INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Epaimahaia

Sail Ofiziala- Nazioarteko Lehiaketako Epaimahaia

Anette Dujisin

Zine-industriako profesionala da, eta Italia eta Portugal artean lan egiten du. Veneziako Nazioarteko Jaialdian programatzaile dihardu, opera prima film luzeetan zentratzen den Settimana della Critica saioan. Gainera, zine independenteari eskainitako VOD FILMIN plataformaren sail portugaldarraren gerentea da. Festa do Cinema Italiano jaialdiko programatzaile ere aritzen da Portugalen, Brasilen, Angolan eta Mozambiken. Aurretik, HBO Europe Award – Last Stop Trieste jaialdiaren koordinatzaile izan zen, «When East Meets West» izeneko koprodukzio-forumaren barnean, eta Veneziako Jaialdiko Industria Sailarentzat ere lan egin zuen.


Eugenia Mumenthaler

Antropologian eta Kultura arloko Kudeaketa eta Politiketan lizentziatua da. Ginebrako Etnografia Museoko kontserbazio-laguntzaile gisa lan egin zuen (Suitza), eta 2008. urtean Alina Film sortu zuen David Epiney-rekin. Ordutik, hainbat film produzitu dituzte, besteak beste, honako hauek: «Abrir puertas y ventanas», Milagros Mumenthaler-ena (Urrezko Lehoinabarra, Emakume aktore onena eta FIPRESCI saria Locarnoko Zinema Jaialdian; Urrezko Ástor Saria Mar del Platako Jaialdian); «La clé de la chambre à lessive», Floriane Devigne eta Fred Florey-rena (SRG SSR Sari Nagusia, Visions du Réel jaialdian); «Los que desean», Elena López Rierarena (Urrezko Lehoinabarra, Locarnoko Zinema Jaialdian); «El año del descubrimiento», Luis López Carrascorena (Sari Nagusia Cinéma du Réel jaialdian). Andreas Fontanaren «Azor» eta Sylvain George-ren «Nuit obscure» lanak postprodukzio fasean murgilduta daude egun, eta López Rieraren «El agua» aurreprodukzio fasean.


Izibene Oñederra

Arte Ederretan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko  irakaslea da (UPV/EHU), baita artisau-animaziozko filmen ekoizle eta zuzendaria ere: Lursaguak. Escenas de vida (2019), Hotzanak. For Your Own Safety (2013) y Hezurbeltzak, una fosa común (2007). Animazio proiektu kolektiboetan ere parte hartu du, besteak beste, honako hauetan: «Kutxa Beltza» (Isabel Herguerarekin), «Areka» (2017, Euskal Zinearen Sari Nagusia – ZINEBI 59), «Beti Bezperako Koplak» (2016) edo «Berbaoc» (2008). Munduko animazio jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu dute Izibeneren filmek: Annecy, AnimaFest, etab. Gainera, MAPA kolektiboan ikus-entzunezkoen programatzaile ere izan da.


Daniel Ribas

Zine arloko ikertzaile, programatzaile eta idazlea da. Portugaleko Unibertsitate Katolikoko Arte Eskolako irakasle elkartua da Ribas, eta Zine Departamendua koordinatzen du. Vila do Condeko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko programatzailea da (Portugal) eta Porto/Post/Doc: Film & Media Jaialdiko Zuzendaritza Artistikoko kidea izan zen. Ikasketa kulturaletan doktorea da eta zine portugaldarrari zein zine garaikideari buruzko hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu. Gainera, Portugaleko Público egunkarian kolaboratzaile aritu ohi da. «Reframing Portuguese Cinema in the 21st Century» da bere azken liburua, Paulo Cunharekin argitaratu duena (2020).


Txani Rodriguez

Kazetaria, gidoigilea eta idazlea da. Nobela hauek idatzi ditu: «Lo que será de nosotros» (2008), «Agosto» (2013), «Si quieres, puedes quedarte aquí» (2016) eta «Los últimos románticos» (2020). «El corazón de los aviones» (2006) kontakizun liburua idatzi du, baita zenbait komiki ere, hala nola «La carrera del sol» (2008), hainbat hizkuntzatara itzuli dena. Radio Euskadiko «Pompas de papel» irratsaioko kide da, eta El Correo egunkariaren «Territorios» gehigarri kulturalean kolaboratzen du. Idazketa sortzailea irakasten du Escola d’Escriptura de l’Ateneu Barcelonès ikastegian eta ALEA Elkarte Literarioan.

