INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

MUNDU OSOKO ZINEMAGILEEN LEHENENGOAK DIREN BEDERATZI FILM LUZE LEHIATUKO DIRA BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIKO – ZINEBI 61EKO ZINEBI FIRST FILM SEKZIOAN

• Gaur goizean, Eloisa Solaas zuzendaria bertan zegoela, sekzio horretan lehiatzen den Las Facultades (Argentina 2019) film dokumentala aurkeztu da Bilbon. Proiekzioa gaur 22:00etan eta bihar 20:00etan izango da Golem-Alhondiga zine aretoetako 5. aretoan.

• ZINEBI FIRST FILM Saria emango duen nazioarteko epaimahaia Rugilé Barzdziukaité diziplina anitzeko artista lituaniarrak, Chiara Marañón programatzaile eta komisarioak eta Adrian Martin ikus-entzunezko saiakeragile australiarrak osatuko dute.

Bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketaren laugarren edizioan bederatzi film lehiatuko dira fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria emango duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Buenos Airesetik (BAFICI, Argentina), Berlinetik (BERLINALE, Alemania), Locarnotik (Suitza), Veneziatik (Italia), Torontotik (TIFF, Kanada) edo Visions du Réel-etik (Nyon, Suitza), besteak beste, eta guztiak ere ZINEBI 61en izango dute Estatuko premierea.

Gaur goizean aurkeztu da Bilbon aukeratutako filmetako bat, Las Facultades dokumentala, Eloisa Solaas zuzendari argentinarra eta Vanesa Fernandez Guerra ZINEBIko zuzendaria bertan zirela. Buenos Airesko Nazioarteko Zine Independentearen Jaialdian (BAFICI) Zuzendaritza Onenaren Saria lortu eta Austriako VIENNALE jaialdi ospetsutik igaro ondoren, Bilboko ikus-entzuleek filma ikusteko aukera izango dute gaur gaueko 22:00etan, eta bihar 20:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetako 5. aretoan.

Las facultades filmak, Frederick Wisemanen zinearen oinordeko bikainak, azken azterketak egiteko prestatzen ari diren hainbat karreretako ikasleengan jartzen du arreta. Bakoitzak bere baliabideak erabiltzen ditu ahozko azalpenaren egoera larriari aurre egiteko, hori baita Argentinako unibertsitateetan ebaluaziorako erabiltzen den jardunbide ohikoena. Horrela, BAFICIko programatzaile ohi eta gidoilari eta errealizadore hasiberriak, azterketa garaiko unibertsitateko dinamikaren erretratu zorrotza egiten du. Eloisa Solaasen kamera finkoa fakultate anitzenetara doa, Arkitektura, Zuzenbidea, Fisika, Filosofia, Soziologia edo Agronomia fakultateetara, alegia, unibertsitateko bizitzako unerik muturrekoenean eta erabakigarrienean ikasgelatako eta korridoreetako intimitatea kontatzeko. Ikasleengan fokalizatuta dagoen eta zuzenean ikasketekin erlazionatuta dagoena gainditzen eta ikasteko moduetan eta ezagutzaren legitimazioan sakontzen duen erretratu soziala da. Bitxikeria gisa, Filosofia fakultateko ikasleetako bat Maria Alché zuzendari eta aktorea da, Noelía film laburrari esker 2012an ZINEBIn Fikzio Onenaren Zilarrezko Mikeldia irabazi zuena.

ZIFFeko aukeraketan beste izenburu batzuk ere nabarmentzen dira: Veneziako Nazioarteko Zinemaldian Orizzonti sekzioko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu duen eta Filipinetako Zine Akademiak, Hollywoodeko Oscar sarietan ingelesez ez dagoen film onenaren saria irabazteko hautagai aukeratu duen Raymund Ribay Gutiérrezen Verdict fikzioa, besteak beste. Aipamen berezia merezi du IndieLisboa Nazioarteko Zine Jaialdian mundu mailako estreinaldia izan zuen eta bertan Film Luze Onenaren Lisboa Hiria Sari Nagusia lortu zuen Silvia Navarroren eta Martín Moralesen De los nombres de las cabras/On the Names of the Goats (Espainia, 2018. 63 min.).

Lehiaketa barruko sekzio horretan, Kopenhageko Nazioarteko CPH:DOX Zinemaldian DOX:AWARD Sari Nagusia lortu zuen Ridge, Nazioarteko Karlovy Vary Zinemaldiko (Txekiar Errepublika) Epaimahaiaren Aipamen Berezia izan zuen Aga´s House, eta Locarnoko Nazioarteko Zinemaldiko Moving Ahead sekzioko Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso duen eta Toronto Nazioarteko Zinemaldiko (TIFF, Kanada) Wavelengths sekzioan parte hartu duen Jessica Sarah Rinland zinegilearen Those That, at a Distance, Resemble Another dokumentala eman ditu joan den asteburuan ZINEBI 61ek

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakitzeko ardura duen nazioarteko epaimahaia, Acid Forest filmarekin ZINEBI 60an ZIFF Sari Nagusia irabazi zuen eta aurten, Sun and Sea instalazioarekin bere herrialdea Veneziako Arteen Biurtekoan ordezkatu duen eta nazio mailako pabiloi onenaren Urrezko Lehoia irabazi duen Rugilé Barzdziukaité zinegile, antzerki-zuzendari eta diziplina anitzeko artista lituaniarrak; Chiara Marañón programatzaile eta komisarioak eta Adrian Martin arte kritikari eta ikus-entzunezko saiakeragile australiar ospetsuak osatuko dute.

FITXA TEKNIKOA: “LAS FACULTADES” (DOK – Argentina, 2019, 77 min)
Zuzendaritza: Eloísa Solaas
Jatorrizko hizkuntza: Gaztelania
Argazkigintza: Esteban Clausse
Edizioa: Pablo Mazzolo, Eloísa Solaas
Soinua: Nahuel Palenque
Musika: Leandro Arrarás
Ekoizpena: Maravillacine