ARGIAK, KAMERA ETA… AURRERA!

Hiru hitz magiko horiek entzuten ditugunean, ez dugu zalantzarik zinemagileren bat, munduko edozein lekutan, bere hurrengo filma errodatzen ari dela. Kasu horietako askotan, —urtero ZINEBIn ikus ditzakegun filmetan bezala— lehenengo filma izan daiteke, edo film labur bat, beharbada. Edonola ere, bururatzen zait hitz horien atzean gordetzen dela zinea beste arte guztietatik bereizten duen gakoa.

Argiak behar-beharrezkoak dira, baina ez soilik platokoak, zuzendariak bere buru barruan gordetzen dituenak ere bai. Ikusleei mundu hau ikusteko modu original, ezberdin, kritiko eta konprometitua erakutsi nahi izatearen kontzientzia ematen du argiak.

Kamera da, inolako zalantzarik gabe, zine-artearen funtsezko gailua. Bere izateko arrazoia, mugimenduan dauden irudiak, harrapatzeko balio du eta, batez ere, zinearen alderdi erabakigarrietan aukera eta mugak agerian jartzeko aukera ematen dio zinemagile bakoitzari: enkoadratzeko gaitasuna, argien erabilera, argiek dekoratu, paisaia edota antzezleen gorputz edo aurpegiekiko sortzen duen efektua… Hitz batean, zuzendari bakoitzaren estilo pertsonala esaten diogun hori agerian jartzeko aukera ematen du kamerak.

“Aurrera!” hitzak ez du hartualdi bakoitzaren hasiera soilik markatzen; zineko irudiak sortu eta ezagutarazten dituzten sortzaileen bereizgarria ere bada. Zinemagile izateko ezinbestekoa da aurrerako joera izatea, borondatea eta energia edukitzea edo, era berean, José Luis Guarner kritikari handiak Rosselliniri egozten zionez, “jakin-min eta adore nahaste” hori edukitzea.

Hori guztia sobera dute ZINEBIren 61. edizioan bildu diren mundu osoko zinemagileek. Eta horien artean dira bertakoak: jaialdiko sariak eskuratzeko lehiatzen diren emakume eta gizonak, borondate hertsiz eta estilo pertsonalez zinea ikusteko dugun modua erabat iraultzeko gai direnak, eta, batez ere, nortasun handikoak. Ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu gure jaialdiak ere; izan ere, zine onaren ospakizun handi hau gai da, urterik urte, Bilbotarrei zein bisitariei parerik gabeko esperientzia eskaintzeko.

Eskerrik asko, beraz, ZINEBI ahalbidetzen duten zinemagileei, antolatzaile-taldeari eta erakunde laguntzaileei. Arrakasta handia opa dizuet 61. edizio honetan.

Juan Mari Aburto
Bilboko Alkatea