INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Epaimahaia

Carolina Martínez Urbina

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) eta Atzerriko Hizkuntzako Irakasle diploma eskuratu zuen Alcalá de Henaresko Unibertsitatean (UAH). Ibilbide profesionalari dagokionez, postprodukzio eta muntaketa zinematografikoan aritu da ia erabat. Industrian merezidun-lanetan hasi zen eta gero muntatzaile ospetsuen laguntzaile izan zen: Julia Juániz, Laurent Dufreche eta Nacho Ruiz Capillas, adibidez. Gaur egun fikziozko telesailak, pelikula komertzialak eta zinema esperimentaleko filmak muntatzen ditu. 

Telebistako bere lan nagusiak sail hauek dira: Crematorio, zeinak sail onenaren Ondas saria jaso zuen 2011n, eta La zona, zeinak sail dramatiko onenaren Feroz saria jaso duen 2018an. Zinema komertzialari dagokionez, zuzendari hauekin lan egin du, besteak beste: Alejandro Amenábar (Regression, 2015; eta postprodukzio-fasean dagoen Mientras dure la guerra, 2018), Borja Cobeaga (Negociador, 2014) eta Oskar Santos (Zipi y Zape y el club de la canica, 2014; Zipi y Zape y la isla del capitán, 2016). Arlo esperimentalean Señora Polaroiska kolektiboarekin aritu da elkarlanean, esaterako. 


Concha Barquero

Concha Barquero irakasle eta zuzendariak telebista-programa kultural eta dibulgatzaileak egiten ditu, besteak beste Canal Sur kateko Tesis (2001-2011), eta dokumentalak ekoizten eta zuzentzen ditu. Alejandro Alvaradorekin lan egiten du eta harekin batera idatzi eta zuzendu ditu, batetik, El reverso de la realidad (2007) eta Warmi. Algunos apuntes sobre La Paz y sus mujeres (2014) dokumental laburrak; eta bestetik, Pepe el andaluz (2012) dokumental luzea. Azken horrek 10 sari jaso ditu hala estatuan nola nazioartean, besteak beste Espainiako dokumental onenaren saria Documenta Madrid jaialdian eta Andaluziako kazetaritza saria.

Irakasle gisa Malagako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean eta Madrilgo Erkidegoko Zinema Eskolako (ECAM) Zinema Dokumentaleko Diplomaturan egiten du lan. Zinema dokumentalarekin zerikusia duten argitalpenetan hamar artikulu eta saiakera ere idatzi ditu. 2013tik Malagako Zinemaldiko kolaboratzaile da: Dokumentalen Sail Ofizialeko hautaketa-batzordeko kide da eta, horrez gain, 2016-2018 aldian zinema-topaketak koordinatu ditu.


Ghasideh Golmakani

Teheranen jaio zen kazetari- eta artista-familia batean. 18 urterekin Parisera joan zen Arte eta Historiako ikasketak eta Ikasketa Kulturalak egitera. Sorbonan egin zuen doktoretza-tesian, Iranen joan den mendeko 80ko hamarkadan sortutako belaunaldi berriko maisuek gaur egungo zinemagile irandar gazteengan zer eragin izan duten aztertu zuen.

Fikziozko bere pelikuletan, Ghasidehk Irango tradizio kulturalean tabu diren gaiak jorratzen ditu, esaterako: fetitxismoa, umeen tratu txarrak eta emakumeen kontrako eguneroko jazarpena eta indarkeria. Honako hau esan du zuzendari izateko bihotz ematen dien asmoez: «Zure generoaz ahazten saiatu eta dagokizun lana egiten duzun arren, gizarteak bortizki ekartzen dizu gogora egunero. Ni gizarteari indarkeria horrek emakumeengan zer eragin suntsitzaile dituen gogorarazten saiatzen naiz”. Azkenaldian batik bat fikziozko filmak, dokumentalak eta pieza esperimentalak egin ditu, eta honako hauek dira garrantzitsuenak: Limbo (2017, 14 min.), Online Shopping (2017, 15 min.) eta Horn (2018, 8 min.).


Jodie Mack

Jodie Mack animazio esperimentaleko zuzendari britainiarra da. Arte Ederretan lizentziatu zen Chicagoko Unibertsitatean (2007), Zinema, Bideo eta Ikus-entzunezko Berrien espezialitatean. Bere lanetan animazio abstraktuko eta genero zinematografiko tradizionaleko teknikak konbinatzen ditu. Pelikulak eskuz egiten ditu eta collagea erabiltzen du zinemaren eta ipuin-kontaketaren arteko harremana eta formaren eta esanahiaren arteko tentsioa aztertzeko. Halaber, etxeko materialak eta material birziklatuak aztertzen ditu, nabarmentzeko zer bereizgarri narratibo eta formal dituzten berdin Arte Ederretako korronte abstraktuek eta ekoizpen masiboko diseinu grafikoak.

