiagotan kontatzen du nor zen 23 urteko neska hura eta zelan izan ziren gertakariak. Horrez gain, Euskadin eta Europan bere heriotzaren aurretik eta ondoren izandako gertaerak jasotzen ditu.

Gladys del Estal, 1951tik martxan dagoen Bardeetako tiro-poligonoaren aurkako protestetan hil zen, Espainiako Gobernuak Soto de Vergaran (Arguedas eta Tutera artean) zentral nuklear bat eraikitzeko proiektua esku artean zuen garaian. Gainera, Gladys hil baino hilabete batzuk lehenago, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) zentral nuklearrak istripu bat izan zuen, eta horrek zutik jarri zuen Europako mugimendu ekologista. Gladys del Estal Ferreño Donostiako Egia auzoan bizi zen, programatzaile informatikoa zen eta bere lana Kimika ikasketekin uztartzen zuen. Militante ekologista ere bazen, eta, horregatik, ekainaren 3an Tuterara joan zen, Batzorde Antinuklearren deiari erantzunez.

Egun horretan, Guardia Zibila bortizki sartu zen Prado pasealekuan, aurretik baimendutako ekitaldi baketsuaren kontra. Gladys hilda heldu zen ospitalera, buruan emandako tiro baten ondorioz. Tiro egin zuen agenteari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, heriotza eragin zuen ausarkeriazko zuhurtziagabekeria delitu batengatik.

Bertha Gaztelumendi (Irun) Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV), eta Bake Ikasketa eta Gatazken Ebazpen Masterra egin du Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Giza Eskubideen eta Aginte Publikoen Katedran ikertzaile kontratatua da. Lau dokumental idatzi eta zuzendu ditu: euskal gatazkari buruzko Mariposas en el hierro (2012); Nigar franko egingo zuen aitak (2014); oroimen historikoari buruzko Las buenas compañías (2015); eta genero indarkeriari buruzko Volar (2017). Azken hori Emakundek ekoiztu du, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakume talde bati ematen dio ahotsa; Atzerriko Dokumental Onenaren Saria jaso zuen Kopenhageko Urteroko Jaialdian. EITBko berriemaile izan zen Latinoamerikan sei urtez (2003-2010), eta Giza Eskubideen aldeko ARGITUZ elkarteko kide da sortu zenetik.

Azken ekoizpen lanei arreta berezia ematen dien eta lehiaketatik kanpo dagoen ZINEBIko Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioaren barruan 4 film luze dokumental eta 21 film labur aurkeztuko dira 61. edizio honetan.

FITXA TEKNIKOA
EZ, ESKERRIK ASKO. GLADYSEN LEIHOA (No, Thanks. Gladys’ Window)
2019 | 66 min | Dokumentala
Zuzendaritza: Bertha Gaztelumendi
Gidoia: Sabino Ormazabal
Argazkia: Carole Sainsard, Juanfe Garcés, Iñigo Sbeltza, Silvia Mendibil.
Muntaketa: Inge Mendioroz, Raúl López
Soinua: Pablo Bueno, Danel Ciaurriz
Musika: Dani Venegas
Ekoizpena: Silvia Mendibil, Tentazioa Ekoiztetxea

PRENTSA KABINETEA
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.eus