 

Sail Ofiziala – ZIFF. Zinebi First Film saileko Epaimahaia

Carolina Cappa

Filmen zainketan espezializatutako ikus-entzunezko artxibozaina eta ikus-entzunezko baliabideetako irakaslea da. «Nitrato argentino, una historia del cine de los primeros tiempos» lana argitaratu du Pablo Ducrós Hicken Zinearen Museoan (Buenos Aires) dauden nitratozko filmei buruz, bertan aritu baitzen artxibozain lanetan eta film-artxiboaren koordinatzaile tekniko lanetan. Boliviako Zinematekako film-artxiboko arduraduna ere izan zen La Pazen, eta bertan sortu zuen Kinetoscopio Monstruo taldea. Zaharberritze proiektuetan parte hartu du, baita Buenos Aireseko Unibertsitatean lan egin ere. «Investigación del Diseño de Imagen y Sonido» (IDIS) proiektuan kolaboratzaile aritzen da eta «Pequeños Archivos Audiovisuales» tailerra ematen du 2018. urtetik. Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) irakasle eta tutorea da.


Charlotte Serrand

Zinemagilea eta La Roche-sur-Yon Nazioarteko Zinemaldiko zuzendari artistikoa da (Frantzia) 2020. urtetik, eta aurretik ere zortzi urte eman ditu programazio lanetan. Halaber, Canneseko Zuzendarien Hamabostaldiko programazioaren aholkularia da 2018etik. Reims-en jaioa, Letrak ikasi zituen eta zine arloko masterra lortu zuen Nicole Brenez-en zuzendaritzapean. Albert Serra zinemagilearen ohiko kolaboratzailea da, eta «1048 Moons» (2017) filma zuzendu, idatzi eta ekoitzi du.


Diana Toucedo

Bartzelonan bizi da zinemagile eta muntatzaile hau; Catalunyako Zine eta Ikus-entzunezkoen Goi-mailako Eskolan (ESCAC) eta Pompeu Fabra Unibertsitatean ikasi zuen. Hogei film luze, film labur eta bestelako ikus-entzunezko pieza baino gehiago argitaratu ditu, horien artean honako hauek nabarmendu daitezkeelarik: «La noche que no acaba» (Isaki Lacuesta, 2010) eta «Júlia Ist» (Elena Martín, 2017) film luzeak; «Los desheredados» film laburra (Laura Ferrés, 2017), Goya sariduna; «Ronco rumor remoto» (Jorge López Navarrete, 2018); «In a Whisper» dokumentala (Patricia Pérez Fernández & Heidi Hassan, 2019), IDFA sariduna; edo «Hierro» fikziozko telesaila (Jorge Coira, 2019) Movistar eta Arte France telebista kanaletarako. Zenbait film labur zuzendu ondoren, 2018ko Berlinalen estreinatu zuen lehen film luzea, «Trinta Lumes». Gaur egun bigarrena zuzentzen ari da, «Puerto Deseado», Galizia eta Argentina artean errodatuko dena. Gainera, irakaslea da UPF, ALISAVA eta ESCAC ikastegietan, azken horretan Dokumental/Ez-fikzioa departamentuko burua delarik.

 

SGAE Fundazioa – Euskadiko Batzordearen Epaimahaia

Iratxe Fresneda

Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea, zinemagilea eta UPV/EHUko irakaslea da 2004. urtetik. Estatu Batuetako, Suediako eta Frantziako zenbait unibertsitatetan irakasle gonbidatua izan da, eta EITB taldean aritu izan da saioetako zuzendari, gidoigile eta aurkezle lanetan. Duela hamabost urte baino gehiagotik kulturari buruzko zutabe bat idazten du Gara egunkarian. 2014. urtean, Pimpi & Nella sortu zuen Saioa Etxebarria ikus-entzunezko artistarekin batera. Filmografian honako lan hauek nabarmendu daitezke: «Irrintziaren Oihartzunak» (2016) eta «Lurralde Hotzak» (2018). Gaur egun hainbat proiektutan murgilduta dago: «Second Sex Collage» (2020), «Tetuán» (2021) eta «Bide guztiak irekiak daude» (2022-2023).


David Pérez Sañudo

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen, baita Zuzendaritza Zinematografikoko masterra egin ere ESCAC ikastegian; eta gaur egun doktoretza bukatzen ari da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Zenbait film labur zuzendu ditu, hainbat jaialditan sariak lortzeko aukera eman diotenak: ZINEBI, Clermont-Ferrand, Sitges, Malaga, Brusela, Brest, Gijón, Cardiff eta Bordele; eta Europako Film Labur Fantastiko Onenaren Zilarrezko Méliès saria jasotzeko izendatu dute behin baino gehiagotan. Haren lanak hainbat katalogotan barne hartu dira: Kimuak, Laboral Cinemateca edo Cortoespaña. Lehenengo film luzea, «Ane», 2020ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen. Euskal Herriko Zinema Eskolako Zuzendaritza tutorea da.


Yurre Ugarte

Fikziozko telesailen gidoigilea, editorea eta sortzailea da, eta ETB, Tele 5, TV3 eta Telemadrid kanaletarako ekoizpenetan lan egin du. Film laburren zuzendaria da, eta kontakizun-liburuak, antzezlanak, komikiak eta haur zein gazte literaturako lanak argitaratu ditu gaztelaniaz zein euskaraz. 2019an «Joana Maiz» nobela grafikoaren gidoia sinatu zuen.