INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

TALDE OSOAREN IZENEAN, BIHOTZ-BIHOTZEZ

Zinea arte kolektiboa dela esan ohi da. ZINEBIko zuzendari naizen bigarren urte honetan, adierazi nahiko nuke jaialdiaren edizio bakoitza talde lana aparta dela, emakume eta gizon zinemazale, langile eta sutsuen arteko lan kolektiboa. Eta, jakina, horiek guztiak helburu beraren alde aritzen gara lanean: alde batetik, bost kontinenteetako zine independente eta kalitatezkoaren atzean datzan munduaren joera estilistikoen, egiteko moduen eta irudien inguruan hausnartu nahi dugu; eta, bestetik, hausnarketa hori bilbotarrei zein kanpotik datozenei aurkeztu nahi diegu, giro kritiko eta espezializatuan egitarau solido eta koherentea eskainiz. Horretarako, ezinbestekoa da ikusleek urterik urte esperientzia paregabeaz gozatzea, eta filmak egiten dituztenekin elkartzeko eta eskaintzen dizkiguten irudien zergatia eta zertarakoaren inguruan solasean aritzeko aukeraz gozatzea.

Aipatutako bi helburuak lortzera bidean, ZINEBI taldeak —harrotasunez zuzentzen dudan honek— ez du bidean ezer eta inor ahaztu nahi: ez dugu ahazten jaialdi honek historia luzea duela atzean, baina baita etorkizun luzea ere; oso kontuan dugu gure oinarrizko betebeharretako bat dela Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko ikus-entzunezko sorkuntzaren eta industriaren garapenean laguntzea; erabat sinetsita gaude zineko irudiekiko maitasuna txiki-txikitatik ikasten dela, baita zineak herritar libre eta berdinek sortutako jendartea eraikitzeko potentziala duela ere; ezin ahaztu dezakegu, gainera, genero-berdintasun natural eta osoa lortzera bidean, ezinbestekoa dela emakumeek herrialde ezberdinetako zine-ekoizpenean egiten duten lana ikusarazi eta babesteko dugun borondatea berritzea, ez soilik zuzendarien lanari dagokionean, baizik eta lanbide berezi hau osatzen duten sektore profesional guztietan dihardutenen lanari dagokionean. Horiek dira, nire iritziz, ZINEBI bezalako jaialdi baten egiteko nagusiak.

Egun luze eta mugituak ditugu aurretik, eta ilusio handiz egingo diegu aurre; izan ere, gure jaialdiak tinko helduko dio egungo errealitateekin konprometitutako zine zein zinemagileekiko dugun konpromisoari… Eta horretarako talde bikaina daukagu, eduki ere; guztia bihotzez egiten duen pertsonez osatutako taldea.

Vanesa Fernández Guerra
ZINEBIko Zuzendaria