INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 60. EDIZIOAREN PROGRAMAZIOAREN BI HEREN ESTATU MAILAKO ESTREINALDI IZAN ZIREN, GEHIENAK FILM LABURREN ETA LUZEEN NAZIOARTEKO LEHIAKETAREN BARRUAN

Joan den ostiralean ateak itxi zituen jaialdiak aurreko edizioko zifrei eusten die, ia 13.000 pertsonarekin antolatu diren jardueretan –doakoetan eta ordaindutakoetan–, kalitatezko zine independente garaikidearen aldeko apustua berresten duen kopurua.

Bilboko Udalak antolatzen duen jaialdiak orain arteko profesional kopuru onena lortu du aurten, 200 profesional baino gehiago akreditatu baitira, zinegileen, ekoizleen eta beste jaialdi batzuetako programatzaileen artean.

Bideo-laburpena: https://www.youtube.com/watch?v=PmFDy_n6Yd4

 

Joan den ostiralean amaitu zen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – ZINEBIren 60. edizioa. Edizio honetan 150 film baino gehiago eskaini dira, film laburren eta luzeen artean, eta horien artetik ehun inguru –programazioaren bi heren– estatu mailako estreinaldiak izan dira. Horien artean, ZINEBI 60 barruan Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izan zen Mariano Llinas zinegile argentinarraren La flor film luzea dago. Izan ere, hamarkada batez egin den eta ia 14 ordu irauten dituen filma hiru egun jarraitutan eskaini zen, eta oso kritika onak jaso zituen ZINEBI 60n egon den prentsa espezializatuaren aldetik. Azken egunean, aretoa beteta zegoela, solasaldia egin zen zinegilearekin, eta horrek beste bi ordu eraman zituen, lehiaketaren historian orain arte ikusi gabeko gauza.

ZINEBI 60ren programazioaren barruan, Apichatpong Weerasethakulen Blue film laburraren estatuko estreinaldia ere jaso zen, eta baita orain arte jaialdi batean ikusi ez den bere lanaren atzera-begirako bikaina ere, 22 film labur eta ertain eskainiz, eta baita zinegile thailandarrak Guggenheim Bilbao Museoan zuzendu zuen masterclass bat ere. Orain arte ikusi gabea izan zen, baita ere, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian estreinatu zen eta Mariano Llinasek ZINEBI 60rako ad hoc idatzi duen La flor antes de ser la flor performancea. Bera da pieza bitxiaren zuzendaria eta antzezlea, Piel de Lava kolektiboko emakume antzezleekin batera.

Bere 60. edizioko Ohorezko Mikeldia Mariano Llinas eta Apichatpong Weerasethakul zinegileei emanez, ZINEBI 60k, munduaren alde batetik bestera egiten den kalitatezko zine independentearen aldeko apustu irmoa egin du. Edizio honetan jaialdia nazioarteko erreferente gisa berretsi da, nazioarteko bi lehiaketetan izan duen estreinaldi kopurua dela eta. Horrela, Sekzio Ofizialeko 52 film laburretatik, 45 lehen aldiz ikusi ahal izan ziren Estatuan. Film luzearen atalean, opera primei eskainitako Zinebi First Film sailean, bederatzi ekoizpen lan eskaini ziren, guztiak ere estreinaldiak estatuan.

Beste alde batetik, lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama sekzioan programatu ziren bederatzi filmetatik, lau jaialdian estreinatu ziren estatu mailan. Hauek izan ziren: Werner Herzogen eta André Singerren Meeting Gorbachev (Frantzia, 2018. 92 min.); Frederick Wiseman zinegile estatubatuar handiaren Monrovia, Indiana (EEBB, 2018. 143 min.); Rithy Pahn Kanbodiako zinegilearen Graves Without A Name (Frantzia – Kanbodia, 2018. 115 min.); eta Nebojša Slijepčević-en Srbenka (Kroazia, 2018. 72 min.).

