Jaialdiaren historia

ZINEBI
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia

Estatuan, 1974. urtetik FIAPF federazioak (film-ekoizleen elkarteen nazioarteko federazioak) film laburren eta dokumentalen kategorian aitortu duen A mailako nazioarteko jaialdi bakarra da ZINEBI; gainera, Hollywood-eko akademiak Oscar sarietako kalifikatzaile gisa aitortu du, eta berdin gertatu da britainiar zinearen BAFTA sariei eta espainiar zinearen Goya sariei dagokienean ere.

Urterik urte, estilo guztietako lanak biltzen ditu ZINEBIk bere egitarauan; ikus-entzunezko sormen-formatu berritzaile eta iradokitzaileenak, zein mundu osoko zine garaikidean sortzen ari diren zuzendarien lanak. Horretarako, zinearen alderdi berriak esploratzearen aldeko apustua egiten du edizioz edizio, esperimentazio formalari zein zine-ekoizpen berrien hibridotasun eta diziplina artekotasunari lekua eginez; betiere, zinemagileek egungo errealitate konplexuen gaineko ikerketa etiko zein estetikoa aurkez dezaten sustatuz.

ZINEBIren egitarauaren line-upa (dokumentala, animazioa eta fikzioa) da jaialdiaren identitate-zeinu nagusia; izan ere, horrek egiten du bereizgarri, lehiatzen diren nazioarteko filmen bilduma erabat zaindua eta zehatza baita. Zine libre eta konprometituak osatzen du jaialdia; egungo adierazpen artistikoaren konplexutasun kulturalean murgilduta, publikoari nobedadeak eskaintzen dizkio eta pentsamendu kritikoa eraikitzen laguntzen du.

Kanpo Gaien Ministerioaren menpe zegoenKultura Hispanikoaren Euskal Institutuak 1959. urtean sortua, Bilboko Zinema Dokumental Iberoamerikar eta Filipinarraren Nazioarteko Jaialdia (hori zen hasierako izena) Donostiako Zinemaldiaren senide txiki gisa abiatu zen, hura sortu eta sei urtera. Hala, Donostiako eta Valladolideko zine-jaialdien ondoren, Espainiako hirugarren zaharrena da ZINEBI, espezialitate honetan lehenengoa. 1972 eta 1981. urte bitartean, Espainiako film laburrei buruzko eztabaida-gune bilakatu zen; eta, askotariko zinematografia zabaltzeko gunea izaki, zine latinoamerikarra jorratu zen bereziki. 1974. urtean, FIAPF federazioak (film-ekoizleen elkarteen nazioarteko federazioak) nazioarteko lehiaketen artean kategoriarik handieneko jaialdi gisa aitortu zuen ZINEBI, eta 1975 eta 1980. urte bitartean, euskal zinea izenaz ezagutzen duguna abiatzeko eztabaida-gune aproposa izan zen.

1981. urtetik aurrera Bilboko Udalak hartu zuen jaialdiaren gidaritza, eta 2000. urtean, ZINEBI marka sortu berriaren izenpean, garai berri bati ekin zion jaialdiak. Orduan hasi zen, pixkanaka-pixkanaka, nazioartean espezialitate honetako jaialdi garrantzitsu gisa finkatzen; eta, horri esker, zinemagile euskaldun zein espainiar berrientzat jauzi-plataforma gisa balio izan du, baita bost kontinenteetako zine independente eta kalitatezkoa nazioartean sustatzeko balio ere (oinarrizko helburuetako bat beteta). Horrela, ezaugarri estilistiko estereotipatuak errepikatzen ez dituzten film berritzaileei eta lan libre eta bitxiei lekua eginez, ZINEBIk aukera izaten du urtez urte esperimentazio formalari eusteko, ikus-entzunezko ekoizpen berrien hibridotasun eta diziplina artekotasuna sustatzeko, sortzen ari diren zinemagileak babesteko eta egungo errealitate konplexuen gaineko ikerketa etiko zein estetikoa bultzatzeko.

Jaialdiaren historian zehar, mundu mailako zine independentean diharduten zuzendari eta profesional prestigiotsuenetako batzuk igaro dira ZINEBItik. Bilbon saria jaso duten nazioarteko zinemagileen artean, azpimarratzekoak dira Jacques Demy, Richard Lester, Pierre Pérrault, Claude Lelouch, Gian Vittorio Baldi, Carol Dalard, Fernando Birri, Estela Bravo, Santiago Álvarez, Valeria Sarmiento, Robert L. Drew, Maia Bousinova, Felipe Cazals, Mónica Maurer, Peter Watkins, Peter Mullan, Lourdes Portillo, Avi Mograbi edo Làzslo Nemes. Zentzu horretan, baiezta dezakegu zine garaikidean nagusi diren joeren saiakuntza-bankua izan dela jaialdia; hala, kritika, eztabaida eta espezializazioan gehien arriskatu duten zinemagileentzako plataforma ere izan da.

