INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

ITZULI

Urtean zehar Bilbon antolatzen diren beste hainbeste kultura-jarduera bezala, berriro iritsi da ZINEBI gurera, 2020. urte arraro honetako oztopoak guztiak gaindituta. 

Ezin ahantz dezakegu kulturak lan gogorra egin behar duela guregana iristeko; dela abesti, dela liburu, dela antzezlan, dela film… ez da erraza publikoarenganako bidea egitea. Aurten bereziki zaila izan da, eta inoizko urterik beltzenetako bat izango kultura arloko sortzaile eta langileen memorian. Joan den udaberrian hilabete gogorrak igaro genituen, eta, orain, kultura arloko sortzaile eta langileekin dugun zorra nola kitatu galdetzen diogu geure buruari askok. Izan ere, itxialdi garaian, halabeharrez etxean gordeta geunden bitartean, kultura etorri zitzaigun larritasuna baretzera, asperdura arintzera eta hausnarketa bideratzera. Zor hori kitatzeko, bada, izenburu bat aipatu besterik ez dago; Le Peraren abesti bat eta, aldi berean, Almodovarren film bat: Volver. Itzultzea.

Instituzio publikoek deialdi bateratua egin diegu kultura maite duten herritar guztiei, museoetara, arte guneetara, antzokietara eta zine aretoetara itzul daitezen; gu, ikusleok baikara kultura arloko langileen izateko arrazoia. Baina, urrats hori ematean ere, ezin ahaztu ditzakegu agintaritza eskudunek ezarritako osasun-neurriak. Kulturaren biziraupena dago jokoan.

Ekaitzaren ondoren barealdia datorrela dio esaerak. Baina, Hirokazu Koreeda zuzendariaren film batean gertatzen denez (2014ko Ohorezko Mikeldia), aurretik genituen ohituretara ez gara berehala itzuliko, eta bidea ez da erraza izango. Izan ere, pandemiak osasunean eragin dituen ondorio larriez gain, oso kontuan izan behar dugu zailtasun sozial eta ekonomiko garrantzitsuak gainditu beharko ditugula etorkizunari konfiantzaz begiratu ahal izateko.

Hala, ziurgabetasuna nagusi den panorama honetan, itzultzeko ordua iritsi zaio ZINEBIri. Eta, harekin batera, gure jaialdiarekiko sentitzen dugun konfiantza eta maitasuna erakusteko ordua iritsi zaigu bilbotarroi; irudien mugimenduan oinarritutako arteaz gozatzeko ordua, eta jaialdia posible egiten duten sortzaileei babesa erakusteko ordua. 

Hori horrela, 62. edizio honetako lan askotan ikusiko dugu, zuzenean kasik, zer nolako hausnarketak egin dituzten bost kontinenteetako zinemagileek 2020 ahaztezin honetan gertatu zaigunaren inguruan.

Juan Mari Aburto
Bilboko Alkatea

Share on facebook
Share on google
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on email
Share on print