INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Ohorezko Mikeldia – Jean-Pierre eta Luc Dardenne

JEAN-PIERRE & LUC DARDENNE

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak edizio honetako lehenengo Ohorezko Mikeldia Jean Pierre eta Luc Dardenne zinemagile belgikarrei ematea erabaki du, zine sozial europarraren ahotsik ezagun eta sendoenak direlakoan. ZINEBIk, horrela, aitortza egin nahi dio zinearen historia berrian izan den filmografia zorrotz eta koherenteetako bati, zeina dokumental generotik abiatu baitzen.

Jean-Pierre Dardenne-ek (Engis, 1951) Arte Dramatiko ikasketak egin zituen IAD ikastegian (Institut des Arts de Difussion), eta Luc anaia txikiak (Awirs, 1954) Filosofia ikasi zuen Lovainako Unibertsitate Katolikoan. Bideo dokumentalean hasi ziren biak garai haietan, Armand Gatti zuzendari, idazle, poeta eta dramaturgo frantsesaren eskutik. Beren film dokumental propioak sortzeko nahikoa diru lortze aldera, zentral nuklear batean lanean hasi ziren, eta, diru-sarrera horiei esker, Valoniako Seraing udalerrian Dérives ekoiztetxea martxan jarri zuten (1975); hari esker lortu zuten berrogeita hamar dokumental baino gehiago finantzatzea. Besteak beste, Dardenne anaiek film labur eta luze dokumentalez osatutako sorta bat grabatu zuten Belgikaren iragan hurbilari eta Lieja langile-eskualde valoniarrari buruz (bertan jaio ziren biak).

Beren errealitaterik hurbilena berehala bilakatu zen lehen lan dokumentalen xede -horietako batzuk ikusi ahal izango dira ZINEBIn-. Hala, 1977. urtean, «Le chant du rossignol» ( Urretxindorraren kantua) izeneko proiektuan nahastu ziren, zeinetan Bigarren Mundu Gerraren garaian bizi izandako borroka gogora ekartzen baitute Erresistentzian militatu zuten Lieja eskualdeko zazpi pertsonak; 1979. urtean, Léon Masy grabatu zuten «Lorsque le bateau de Léon M. descendit la Meuse pour la première fois» lanean (Léon M.-ren itsasontziak Mosa ibaia lehendabizikoz jaitsi zuenekoa), Lèonek berak Seraing-en zuen garajean eraikitako itsasontzi batean, eta 1960. urteko greba orokorraren paisaia berriro bisitatu zuten; 1980. urtean, Seraing-eko fabrika batean argitaratzen zen aldizkari klandestino batera hurbildu ziren «Pour que la guerre s’achève les murs devaient s’écrouler» lanean (Gerra bukatzeko, harresiak suntsitu beharko lirateke); 1981. urtean, irrati libreetan zentratu zuten begirada «R… ne répond plus» filmarekin (R… Ja ez du erantzuten); «Leçons d’une université volante» lanean (Unibertsaltasunaren lezioak airean) Belgikako erbesteratu poloniarren testigantzak filmatu zituzten Poloniako Gerra-legea aplikatu zen garaian; eta 1983. urtean, «Regarde Jonathan. Jean Louvet, son oeuvre» lanarekin Jean Louvet dramaturgoari eman zioten protagonismoa, La Louvière antzerki proletarioaren fundatzaileari.

Genero dokumentalean ibilbide luzea egin ondoren, Dardenne anaiak fikzioa lantzen hasi ziren «Falsch» lanarekin (1986). Baina, ez zuten nazioartean ospea lortu harik eta «La promesse» arrakastatsua kaleratu zuten arte (1996); Canneseko sail ofizialean lehiatzea lortu zuten lan harekin 1999. urtean, baita «Rosetta» lanarekin lehendabiziko Urrezko Palma irabazi ere (1999). Zinemagile batek ere ez du munduko jaialdi garrantzitsueneko saririk handiena hirutan lortu, baina Dardenne anaiek lortu zuten saria bitan irabazi duten 

handi horien klubean sartzea (hauekin batera: Alf Sjöberg, Francis Ford Coppola, Bille August, Emir Kusturica, Shohei Imamura, Ken Loach eta Michael Haneke), «L’enfant» lanarekin Urrezko Palma irabazi baitzuten 2005ean. Lan horrekin izandako arrakastez gain, ordea, beste batzuk ere izan ziren Cannesen, hala nola Gidoi Onenaren Saria –«Le silence de Lorna» (2008)-, Zuzendaritza Onenaren Saria –«Le jeune Ahmed» (2019)- eta Epaimahaiaren Sari Nagusia –«Le gamin au vélo» (2001)-.