Ohikoa denez, ikus-entzule gehien izan zituzten emanaldiak euskal zinearenak izan ziren, Azkuna Zentroko auditorioan eskaini zen nazioarteko lehiaketaren barrukoak, eta baita Kale Nagusiko BBK Aretoan eskaini ziren lehiaketatik kanpoko Bertoko Begiradak- Miradas desde Euskadi sekziokoak ere. Azken ziklo horrek bi film labur saio izan zituen lehen aldiz, eta baita Itxaso Díaz, Blanca Oria, Iñigo Cobo, Txuspo Poyo eta Paula Iglesias zinegileek, besteak beste, egindako film laburren hainbat estreinaldi ere. BBK Aretoan estreinatu zen estatuan, baita ere, Paco Leiro eskulturagile espainiar handiaren figurari eta lanari eskainitako film labur dokumentala, Aser Álvarez zinegile galiziar gazteak egindakoa.

Halaber, ZINEBI MEETINGS sekzioaren barruan, zinegileak, profesionalak, kazetari espezializatuak eta ikus-entzuleak gogoetarako gune berri horretan elkartu dituzten zenbait topaketa programatu dira, horien artean Ghasideh Golmakani zinegilea komisario izan den Focus Iranian Women Filmmakers. The Present is Female! Atal horretan, Irango emakume zinegileek egindako hogei film labur inguru proiektatu ziren, berdintasuna errealitate izatetik oso urrun dagoen herrialde batean, Iranen, emakumeek egiten duten zinea ikusgai bilakatzeko helburuz. Topaketa horien barruan azpimarragarriak dira, baita ere, Jodie Mack animatzaile esperimentalak ingelesez eskainiko duen masterclass-a eta profesionalekin egingo den “Zineman ere, emakumeak prest!/ Cine y Mujer: ¡el presente es nuestro!” topaketa.

SEKTOREA DINAMIZATU
ZINEBI 60ren edizio honen beste ezaugarri bat bere historiako profesional gehien bildu dituela izan da, 220 pertsona baino gehiago akreditatu baitira, zinegileen, ekoizleen eta nazioartean erreferentziazkoak diren beste jaialdi batzuetako programatzaileen artean. Horrez gain, Bartzelonako Unibertsitate Autonomotik, Donostiako Elías Querejeta zine eskolatik edo EHU/UPVtik etorritako ikasleen topaketa gune ere bilakatu da. Horrez gain, bere 60. edizio honetan, ikus-entzule gehiagorengana heltzeko sinergiak bultzatzea erabaki du, eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin izandako lankidetzari berrekitea, Euskadiko bideo-sorkuntzari eskainita Guadalupe Echevarría euskal eta nazioarteko aditua komisario izan duen El arte del tiempo erakusketaren bitartez.

Berrikuntza gisa, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk eta Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE-APV), Euskal Telebistaren (ETB), eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (BEAZ) laguntzarekin, ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea izeneko lehenengo zine dokumental foro profesionala deitu zuen, bertako talentua bultzatu eta Euskadiko ekoizpen dokumentalari lagundu gura dion ekimena. Horrez gain, jarraipena izan nahi du, gogoetarako gune eta sortzaileen, eremu guztietako profesionalen eta enpresen arteko topaleku gisa. ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea ekimenaren lehenengo deialdi horretara 25 proiektu aurkeztu ziren, eta 8 aukeratu ziren foroan parte hartzeko.

Adituz osatutako batzorde batek eman dizkie aholkuak aukeratutako proiektuei, eta Juan Palaciosen (Doxa Producciones) “Meseta” proiektuari 10.000 euroko laguntza ematea erabaki du. Horrez gain, aholkularitza profesionala ere jasoko du, bere ikus-entzunezko proiektua baldintza egokietan gauzatzeko. Dokumental gisa datorren urtean errealitate bilakatuko den “Meseta” lanak, denboran desagertuz doazela diruditen kultura eta bizitzeko estiloa dituen lurraldetik bidaia sentsoriala proposatzen du.

