Epaimahaia

Fernando Franco

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Madrilgo ECAM eskolan Muntaketan titulatua. Hainbat film luze muntatu ditu, hala nola, Blancanieves, Que Dios nos perdone edo Viaje al cuarto de una madre, horiei esker Goya sarien hautagai izatea lortu duelarik. Gidoigile eta zuzendari gisa, film hauek zuzendu ditu: La herida (2013), Donostian epaimahaiaren Sari Berezia eta zuzendari berri onenaren Goya Saria jaso zituena, eta Morir (2017), Donostian estreinatu zena. Gainera, ECAM eskolan Muntaketa Diplomaturako koordinatzailea da eta zenbait prestakuntza-zentrorekin aritzen da lankidetzan, Kubako EICTV ikastegiarekin edota Pompeu Fabra unibertsitatearekin, ESCAC eskolarekin eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin, besteak beste.


Nahikari Ipiña

Nahikari Ipiña bilbotarrak Sayaka PC sortu zuen Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga, Koldo Serra eta Borja Cresporekin batera, eta film laburren ekoizpenean parte hartu izan du, besteak beste, 7:35 de la mañana (Vigalondo, 2005) eta Éramos pocos (Cobeaga, 2007) Oscar saria jasotzeko hautagai izan ziren horietan. Bere lehen film luzea Los conocrímenes (Vigalondo, 2007) izan zen, eta haren atzetik etorri dira, besteak beste, Pagafantas (Cobeaga, 2009) eta Gernika (Serra, 2016), baita Open Windows eta Colossal nazioarteko ekoizpenak ere, biak Vigalondok zuzendutakoak. Era berean, telebista eta plataformetarako egindako lanen artean, aipatzekoak dira El fin de la comedia eta El vecino.


Marcel Jean

Marcel Jean Quebec-eko Zinematekako zuzendaria da (Kanada), baita Annecyko Animazio-zine Jaialdiko zuzendaria (Frantzia) eta Montrealgo Zine Fantastikoaren Jaialdiko presidentea (Kanada), eta animazio-zineari buruzko zenbait liburu idatzi ditu. 1999. urtean Kanadako National Film Board animazio-estudioko nagusi izan zen, eta nazioartean saritutako film ugari ekoitzi zituen bertan. Animazio-zinearen Historia eta Estetika irakaslea ere izan da Montrealgo Unibertsitatean, baita Kanadako Irudi eta Soinuaren Institutu Nazionaleko (INIS) programa dokumentalaren zuzendari ere.


Susana S. Rodrigues

Susana S. Rodrigues portugaldarrak egile-zinearen proiektuak garatzen eta banatzen ditu, baita erakustaldiak prestatzen ere. Karlovy Vary (Txekiar Errepublika) eta Cinéma du Réel (Frantzia) jaialdien ordezkaria da Iberoamerikan. Rio de Janeiroko Nazioarteko Zine Jaialdiko eta Roterdamgo Hubert Bals Funtseko hautaketa-batzordeko kide da, baita Doha Film Institute-ko nazioarteko aholkulari ere. Argentina, Brasil, Kolonbia, Txile, Ekuador, Mexiko eta Uruguain presentzia duen Vaivem ekoiztetxe eta banatzaile portugaldarraren fundatzaileetako bat da.


Reem Shilleh

Reem Shilleh ikertzaile eta idazle palestinarrak bertako irudien ekoizpen historikoa modu kritikoan aztertzeko proiektuetan lan egiten du, hala argazki nola zine bidezko irudiei dagokienean. 2011. urtean Subversive Films sortu zuen Mohanad Yabuqi eta Nick Denes-ekin batera. Zine-ikerkuntzarako ekimen horren helburua da Palestinarekin eta Ekialde Ertainarekin lotutako lan historikoak argitzen laguntzea, horiek babestu, katalogatu eta artxibatzeko nazioarteko babesa eskuratzea, eta bazter utzi edo aurkitu berri diren filmak digitalki berrargitaratzea eta azpidaztea.

Rugilé Barzdziukaité

Rugilé Barzdziukaiték, Lituaniako zinemagile, antzerki zuzendari eta diziplina anitzeko artista honek, errealitate objektibo eta irudikatuen arteko arrakala du hizpide, eta pentsamendu ludikoaren modu antropozentrikoa aztertzean zentratzen da. Azken film luze dokumentalak (Acid Forest) ZINEBIren ZIFF saria jaso zuen iaz eta Locarnoko Jaialdian ere saritu zuten. Bere lanak nazioarteko jaialdi prestigiotsuetan sarituak izan dira. Aurten, Lituaniaren ordezkari izan da Veneziako Arteen Biurtekoan, eta ‘Sun and Sea’ izeneko instalazioari esker pabilioi nazional onenaren Urrezko Lehoia jaso du.


