INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Kultura zinegotzia

Orain hamar urte, ZINEBIren berrogeita hamargarren urteurrena zela eta, zinemaldiaren arduradunek Juan Carlos Eguilior bilbotar marrazkigile, humoregile eta artista plastikoari hots egin zioten urteurrenaren ospakizunerako oroitzapenezko bi kartel sortuz berak ere parte har zezan. Berehala onartu zuen enkargua eta, hasiera-hasieratik, bere burua gainditzeko erronkan aritu zen; izan ere, hogeita hamar urte lehenago, 1978an, Certamen Internacional de Cine Documental izena zuenaren 20. ediziorako kartelaren egilea izan zen Eguilior.

2008an eginiko lanaren emaitza bi irudi txundigarri eta oso landuak izan ziren. Eta, jaiotzez donostiarra izan arren, bilbotar jenio berezi eta sailkaezin honen beste erakusgarri bi izan ziren irudi horiek. Lehenengoan, ikusle bakarti bat –kapela hegalduna buruan, amerikar zine beltzeko gangster eta polizien antzera berokia jantzita eta papar-hegalean Athleticeko intsignia jarrita-, zine areto bateko iluntasunak bilduta, pantailari begira dago; bigarrenean, itsasontzi eder bat, oso albo altukoa eta lau haizetara Bilboko bandera daramana, mare tenebrosum bat zeharkatzen du, kostaldetik kohete itxurako pertsonaia fantastiko batek filmatzen duen bitartean.

Bi irudi horiek datozkit orain burura, ZINEBIk bere 60. urteurrena ospatzen duen 2018 honetan. Eta iruditzen zait zama metaforiko handia gordetzen dutela biak ere, bakoitzak ondo adierazten baititu zinemaldi honek bere historian zehar izan dituen bi ezaugarri nabarmenetakoak: alde batetik, ZINEBIk urtero bilbotarrak, bai eta azaroan gure hiria bisitatzen dutenak, gonbidatzen ditu zine aretoetara joan, bertako eserleku batean jesarri eta pantaila handian azaltzen diren munduei arretaz begiratzera, agian modu paradoxiko samarrean, aretoak komunio zinezale antzeko batean biltzen bagaitu ere; egia esan, ikusle bakoitzaren begirada keinu berezi-berezia da, bakarra, eta horregatik, berez, bakartia. Gainera, ausartuko nintzateke esatera pelikulak ikusteko egungo plataforma, formatu, euskarri eta gailu hipertrofiaren erdian, zinemara joatea, bakarrik edo beste batzuekin batera, erresistentzia egintza bat dela, gure garaiko kultur kontsumo modu gero eta uniformetasun handiagoaren aurrean. Beste alde batetik, itsasoan barrena doan itsasontzi handiaren irudiak helmugara onik iristeko beharrezkoa den ahalegina, pazientzia eta iraunkortasuna gogora ekartzeko balio digu. ZINEBIk asmatu du bere hirurogeigarren urteurrenera iristen zinemaldi handi bat bihurtuta, Europan bigarrena eta Estatuan hirugarrena, zinemagintzako benetako bandera-ontzia, gaur egun hitzordu saihestezina eta munduko edozein lekutan sortzen ari den talenturako nazioarteko erreferentzia –tokikoaren eta globalaren artekoa-  da. Izan ere, Zinebik azken urteotan arreta berezia eskaini dio emakumeek zuzendutako zinemari eta, modu orokorragoan, zinemagintzan eta ikus-entzunezkoen industrian emakumeek maila profesional guztietan duten presentzia eta lanari. Ziur nago konpromiso hau indarberritu egingo dela Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendari izendatu berri duten honetan.

Nik pozik egiten dut bat oroitza honekin, zinemaldiaren antolakuntza zoriontzen dut eta animatu egiten ditut orain arte bezala jarraitzera, honako hau kultura eta arte arloan Bilboko Udalaren ekintza nagusienetako dela argi baitaukat.

Izan ere, Federico Fellini italiar maisu handiak bere lan gogoangarrienetako batean esan zuen bezala, e la nave va.

Nekane Alonso
Bilboko Udaleko kultura zinegotzia