Aholkularitza batzordea hauek osatzen dute: Virginia García del Pino zuzendari eta irakasleak; Aintzane Pérez del Palomar ETBko antena eskubide eta koprodukzio arduradunak; Alejandra Trelles zine programatzaile uruguaidarrak; Acadèmia Catalana de Cinemako ohorezko kide den Anna Solák; Arri Granados K2000ko eduki zuzendariak; Beli Martínez Vigoko Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazio doktore eta Dokumentalaren Teoria eta Teknika irakasleak; Maui Alena Buenos Aireseko Bienal de Arte Joven izenekoaren ikus-entzunezko koordinatzaileak; eta Mercedes Álvarez zinegile eta UPFko Sorkuntzako Dokumental Masterreko irakasleak.

Euskal ikus-entzunezko sektorearen dinamizatzaile gisa egiten duen lanaren barruan, ZINEBI 60, Begoña Vicariok koordinatutako EHU/UPVko Hauazkena animazio taldeak egindako Ilargian (2018) izeneko animaziozko lan laburraren ekoizpenean ere aritu da. José Antonio Sistiaga artistaren galdutako De la luna a Euskadi (1968) film labur hartatik artistaren oroimenean geratzen dena berrinterpretatzen duen lana da. Sistiagak, Bilboko zortzi zinegilerekin batera (José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Pedro Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río) Jaialdiaren omenaldia jaso zuen, lehen aldiz ospatu den eta ikus-entzuleen aldetik oso harrera ona jaso duen Euskal Zinearen Egunean. Horrez gain, jardunaldi horretan, Manuel Sorto eta Camilo Sorto-Cazaux zinegileek zuzendutako Sistiaga, une histoire basque film laburra estreinatu zen.

Guztira, ZINEBI 60ko programazioak eta jarduerek 12.924 pertsona elkartu dituzte antolatu diren proiekzioetan eta jardueretan, aurreko ediziokoa baino kopuru zertxobait altuagoa, Pre-Zinebi izenez ezagutzen zen aurretiazko programazioa kendu den arren. Horrek indartu egiten du jaialdiak kalitatezko zine independente garaikidearen alde egin duen apustua.

IKUS-ENTZULE BERRIAK SORTZEN
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – ZINEBIren programazioaren nortasun zeinuak film laburrak (fikziozkoak, dokumentalak eta animaziozkoak) eta film luze dokumentalak dira. ZINEBIk, hirian eta Bizkaia osoan egiten den ikus-entzunezko industriaren alde Bilboko Udalak egiten duen apustu garrantzitsuena irudikatzen du. Hori dela eta, doako hainbat jarduera gero eta garrantzi gehiago joan dira hartzen bere programazioan, umeen –edizio honetan Charles Chaplinen zine mutuaren bitartez, ZinebiTxikin–, gazteen eta unibertsitate fakultateetako eta hiriko eta inguruko beste ikastetxe publiko eta pribatu batzuetako ikasleen begirada hezteko eta ikus-entzunezko prestakuntza indartzeko.

ZINEBIren lana ikus-entzule berriak indartzea, kulturarako sarbidea bideratzea –bere forma eta adierazpen guztietan– eta Euskadiko ikus-entzunezko sektorearen dinamizazioari laguntzea da. Helburua egungo eta etorkizuneko ikus-entzuleen begirada heztea da, nazioarteko erreferentziazko A klaseko jaialdi gisa, mundu osoan egiten den zinearekin eta zine garakidearekin konprometituta dagoela ahaztu barik. Horrela, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, etengabeko jarduera du urte osoan, zenbait proposamenekin eta EAEko eta kanpoko beste kultur erakunde batzuekin lankidetzan arituz, Espainiako Filmotekaren egungo programazioarekin eta mundu osoko jaialdiekin, Portoko (Portugal) Nazioarteko Porto/Post/Doc Jaialdiarekin, adibidez. Bertan Gutun Zuri bat aurkeztuko du datorren astean.

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 60. Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
irmacerro@grupombn.com