INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:
Inicio » Films » Proyecciones Especiales
Emanaldi Bereziak

Harriekin nahasi da

“Harriekin nahasi da”, esan du Leirok Malborough galerian erakusgai duen bere lehen “Sisifo nahasia” aurrean duela. Francisco Leiro (Cambados, 1957) eskultorearen obrara den-dena jakin ez arren arrakasta ziur eta senezko samarrarekin hurbildu daitezkeen bi pertsona daude: bata, egilea bera; eta bestea, haren erakusketa batera joan den eta digresio sakonagoetara baino (badago digresio sakonagorik?) obrek eskaintzen duten topaketa sentsorialari lotzen zaion zalea. Gainerakoentzat, alegia kritikarientzat, adituentzat eta ni bezala arrazoiak, oinarriak eta metaforak aurkitzen saiatzen direnentzat zailagoa da, naiz eta zailtasun atsegina izan: Leirok gutxi hitz egiten du, eta esaten duena erretorikarik gabe egituratzen du, zuhurtziaz, obraren beraren antza duen eta, beraz, engainagarria eta soila den oinarrizko eta ukimenezko narratiba baten bitartez.
Estilo-ariketa miresgarri eta ezinbestekoak dira eta, erantzun bila dabiltzanei laguntzeko, Aser Álvarezek bi dokumental egin ditu hiru urtean. Dokumental horien bitartez, cambadostarraren sortze-prozesura gerturatu da, “Purgatorio” oinarrizko eta ezkutuki umoristiko hori eraikitzen zuen bitartean, hain zuzen ere. Garbitoki horretan Sisifo nahasiak, hilobiak lapurtzen dituzten Lazaroak, azala berritzen duten bitartean arimak zamatzen dituen jendea eta, Álvaro Cunqueirok esango lukeen moduan, beste aztikeria batzuk ikus ditzakegu. Kosmogonia sardoniko, liluragarri eta askotariko hori zamaren zeinuaren azpian prozesioan dabil, gu geu bezala.
“Sísifo confuso. Traballo e días de Francisco Leiro” filmean, egilea mutu agertzen zen eta lana eta erritmoa ziren protagonista: gizonaren eta harri-egurren arteko talkaren musika, denboraren joana bere gurpil errukigabean eta artistaren ikuspegia, gurpil horretara halabeharrezko kondizio bat bailitzan moldatuz. “O purgatorio de Francisco Leiro” filma beste haren nahitaezko osagarria da; gurpil eta erritmo horiek hondoa dira eta kontu handiz entzutea merezi duen Txomin Badiolaren eta Leiroren arteko elkarrizketa zoragarria da nagusi. Oraingoan (eta ardura digun ia gehienetan), beti bezala, benetako korrontea erretenaren hondoan dago eta batzuetan ez da ikusi ere egiten.
Leirok egiten duena hitzez azaltzeko beste artista batzuk egiten dituzten saioak ia haurrenen modukoak, bigunak, dira; apenas lortzen dute misterioaren azala karrakatzea, nabarmentzea, esaldi nahiko egokiekin (dena den, Antón Reixa de Leiroren “Galizia eramangarria” delako ideia dut gustukoen, nahiz eta ez dakidan itxaropentsua edo beldurgarria den). Ezintasun horregatik beragatik dira erabilgarriak Álvarezek dokumentalean duen hirugarren plano jasankorra eta Badiolaren trebezia zuhurra. Badiolak identifikazio-aukera klasiko eta nabarmenak aipatzen ditu (Dante, zutabeak, espazio hutsaren zama) Leiro erreakzionarazteko, eta eskultoreak ia beti kontra egiten dio. Leirok neurrian hitz egiten du kamera aurrean, lehenbizikoz, eta bereak ez ezik gureak ere badiren ezbaien ardatzera eramaten gaitu ustekabean. Beste gorputz batzuek garraiatzen dituzten gorputzak “sugearen muda (…), gorputzaren oskola (…) arima” izaten has daitezkeen edo, Badiolak teatraltzat jotzen duen moduan, “fotograma” bihur daitezkeen uneraino behintzat. Leiroren irudiaren interpretazioan itxuragabetasunaren gaineko aurreiritziak deuseztatzeko saio kontzienteaz argi eta garbi hitz egiten den uneraino behintzat. Izan ere, irudi horretan naturaltasun eta zehaztugabetasun itzel eta alegorikoak eta berezko eta funtsezko jakintza gainjartzen dira. “Piezaren garunaz” eta “aztarna historizistaz” ere hitz egiten dute, eta artistak irudia funtzioaren arabera zehazten du, langile-erroari eutsi nahian. Oroimena oinarritzat hartuta lan egiten du. Eta hori guztia helduleku eta aire dugu, sortzaileari mitoaren zero-gunean sartzen laguntzeko. Alde horretatik, Leiro ez dago “Medea” filmeko Pasoliniren moduko beste maisu primitibista eta irudikorretatik urrun. “Remexer no faiado” esaten dio.
Proiektu dokumental handinahi honetan beharrezko beste gauza batzuk ere argi geratzen dira. Garrantzitsuena, beharbada, marrazkiak sortze-prozesuan duen garrantzia da. Leirok marrazketa automatikoan sinesten du Santiagoko heziketa surrealista goiztiarraren garaitik, eta uste du marrazki hori dela benetan garrantzitsuena: “Marrazki traketsak gustatzen zaizkit, zehaztu baino iradoki egiten dutenak”.
Itxuraz hain “artistikoak” ez diren elementuen pisua ere oso interesgarria da, artistaren ibilbidearen albo-kontuak diruditen arren. Lehenik, ospe handiko galeria baten babesa. Gero, erakusketa jartzeko espazioaren garrantzia; alde horretatik, erakusketak ez du irudi-pilo huts bat izan behar, ahalegin kontzeptual bat baizik.
Metrajearen une batean “Cambados, Galiziako Atenas” esaten dute bat-batean. Baieztapen ausarta da, baita txantxa izan daitekeela kontuan hartuta ere. Leiro Galizia eramangarri bat beharbada ez, baina atenastar nomada bat dela (“nire tailerrean bizi naiz”) esatea, ordea, ez da hain ausarta. Geltokien bitartez urteko gurpil osoaren ibilbidea egiteko tematu den nomada bat, bidaiatik purgatorioak, Lazaroak eta harriak ekartzen dituena, gero haiekin nahasteko. Edo dokumental honetan argitzeko.

Luis Boullosa

EL PURGATORIO DE FRANCISCO LEIRO

Aser Álvarez
ESPAINIA
2018 | 51 min
Emanaldi Bereziak | Documental

15 Azaroak, 20:00