Bere pelikulak (16 mm-koak) nazioarteko jaialdi ospetsu ugaritan eman dituzte, besteak beste honako hauetan: Ann Arborreko Zinemaldia (Michigan, AEB), Edinburgheko Nazioarteko Zinemaldia (Eskozia, Erresuma Batua), New Yorkeko Zinemaldia (AEB) eta Viennale (Viena, Austria). Halaber, honako hauetan bakarkako programak aurkeztu ditu: BFI London Film Festival (Erresuma Batua), Harvard Film Archive (Massachusetts, AEB) eta Rotterdameko Nazioarteko Zinemaldia (Herbehereak). Gainera, bere lanak argitalpen ugaritan aztertu dute, honako hauetan, esaterako: Artforum (Berlin, Alemania), The New York Times (AEB) eta Senses of Cinema (Kalifornia, AEB).


Zsuzsanna Kiràly

Zsuzsanna Kiràly zinema-editore eta -ekoizleak Kazetaritzako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen Vienan eta Berlinen. Horrez gain, masterra egiteko Vienako Dr. Maya Schaumeyer Foundation erakundearen beka jaso zuen. Programa kulturalei buruzko artikulu, saiakera eta ikerlanak argitaratu ditu zinema-jaialdi batzuentzat, Viennale, VIS (Vienna Independent Shorts) eta Berlinale jaialdientzat, adibidez; eta baita zinema-ekoizpenari buruzko lanak X Film Creative Pool ekoiztetxe alemaniarrarentzat ere. 2009tik Komplizen Film konpainia alemaniarrarekin lan egiten du gidoiak idazten eta zinema-proiektuak koordinatzeko trebatzen. 2011n Revolver zinema-aldizkarian editore-lanetan hasi zen. 2013tik TorinoFilmLab jaialdiko Script&Pitch programaren editorea eta proiektuak irakurtzeko Hautaketa Batzordeko kidea ere bada.

2015ean Take what you can carry (Matt Porterfield, 2015) film labur esperimentala produzitu zuen eta urte berean estreinatu zuten Berlinalen. Horrez gain, film luze hauek ere ekoitzi ditu, besteak beste: Sleeping Sickness (Ulrich Köhlers, 2011), Superegos (Benjamin Heisenberg, 2014), Arabian Nights Tabu (Miguel Gomes, 2015), Toni Erdman (Maren Ade, 2016), Muito romántico (Melissa Dulius, Gustavo Jahn, 2016) eta Western (Valeschka Grisebach, 2017).

Agnès Wildenstein

Agnès Wildenstein eskarmentu handiko programatzaile zinematografikoa da. Frantzian jaio zen eta Lisboan (Portugal) bizi da. Cinémathèque Française erakunde ospetsuan lan egin zuen hamar urtean (erakunde hori Georges Franju zuzendariak eta Henri Langlois zinema-artxibozain eta -zaharberritzaileak sortu zuten 1936an, Parisen); baita egile-zinemaren arloan munduan izugarrizko garrantzia duen Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinemaldi entzutetsuko antolatzaile-taldean ere, beste hamabi urtez.  Horrez gain, Jean Vigo sarien epaimahaiko kide izan da hamar urtean. Sari hori 1951n sortu zuten Frantzian, behar baino lehen hildako zinemagile handi haren ohorez, herrialdeko zuzendari berri eta gazteen talentua saritzeko asmoarekin.

Orobat, ARTE France Cinéma erakundeko hautaketa-batzordeko kide izan zen 2012tik 2015era, eta 2014tik DocLisboa zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdiko programazioaz arduratzen da.


Eulàlia Iglesias

Eulália Iglesias kazetaria eta kritikaria da, zineman eta ikus-entzunezkoetan espezializatua. Irakasle elkartu izan da Rovira i Virgili unibertsitatean (Tarragona) eta irakasgai hauek eman ditu: Zinemaren eta Telebistaren Teoria eta Analisia, batetik; eta Komunikazioko Korronte Estetiko Garaikideak, bestetik. Caimán. Cuadernos de Cine aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kide da eta hainbat hedabidetan kolaboratzaile gisa lan egiten du. Halaber, Bartzelonako D’A Egile Zinemako Nazioarteko Jaialdian ere aritu da programazioko aholkulari gisa.

