INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Alkatea

Apurka-apurka dagoeneko hain gazteak ez garela konturatzen garenez, ikasi dugu gauzak gehiegi okertu ezean, iritsi behar dena iritsi egiten dela. Hori horrela da bizitzako arlo guztietan eta ZINEBIn, aurten 60. edizioa betetzen dizkigun zinemaldian, ere bai. Antolatzaileek -Vanesa Fernández Guerra, zuzendari berria, buru dutela- badute nahikoa motibo ospatzeko. Hirurogei urtean gauza asko gerta daitezke, ZINEBIn gertatu diren bezala: iluntasun frankistan bertan sortu zen, 1959 urrun hartan, eta 2018ra mutil gaztea eginda iritsi da, mundua irensteko gogo berberaz, planetako edozein lekutan urtero eginiko zine guztia ikusteko eta Bilboko eta azaroero bisitatzen gaituen jende guztiari erakusteko gogoz. Nik uste dut hain zuzen ere zine guztia ikusteko eta zine garaikideak zeharkatzen dituen bideetan barrena ibiltzeko asmo horretan datzala zine dokumental eta film laburren jardunaldi ospetsu honen arrakasta eta biziraupenaren gakoetako bat, bi identitate ikur historiko. Horrela, bere buruarekiko leialtasunez eta etorkizunari begira, ZINEBIk garaian garaira egokitzea lortu du, edizioz edizio izena emandako pelikula kopurua handitzen ikusi du eta programazioan sartzen dituen film labur eta luzeen kopurua ere handitu egin du.

Gauza jakina da zine dokumentalak nahiz film laburrak nahiko leku txikia betetzen dutela –marjinala esango genuke- zine industria handian, hots, gehiago edo gutxiago jendetsu eta munduko edozein lekutan ia berdinak diren publikoentzako entretenimendutzat hartutakoetan; eta, jakina, horrek baditu bere alde onak eta txarrak. Azken horien artean, esan behar da, halako ekoizpenek ez dutela baliabide edo plataforma propio eta sendorik banaketa edo erakusketarako; horrek nolabaiteko prekarietatea eragiten du eta proiektu asko bertan behera geratzen dira azkenean. Baina, beste alde batetik, nazioarte mailako pelikula ekoizpen industrialaren sisteman duen txikitasun honi esker, hain zuzen ere, dokumental eta film laburren zuzendariek alderdi sortzaileena irudikatzen dute, arte ikuspegitik alderdi konprometituena eta zine garaikidearen talentu berritzaile eta menderaezinena, euren irudietako bakoitzak argitzen duen jakin-min eta adore nahasketa horrekin lortzen baitute urtero gure herrialde globaleko errealitate konplexuei buruzko sakonera etiko eta estetiko handiko lekukotasun zirraragarria eskaintzea.

Nik uste dut zinemaldi hau urtero erakusleiho eta tranpolintzat erabiltzeko aukera izaten duten zinegileek duten jakin-min eta adore bera erakusten duela oraindik ere ZINEBIk  bere programazioetan. Izan ere, 1959an hasi eta orain arte zinemagilearen egintzan hain ikusgarriak ez diren alderdiak aukeratu eta, berriro ere Godard handia parafraseatuz, pelikulak ikustea kontu morala dela uste duen gutxiengo handiari zuzentzen jakin izan du.

Hala bada, ZINEBI zoriondu nahi dut hirurogei urte bete dituen honetan, zorte on eta arrakasta handia izan dezala bere urteurrenean, eta, batez ere, bizitza luzea izan dezala eta etorkizunetik datorkigun zinemari artean begirada luzeagoa eskain diezaiola, etorkizun hori baita Bilboko zinemaldiaren benetako lehengaia.

Juan Mari Aburto
Bilboko alkatea