ZINEBIK BIHAR INAUGURATUKO DU BERE 61. EDIZIOA, LEHIAKETAN PARTE HARTUKO DUTEN EUSKAL FILM LABURREN EMANALDIAREKIN ETA CLAIRE SIMON ZINEGILE FRANTSESARI ETA WANG BING ZUZENDARI TXINATARRARI EMANGO ZAIZKIEN OHOREZKO MIKELDIEN BANAKETAREKIN

Sekzio Ofizialean lehiatuko diren zazpi film laburren –lau dokumental eta hiru fikzio– emanaldia bihar izango da, 20:00etan, Bilboko Arriaga Antzokiko agertoki nagusian.

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 61ek bihar zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, 20:00etan, Sekzio Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburren emanaldiarekin eta omenaldi bikoitzarekin. Omenaldi horretan edizio honetako Ohorezko bi Mikeldi emango zaizkie Claire Simon zinegile frantsesari eta Wang Bing zuzendari txinatar ospetsuari.

Sra. Polaroiska kolektibo artistikoaren (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe, 2017ko Gure Artea Saria) esku egongo den ekitaldian zehar, ZINEBI 61ek, alde batetik, Claire Simonek Europako zine garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren berrikuntza erradikalaren alde egin duen apustua aintzatetsiko du. Gure garaiko zinemagile ospetsuenetakoa den eta munduko jaialdi nagusietan sariak lortu dituen Wang Bingi dagokionez, bere jatorrizko herrialdetik etorriko da Bilbora, zine garaikideko zinegile berritzaileenetako gisa aintzatesten duen saria jasotzera; izan ere, bere begirada guztiz originala da, eta horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa den eran, ahotsik gabeko jendea eta ahaztuta dagoen Txina hartan jende horrek bizirik irauteko aurrera daraman borroka erakusten jakin du.    

Ohikoa denez, galaren amaieran, lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburrak proiektatuko dira. 57 film laburrek hartuko dute parte ZINEBI 61eko Sekzio Ofizialean, 18 fikziok, 22 dokumentalek eta 17 animaziok. Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean, 7 euskal zinegileek egindakoak dira. Bihar Arriaga Antzokian proiektatuko diren euskal ekoizpenak hauek dira:

Xulia, Lur Olaizola (dokumentala). 

Mateoren ama, Aitor Arregi eta José Mª Goenaga (fikzioa).

Ártico, Jesús Mª Lazkano eta Josu Venero (dokumentala).

Anti, Josu Martínez (fikzioa).

Medvedek, Ainhoa Gutiérrez (dokumentala).

Regina, Lander Ibarretxe (fikzioa).

Solo son peces, Paula Iglesias eta Ana Serna (dokumentala).

Zazpi film horiek Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusia (6.000 euro), Zine Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 euro), lehiaketako hiru generoetako –fikzioa, dokumentala eta animazioa– Mikeldiak (5.000 euro), Ikus-entzuleak-EiTB Saria (3.000 euro) eta Euskal Gidoi Onenaren SGAE– Euskadi Kontseilua Saria (3.000 euro) lortzeko lehiatuko dira.

Nazioarteko Lehiaketa Sekzio ofizialeko sariak nazioarteko epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakaslea, Nahikari Ipiña ekoizlea, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdi ospetsuko zuzendaria, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarra eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazlea, bere herrialdeko argazki eta zine ekoizpenaren azterketan aditua.

Beste sekzio paralelo batzuetan, eta aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 61ek arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Oraingo honetan lau film luze dokumental eta 21 film labur aurkeztuko dira. Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa  eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiaren lankidetza duen Larraitz Zuazoren Bai, Bagara! lanen estreinaldiak azpimarratu behar dira. Bi ekoizpen lanek ETBren laguntza dute. Horrez gain, jaialdiak, Euskal Filmotekaren lankidetzarekin, gure ikus-entzunezko ondareko pieza historikoa eta ia ikusi gabea aurkeztuko du, Los hijos de Gernika 1968an Venezuelan, klandestinitatean, egin zen propaganda politikorako film labur dokumentala.

SEKZIO OFIZIALEAN LEHIATUKO DIREN EUSKAL FILM LABURREN SINOPSIA

ÁRTICO. Jesús Mª Lazkano eta Josu Venero (2019, 16 min, Dokumentala).

Mahaiaren gainean, Ipar poloko Svalbard artxipelagora egin nuen azken bidaiaren mapa dago. Mapa zimurtu eta apurtu hori adimen-kartografia da orain, margolaritza eta marrazkigintzaren eremua, asmamenaren esparru berri eta kitzikagarria.

ANTI. Josu Martínez (2019. 18 min, Fikzioa).

1921eko negua. Frantziaren alde lau urtez fronteetan borrokatu ondotik, soldadu joandako herritarrak Baxenafarroako Bizkarsoro herrixkara itzuli dira. Juduaren izar horia, agotaren belarria bezala, eskolan euskaraz mintzo diren haurrak, Anti izeneko ziri mutur batekin seinalatuak dira.

MATEOREN AMA. Aitor Arregi eta José Mª Goenaga (2019. 14 min, Fikzioa).

Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakitzen du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea; semealabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan.

MEDVEDEK. Ainhoa Gutiérrez (2019. 13 min, Dokumentala).

Esloveniako bi hartz emeren etorrerak Nafarroa-ko Pirinioetako oreka irauliko du. Milioi bat urtez hartza Pirinioetako biztanlea izan da, eta haren desagertzeak ingurua eraldatu zuen. Bisitari berri hauen presentziak iraganeko gatazkak azaleratuko ditu.

REGINA. Lander Ibarretxe (2019, 17 min, Fikzioa).

Carmen izeneko gazte bat komentu batean bizitzera behartu dute, bertako mojak eta haien arau zorrotzak bizilagun dituela. Carmen ez da zoriontsua. Ez du ulertzen zergatik urrundu duten aitarengandik, eta elkarrekin zuten bizitzaren falta sentitzen du. Hala eta guztiz ere, mojek ere ez dute ulertzen nola jarrai dezakeen hainbesteko mina eman dion pertsona bat maitatzen.

SOLO SON PECES. Paula Iglesias y Ana Serna (2019, 17 min, Dokumentala).

Teslem, Dehba eta Jadijak arrain-haztegi batean egiten dute lan, saharar errefuxiatuen kanpamentuetan. Non? Argelian, desertu erdian, euren sorterritik oso urrun. Jada ez dute itsasorik, baina bai arrainak.

XULIA. Lur Olaizola (2019, 16 min, Dokumentala).

1985ean, Xulia desintoxikazio zentro batean zegoenean, gertaera batek bere bizitza markatu zuen. Urte batzuk beranduago ‘Futuro imperfecto’ idatzi zuen, liburu bilakatutako memoria ariketa bat. Zerk irauten du zutik? Nola ibili iraganeko aztarnetan zehar? Xulia bidaia bat da. Belaunaldi oso baten memorian barruratzen den bidaia.