Argitalpen ugaritan parte hartu du, esaterako: Femenino Plural. Mujeres cineastas del siglo XXI (Seminci. Valladolid, 2017),  Joseph Losey (Donostiako Zinemaldia, 2017), Bong Joon-ho, la revolución de los géneros (Seminci. Valladolid, 2014), Paul Schrader. El cineasta frente a los tiempos (Seminci. Valladolid, 2013), Max Ophüls: Carné de baile (Donostia Kultura, 2013), El director desnudo por sus pretendientes. El cine de Hong Sang-soo (Bafici. Buenos Aires, 2013), Territorios y Fronteras. Experiencias documentales contemporáneas (UPV/EHU, 2012), George Franju (Donostiako Zinemaldia, 2012), Claude Chabrol: la mirada del entomólogo (Seminci. Valladolid,  2010)


Nele  Wohlatz

Nele Wohlatz Hannoverren (Alemania) jaio zen; Eszenografiako eta Filosofiako ikasketak egin zituen Karlsruhen (Alemania), eta Zinemakoak Buenos Airesen. Bere pelikulak nazioarteko jaialdi garrantzitsu askotan eman dituzte, esaterako: Locarno (Suitza), Rotterdam (Herbehereak), Viennale (Austria), Oberhausen (Alemania), FIDMarseille (Frantzia). Eta baita kultura- eta arte-erakundeetan ere, besteak beste MoMAn eta New Yorkeko Lincoln Centerren (AEB). Bakarrik zuzendu zuen lehen film luzearekin, El futuro perfecto, sari ugari eskuratu zituen: Opera Prima onenaren saria Locarnon eta ZINEBIn, eta Sichtwechsel saria Filmfest Hamburg jaialdian (Alemania), adibidez.

Orain arte film hauek egin ditu: Schneeränder film laburra (Alemania, 2009), Ricardo Bär film luzea (Argentina, 2013; zuzendarikidea), La mochila perfecta film laburra (Argentina-Alemania, 2014), Tres oraciones sobre la Argentina film laburra (Buenos Airesko Zinema Museoko Archivos intervenidos: Cine Escuela film kolektiborako; Argentina, 2016) eta El futuro perfecto film luzea (Argentina, 2016).

 

Ana Hormaetxea

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen UPV/EHUn. Telebistako gidoilari-lanetan aritu da hainbat ekoiztetxetan, ia beti Euskal Telebistarentzat (ETB), maiz umore-programetan, fikziozko ekoizpenetan (Go!azen, Vaya semanita, Esto no es serio, Balbemendi eta Ni un pelo de tontas) eta baita bestelako telebista-formatu batzuetan ere, adibidez: Vuelta de tuerca (lehiaketa), Cuida tu vida (magazina) eta Tú al norte y yo al sur (realitya). Publizitate-marketarako edukiak egiten ere lan egin du.

Ikus-entzunezko sektorean gidoigile profesional gisa gogor aritu da lanean, eta hogei urte baino gehiago daramatza hainbat plataformaren bitartez istorioak kontatzen. 2010etik Ikus-entzunezko Gidoigile Elkarteen Federazioko (FAGA) Zuzendaritza Batzordeko kidea da, eta 2016tik lehendakaria.


Lara Izagirre

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen 2007an UPV/EHUn, eta zinema-zuzendaritzan espezializatu zen New York Film Academy (NYFA) erakundean. Euskal Herrira bueltatu zenean, Gariza Films ekoiztetxea sortu zuen. 2010etik 2014ra lau film labur idatzi eta zuzendu zituen: Bicycle Poem (2010), KEA (2012), Next Stop: Greenland (2012), Sormenaren bide ezkutuak (2013) eta Larroxa (2013). Horietako batzuk sariak lortu dituzte nazioarteko jaialdietan.

2015ean Un otoño sin Berlín, bere lehen film luzea, estreinatu zuen Donostiako Zinemaldian. Filmak nazioarteko hogei jaialdi baino gehiagotan parte hartu du eta lau sari lortu ditu. 2016tik beste bi film luze koproduzitu ditu: Errementari (Paul Urkijo, 2017) eta Vitoria, 3 de Marzo (Víctor Cabaco, 2018); azken hori postprodukzio-fasean dago. Gaur egun bere hurrengo proiektuaren gidoia idazten ari da: Ane y Peio, una historia de amor entre pimientos.


Norma Vila

Norma Vila ekoizle eta zuzendari bilbotarrak Euskal Herriko Zinema Eskolan (EHZE) ikasi zuen eta argazki-zuzendari gisa hasi zen lanean zineman. 2016an Jules D. film laburra egin zuen; Haritz Zubillagak ekoiztu zuen aurrez biek sorturiko Demeter Films ekoiztetxe independentearentzat. Fantasiazko eta beldurrezko bere lehen lana zen eta sari ugari jaso zituen hainbat jaialditan, besteak beste ZINEBIn eta gai horretan espezializaturiko bi jaialditan: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea eta FilmQuest Festival (Utah, AEB).

Gaur egun bere hurrengo film laburra idaztez, ekoiztez eta zuzentzez amaitzen ari da; thriller psikologiko bat da: El fin de todas las cosas.