Espainiako zinea osatzen duten artistei dagokienean ere, nabarmentzekoa da zenbait belaunalditako zuzendariak azaleratu direla Bilboko Jaialdian: Carlos Saura, Basilio M. Patino, Pío Caro Baroja, José Val del Omar, Javier Aguirre, Jaime Chávarri, Francesc Betriu, Nadia Werba, Imanol Uribe, Montxo Armendáriz, Pedro Almodóvar, Julio Medem, Fernando León de Aranoa, Juanma Bajo Ulloa, Javier Rebollo, Santiago Segura, Begoña Vicario, Jon Garaño, José María Goenaga, Virginia García del Pino, Neus Ballús, Koldo Almandoz, Isabel Herguera, Asier Altuna, Izibene Oñederra edo Natalia Marín.

Gonbidatuak, nazioarteko epaimahaikideak edo Ohorezko Mikeldia -urteko sari nagusia- jaso dutenak ere askotarikoak izan dira, besteak beste, honakoak nabarmendu daitezkeelarik: Roman Polanski, Peter Greenaway, Ennio Morricone, Jean Rouch, Dino Risi, Luis G. Berlanga, Hanna Schygulla, Anna Karina, Jane Birkin, Arturo Ripstein, Elías Querejeta, Richard Lester, Pavel Paulikowski, Márta Mészáros, Jeanne Moreau, Vannessa Redgrave, Emir Kusturica, Liliana Cavani, Carlos Saura, Manuel Gutiérrez Aragón, Jean-Claude Carrière, Patrice Chéreau, Cecilia Roth, Hirokazu Kore-Eda, Juan Ruiz Anchía, Aki Kaurismäki, Marco Bellocchio, Mariano Llinás eta Apichatpong Weerasethakul.

Gaur egun, Jaialdiaren egitarauaren baitan bi lehiaketa-atal barnebiltzen dira: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa (animazioa, fikzioa eta dokumentala), eta ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) film luzeen arloko opera primen Nazioarteko Lehiaketa.

Gainera, lehiatik kanpo ere, zenbait sail aurkezten ditu jaialdiak aldi berean: BEAUTIFUL DOCS – Dokumentalgile ezagunek zuzendutako nazioarteko film luze dokumentalen panorama, eta Bertoko Begiradak-Miradas desde Euskadi, euskal film luze dokumentalei eskainitako atala. Azpimarratzekoa da, baita, haurrei eskainitako ZINEBITXIKI programazioa, edota zinemagile edo gai zehatzen inguruan eskaintzen diren fokuak, atzera begirakoak edo proiekzio bereziak.

Bestalde, ZINEBI martxan dagoen bitartean, eta ZINEBI-Meetings izenpean, jaialdiak zuzendariekin topaketak, mahai-inguruak, tailerrak eta masterclass saioak antolatzen ditu, baita performance-ak eta zuzeneko musikaz girotutako jaiak ere.

2018. urtetik, jaialdiaren 60. urteurrenaz geroztik, ZINEBI-Networking izeneko topaketa profesionalak antolatzen ditu ZINEBIk, Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV), Euskal Telebistarekin (ETB), Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin (BEAZ), Bilbao Ekintzarekin eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin lankidetzan. Dokumentalen Sorguneak (Bilboko zine dokumentalaren foro profesionalak) tokiko talentua eta Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpena sustatzea du helburu, film luze dokumentalen proiektuak garatzeko babes ekonomikoa eskainiz.

Sortu zenetik, ZINEBIk zuzendari hauek izan ditu: Pedro de Ybarra (1959-1968), José Ignacio Uruñuela (1968-1970), Felipe Alfonso Araico y Adolfo Lafarga (1970-1972), Roberto Negro (1972-1981), Manu Pagola (1981-1985), el Comité de Dirección formado por José Julián Bakedano, Ernesto del Río, José Antonio Mingolarra y Santos Zunzunegui (1985-1987), Iñaki Acarregui (1987-1988), Luis Iturri (1988-1998) eta Ernesto del Río (1999-2017). 2018. urtetik, ordea, emakume bat du zuzendari lehendabizikoz, Vanesa Fernández Guerra.   

Egun, hirurogei urte igaro direnean, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (ZINEBI) Oscar, BAFTA eta Goya sarietarako nazioarteko jaialdi kalifikatzaileetako bat da. Era beran, bertoko panoramari begira, Bilboko zein Euskadiko ikus-entzunezko sektorean udal-ekintzaren eramaile nagusia ere bada; izan ere, enpresa eta profesionalak ekonomiaren oinarrizko osagai izateko egoera ezin hobean daude egun, Bilbo industria-gune izatetik zerbitzu aurreratuen hiri izatera bitarte egiten ari den trantsizio honetan.

Gaur egun, Jaialdiak honako babes eta finantzazio instituzionalak dauzka: Bilboko Udala, Arriaga Antzokia Kultur Ekintzetarako Zentroaren bitartez; Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila; Kultura Ministerioa, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bitartez (ICAA); Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK). Horretaz gain, erakunde publiko eta pribatuek ere babesten dute ZINEBI: Euskal Telebista (ETB), Azkuna Zentroa, Golem-Alhóndiga Zinemak, Arte Ederren Museoa, Guggenheim Museoa, BBK Aretoa, Campos Elíseos Antzokia, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Institutu Frantsesa, SGAE Fundazioa – Euskadiko kontseilua, eta FAS Zinekluba, besteak beste.