INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

ZINEBI VIRUSAREN GARAIETAN

Hotz zegoen Berlinen, 2020ko Berlinaleko proiekzio eta bileren ondoren Bilborako bidea abiatu genuenean. Txinatik iristen ziren berrietan hain ezagun bilakatzen ari zitzaigun koronabirus zelako horrek markatutako edizioa arraro samarra izan zela uste izan genuen askok. Geroxeago, ametsetan ere sinetsi ezin genukeena bizi izan genuen geure azaletan: mundua eten egin zen bat-batean eta dramak planeta menpean hartu zuen; errodajeak ere eten egin ziren bat-batean eta zine aretoek pertsiana jaitsi zuten berehala. Gure zine jaialdien mikroklima txikia ordura arte ikusi gabeko fenomenoak jasaten hasi zen: atzerapenak eta bertan behera uzteak. Egun batzuk geroago, zeharo konfinatuta geunden etxeetan, geure buruarekin edota familiekin bakar bakarrik, eta, nola ez, zalantzaz beterik.

COVID-19 hau da bizitzea egokitu zaigun lehendabiziko pandemia. Nik uste dut herritarren sakrifizio eta adoreari esker garaitzea lortuko dugula laster. Hala eta guztiz ere, lortzen dugunean ere, asko egongo da egiteko oraindik kultura zein ikus-entzunezko industriek lehen zuten indarra berreskuratzeko. Egoera delikatu honetan, ZINEBIren 62. edizioa ospatzea -bertsio hibridoan, aretoko proiekzioak eta online saioak konbinatuta- izan da Bilboko Udalak geure industriaren oinarrizko sektorea babestu eta indarberritzeko egin duen apustu irmoaren zati bat.

Krisi garaietan, ohikoa da fabrika handi bateko langileen lanpostuak arriskuan daudela ikustea komunikabideetan. Askotan, horien borroka hedatu egiten da, eta jendarte osoak aldarrikatzen du herrialde demokratiko batean pertsona orok duela enplegu bat eta lan-baldintza duinak izateko eskubidea. Nahiz eta greziarren adiskidetasun zibikoa delakoaren adierazpen handiena izan kultura; nahiz eta kulturak elkarrekin bizitzeko eta herritar hobeak izateko aukera ematen digun; nahiz eta kultura, industria gisa -zinea buru-, hazkunde ekonomikoaren eta enplegu sorkuntzaren motor garrantzitsua izan herrialde askotan (eta, ondorioz, familia askoren ogibide); sarritan pentsatzen dugu ondasun eta zerbitzu kulturalen ekoizpena ez dela funtsezkoa, ez dela ezinbestekoa, ez behintzat itxuraz beharrezkoagoak diren beste errealitate batzuen parean.

Baina kultura ezin da eten, gizakien sormena etenezina delako. Horregatik da zinea ere geldiezina. Agerian geratu zen hori itxialdi garaian entretenimendu, ezagutza berri edo kontsolamendu eske dei egin genionean; zinea laguntzera etorri zitzaigun berehala. Eta agerian geratu da berriro ere, 62. edizioan beren lekua egiteko asmoz, mundu osoko ekoizle eta zuzendariek ZINEBIren egoitzara milaka film labur eta ehunka film luze bidali dituztenean. 

Nik neuk, benetan, nire eskerrik beroena adierazi nahi diot zine munduko pertsona guztiei, nork bere eremutik -zuzendaritza, ekoizpena, banaketa, erakusketa- jaialdiari konfiantza eman diotelako beste behin ere, eta beren lanik berrienak estreinatzeko aukeratu gaituztelako. Horien guztien interesa geurea ere bada; elkarrekin soilik lortuko dugulako bizi dugun hondamenditik onik irtetea eta gure kultura- eta industria-sareari bultzada berria ematea. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, instituzioei eta kolaboratzaileei, aurten jaialdiari babesa eta maitasuna adierazi diotelako.

Eta, bukatzeko, nire aitortzarik beroena egin nahi diet ZINEBI taldea osatzen duten guztiei; dedikazio, ilusio eta zinearekiko maitasun handiz lan egin dutelako gure jaialdiaren edizio zail eta konplexuenetako bat aurrera eramateko eta, batez ere, jaialdia esperientzia kolektiboa, anitza, berdinzalea, segurua eta, jakina, atsegingarria izan dadin lortzeko. 

Vanesa Fernández Guerra
ZINEBIko Zuzendaria