Chiara Marañón

Chiara Marañón programatzaile eta komisario espainiarra MUBI online zinematekako zuzendaria da, eta Erresuma Batuko zinemetako banaketaz arduratzen da. MUBI GO ere zuzentzen du. Leihatiletan errendimendua handitzeko proposamen berria da MUBI GO, areto komertzialetako estreinaldietan komisario-lana aplikatzeko bide originala baliatzen duena. Nazioarteko hainbat jaialditan epaimahaikide izan da, hala nola, Mar de Platan (Argentinan) eta Sheffield Doc/Festen (Erresuma Batua); eta Cartagena de Indiaseko FICCI jaialdirako (Kolonbia) eta Donostiako Tabakalerarako programak ere egin ditu.


Adrian Martin

Adrian Martin, arte-kritikari eta ikus-entzunezko saiogile australiarra, Monasheko Unibertsitateko Zine-ikasketetako irakasle ondokoa da (Australia). Zine eta herri-kulturari buruzko liburuak idatzi ditu, hala nola: ‘Mysteries of Cinema: Reflections on Film Theory’, ‘History and Culture 1982-2016’ (Amsterdam, 2018) eta ‘Mise en Scène eta Film Style: From Classical Hollywood to New Media Art’ (Palgrave, 2014). Zenbait aldizkaritan artikuluak idatzi ditu, ‘Sight and Sound’, ‘Film Comment’, ‘Cahiers du cinéma’ eta ‘Caimán’ aldizkarietan besteak beste. ‘Melbourneko The Age’ aldizkarian eta Australiako irrati nazionalean zine-kritikari ere aritu da.

Nere Falagan

Maite dut komunikatzea, bai ahoz bai irudi bidez. Getxophoto eta Mendi Film Festival jaialdietako komunikazio-lantaldean aritzeak ezagutza-trukerako aukera bikaina eskaini dit, eta, era berean, Bilboko Gidoi Eskolan eta Tunisiako Maison de l’Image ikastegian trebatzea ere benetan aberasgarria izan da niretzat. Behaketaren artea da nire pasioa. Fikziozko proiektuetan zein dokumentaletan parte hartzen dut modu aktiboan. Al Borde Films, Izaskun Arandia, David Ontoria eta Maru Solores dira nire bidaideak. Hala ere, ez dut alde batera uzten proiektu pertsonalak sortzeko aukera. Une honetan, proiektu berezi biren gidoia garatzen ari naiz; zine autentiko eta askearen bila, Jonas Mekas handiak esango lukeen bezala.


Amara Mosteiro

Gidoigilea, zuzendaria eta argazki-zuzendaria. Istorioak kontatzeak pizten dion pasioak antzerkia egitera eraman zuen txiki-txikitatik, baita arte mota oro esperimentatzera ere; eramailea aldatu egiten zen, baina xedea ez. Barakaldoko BAIn (Bizkaiko Antzerki Ikastegian) Arte Eszenikoak ikasi ondoren, eta Deustuko Unibertsitatean Filosofia ikasketak hasita, Argazki-zuzendaritza ikasi zuen eta zinean aurkitu zuen kontatzeko modurik osotuena. 2014. urtetik Zine eskolak ematen ditu, errodajeetako lanekin uztartuta.


Maru Solores

Zuzendaria eta gidoigilea, moviola batean hasi zuen zinearekiko harremana; hau da, 35 mm-tako muntaketa-gela batean, praktika-aldia eginez. Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan trebatu zen (Gipuzkoan), eta Zuzendari Zinematografikoko goi-mailako ikasketak egin zituen ondoren Alemaniako Zine eta Telebista Akademia, Berlin ikastegian (Deutsche Film- und Fernsehakademie Berlin – DFFB). Hauek dira bere lanik adierazgarrienak: Dortoka uhartea (2002), munduko zenbait jaialditan saritua; eta Camera obscura (2011) film luzea eta ETBrentzat egindako Puntu Koma (2019) web-saioa. Gaur egun Aztarnak-Huellas sortze-dokumentala grabatzen ari da.