INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Zuzendaria

Niretzat 2018 hau oso urte berezia da. Hiru arrazoi garrantzitsu ditut hori esateko: lehenengoa da Bilboko Udalak nigan jarri duela konfiantza ZINEBIren etapa berri hau zuzentzeko; bigarrena da zinemaldi honek aurtengoan bere 60. urteurrena ospatzen duela; eta hirugarrena da lehenengo emakumea naizela erakunde gazte hau zuzentzen duena bere ibilbide osoan. Apaltasunez hartu dut, errespetuz eta ardura handiaz. Badakit atzean gizatalde bikaina dudala eta jakin badakit gauzak ondo egingo ditugula.

Ni zinemaldi honetan ikusle izan naiz, lehenik nerabezaroan eta gero EHUko Ikus Entzunezkoen Komunikazioan ikasten ari nintzela ere bai; hots, mundua jango dugula uste dugun garai erabakigarri horietan. Izan ere, film labur haiek eta dokumental haiek ikustea modu ona zen guretzat mundua mauka-mauka jateko, gure begien aurrean, orain gertatzen den bezala, pelikula haiek originaltasun formal, ahalegin estetiko, erradikaltasun etiko eta gauzak aldatzeko gogoaren arteko nahasketa txundigarria baitziren; arraroa zen, orain gertatzen den bezala, ZINEBIn ikus zitekeena areto komertzialetan ikustea. Ezin zen huts egin saio haietara.

Jaialdiaren zuzendari gisa lehen edizioa dudan honetan, oso ondo dakit ZINEBI, bere mailako beste edozein lehiaketak dituen moduan, badituela hainbat betebehar herritarrekiko, gauzatzen den inguruarekiko; izan ere, 1981az geroztik, Udalak kulturarekin oro har eta Bilboko ikus-entzunezko industriaren garapenarekin bereziki hartutako konpromisoaren adierazpen garrantzitsuena denean. Badakit, era berean, ZINEBI ez zela ezerezetik sortu, munduko edozein zinemaldi bezala, historia luze baten fruitu dela. Gure kasuan, gure gurasoek eta hauen lagunek ziotenez, amaierarik gabekoa zirudien diktadura baten iluntasunean murgilduta, argi printza bat ikusteko modu bat.

Aurtengoan urteurrena dugu, hirurogeigarrena. Hori dela eta, atzera begiratu beharrean gaude eta zinematografiaren artea gure hirian posible egin duten guztien balioa aldarrikatu eta omenaldi eder bat eskaini beharrean ere bai. Guk bi modutan egingo dugu: alde batetik, euren ahaleginaren balio kultural eta gizabidezkoa eskertuz. Bestalde, apurka-apurka zinemaldi honen etorkizuna eratuko dugu, programazio ildo berriak jorratuz, irudi berriztatu bat erabiliz eta mundu osoko zine independentearen eta talentu gazteen aldeko apustu sendoa eginez.

Oro har, ZINEBIren asmoa da bizi dugun garaiari adi begiratzea, tokiko eta munduko zinearen lehenaldia, oraina eta etorkizunaren urteroko interpretazio partikularra eginez, gure edizioetako bakoitzean aurkezten ditugun edukien hautapenean etengabeko zorroztasunaren bila, pelikula independenteei buruz ari bagara gure zinemaldia ere halako zinema ezagutarazi eta hedatzeko berebiziko tresna dela jakin baitakigu.

Horregatik guztiagatik, egungo zinemaldiak behartuta gaude gure ikusleei mundura zabalik dagoen leiho bat eskaintzera, eta hori da gure modu berezia banakako erosotasun-gunetik ateratzera gonbidatzeko, espazio publikoa partekatzera gonbidatzeko, areto ilun batean besteekin elkartzera eta mugimenduan dauden irudietan ezkutatutako magia sekretua behatzera gonbidatzeko, gero aukera izan dezaten horiei buruz haien sortzaileekin eta zinemagintzaren esperientziaren parte diren gizon eta emakume guztiekin solasaldi bat izateko. Eta emakumeak aipatu ditut, neu emakumea naizelako eta badakidalako emakumeok zineman oraindik badaukagulako egitekorik.

Nik, arestian esan dudanez, apaltasunez eta errespetuz helduko diot neure lanari, baina ilusioz ere bai.

Ilusio handiz.

Vanesa Fernández Guerra