KONFIANTZA OSOZ

Lehenengo urtea da Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia naizela. Egia da, Hiribilduko gobernura iritsi berri naizen arren, ez naizela berria toki-administrazioaren zereginetan, orain dela urte batzuk zuzendari izan bainintzen orain kudeatzea egokitu zaidan arlo honetan. Ondo ezagutzen ditut, bada, ZINEBIren azken urteotako antolatzaile nagusiak. ZINEBI zine jaialdi handi honekin topo egin dut berriro, eta jaialdia posible egiten duten profesionalekin elkartu naiz berriro.

1959. urtean sortua, estatuko hirugarren jaialdirik zaharrena da ZINEBI, Donostiako eta Valladolideko zine-jaialdien ondoren, eta film labur eta dokumentalen espezialitatean lehenengoa. Historia garrantzitsua, eta erantzukizun garrantzitsua.

Bilbotik pasa dira nazioarteko zine izar ugari (Ennio Morricone edota Jeanne Moreau, besteak beste), baita orduan oso ezagunak ez ziren herrialde askotako zinemagileak ere, lehen urratsak gure hirian eman zituztenak. Nazioarteko aitortza eskuratzera bidean zeuden batzuk; gazte hasiberri horien artean zeuden Richard Lester britainiarra edo Carlos Saura espainiarra adibidez. Eta gazte zuzendariei babesa eskaintzera etorri ziren beste batzuk; Serena Vergano aktore italiarra kasu. Zine garaikidearen abangoardiako lanik aske eta konplexuenetako batzuen sortzaileak betiere.

Izan ere, gure jaialdia beti egon da hemen, azken hirurogei urteotan bost kontinenteetako zuzendari berriei babesa eta ikusgarritasuna ematen, Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko zinemagile berriak adoretzen, eta beren presentzia nazioartera zabal dadin sustatzen (horren adibide da duela gutxi ZINEBIk Uruguayko Zinematekan aurkeztu duen euskal zinearen erakustaldia).

Hitz gutxitan, gure hiri, lurralde eta herrialdeko ikus-entzunezko sektorearen aldeko udal-ekintzaren tresnarik garrantzitsuena da ZINEBI. Erabat sinetsita nago jaialdiak rol garrantzitsua betetzen duela gure ikus-entzunezko sorkuntzaren garapen eta hazkundean, baita arlo horretako enpresa eta profesionalen prestakuntzan ere. Rol horrek, ordea, bide luzea du aurretik, batez ere, paradigma digital berriek mundu osoko zine-sorkuntzari planteatzen dizkioten erronka eta aukera ezezagunei erreparatzen badiegu.

Lan zoragarri horretan, jakina, nire babes eta konfiantza osoa dauka ZINEBIk.

Gonzalo Olabarria
Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia