INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Again, Palestine. Palestinian Women Filmmakers

BERRIRO. PALESTINA.
PALESTINAKO EMAKUME ZUZENDARIAK.

Errepikapena, itzulera, berrikuspena, oroitzapena da lan guztien ardatza. Berriro jazo den gertakari bati lotuta daude guztiak. Berriro hori dute komunean. Latinezko “re-”. Berriro iragankorra da. Gertakari jakin bat (edo horren antzekoa) beste behin gertatzen dela adierazten du; gauza bera (edo antzekoa) baina beste momentu batean. Beraz, film bilduma honetan, beste behin gertatzen den hori jorratuko da, Palestinari lotutako berriro hori. Errepikapena behin eta berriro senti daiteke Palestinaren testuinguruan. Baina kontuan hartu behar da Palestina ez dela entitate geo-politikoa soilik; izan ere, okupazio kolonialak urte luzez ezarri duen jazarpen luzearen kontrako erresistentziatik jaio den imajinarioa ere bada Palestina. Bestalde, filmatze-estiloaren malgutasuna neurtzeko tresna narratibo gisa jokatzen dute programan barne hartutako lanek, eta Palestinaren konplexutasuna kontuan hartuta soilik uler daitezke.

Hauek dira programa osatzen duten bost filmak: Ayreen Anastas-en Pasolini Pa* Palestine; Noor Abuarafeh-ren Am I the Ageless Object at the Museum; Basma Alsharif-en Ouroboros; Jumana Emil Abboud-en I Feel Nothing, eta Lina Alabed-en Ibrahim: A Fate to Define.

Ayreen Anastas-en Pasolini Pa*Palestine filmean, Pier Paolo Pasolinik The Gospel According to Matthew filma egiteko baliatutako Seeking Locations in Palestine filmari erreferentzia egiten dio, iraganera itzultzeko aukera eskainita. 1963. urtean egin zuen Pasolinik film hura, Palestinan zehar errodatzeko lekuen bila zebilelarik. Italian egin zuen filma azkenean. Hortaz, Pasolinik 40 urte lehenago egindako bidaia errepikatu egiten da Anastas-en filmean. Egungo panoraman gainjarrita, haren gidoia bide-orri bilakatzen da film honetan, ikus eta entzun daitekeenaren, espero zenaren eta benetan denaren arteko kontraesanak eta arrakalak planteatuta. Proiektuak Pasolinirekin elkarrizketa iragartzen du; ‘Poema sul Terzo Mondo’ lana.

Noor Abuarafeh-ren Am I the Ageless Object at the Museum filmean, protagonistak (narratzaileak berak) behin eta berriro zoora egiten dituen bisitak kontatzen dizkigu, eta zehaztasun jakin batzuk (zooko zaindaria, hain zuzen ere) gogoratzeko ezintasunaren berri ematen digu, baita oztopo hori gainditzeko baliatzen dituen estrategien berri eman ere. Filmaren bidez, zooa bera eta historikoki museo izaerarekin izan duen lotura aztertzen dira, eta, aldi berean, hilerriekin duen loturaren gainean gogoeta egiten du. Museoa memoria desitxuratzeko leku gisa jorratzen duen serie baten azken atala da film hau. “[…] Am I the Ageless Object at the Museum lanean, protagonistak ez du museoko zaindaria gogoratzen (nahiz eta beti ikusten duen museoan); haren itxura intsektu baten formarekin lotzea da hura gogoratzeko bide bakarra. Laburbilduz, museoko zerbait gogoratu ahal izateko, museotik kanpoko elementu batekin lotu behar du ezinbestean; horrela soilik lortuko du hura ezagutu/gogoratzea.” (Noor Abuarafeh)

Basma Alsharif-en Ouroboros film ziklikoa errepikapen lana da; betiereko itzuleran oinarrituta, Gazako Zerrendari omenaldia egiten dio, bukaera hasiera-puntu gisa ezartzen duelarik. Ouroboros bat. Filmean Diego ageri da. Bost paisaia zeharkatzen ditu (AEB, Italia eta Frantzian), komunikabideetan trauma islatzeko duten modua irauliz. Filmak berak eta protagonistak topaketa labur baina sakonak dituzte kokapen bakoitzean; hala, suntsipenari buruzko istorio ezberdinen arteko lotura bilatzera behartzen gaitu, eta itxaropena galdutakoan ere aurrera egitea posible dela erakusten digu. “[…] Horixe gertatzen da Gazan: iragana ahaztea da aurrera egiteko eta gertatzen ari diren basakeriak gainditzeko modu bakarra. Baina, era beran, aztertu nahi izan dut ea horrek geure suntsipenera ere eramango ote gaituen. Gazan gertatzen ari dena beste leku batzuekin lotzen saiatu naiz; gatazka edo jazarpen maila ezberdinak izan dituzten edo herentzia mantentzeko gai izan diren beste istorio eta paisaia batzuk aztertu nahi izan ditut, nolabait bakarra izateari uzteko”. (Basma Alsharif)

Jumana Emil Abboud-en I Feel Nothing filma ere oroitzapenerako lana da. Filmean, era metaforikoan birkontatzen da Palestinako folklorean kontatzen den ‘Eskurik gabeko dontzeila’ ipuina. Bideo-poema hau Cambridgeko Arkeologia Klasikoko Museoan, Londreseko Freud Museum-en eta Palestinako folkloreari lotutako zenbait kokapenetan filmatu zen. Narrazioan harreman zehatz bat aipatzen da, baina ez da argi esaten nor edo zer diren protagonistak.

Lina Alabed-en Ibrahim: A Fate to Define filmean, zuzendariaren asmoa iraganera itzultzea izan da, sei urte zituenean gertatutako aitaren desagerpena argitzeko. Anai-arrebak, ama eta hurbileko senide eta lagunak bisitatuko ditu gertatutakoa berriro konta diezaioten, desagerpena gogoratzeko eta desagerpenak pertsona bakoitzarengan zer nolako eragina izan duen ulertzeko.

Reem Shilleh
Again. Palestineko Komisarioa

‘A ‘ANA ALMA’AROUDH AL’AZALI FI ALMAT’HAF

Noor Abuarafeh
Palestina · 2018 · 15 min

FA’ FI FILISTINE

Ayreen Anastas
Palestina · 2005 · 51 min

IBRAHIM: ILA AJEL GHEIR MOSAMMA

Lina Alabed
Palestina/Libano/Danimarka/Katar/Eslovenia · 2019 · 75 min

LA ASH’OROU BI SHAI’EN

Jumana Emil Abboud
Palestina · 2012 · 8 min

OUROBOROS

Basma Alsharif
Frantzia/Palestina/Belgika/Katar · 2017 · 77 min