Krisialdi betean, MEGESA (Sevilla), Battenfeld, Fisam, Eursotil, Roselson (Bartzelona) eta Babcock & Wilcox (Bizkaia) enpresetako langileek beren lekukotasuna jasota uzten dute. Krisialdi ekonomikoak enpleguaren erregulazioak, lantegiak ixtea eta jendea kaleratzea eragiten du. Sindikatuak kalera ateratzen dira, baina Moncloarekin lortzen dituzten akordioek ez dituzte langileak asetzen. Batzarrak, martxak, zirkulazioa mozteko ekintzak eta elkartasun eskeak herri osora hedatzen dira eta, Euskadin, Francoren heriotzaren osteko lehen greba orokorra antolatzen da.
Filmaren abiapuntua Europan 60ko hamarkadan egindako zine militantearen berrikuspen kritikoa da, eta arreta emakumeek zine-genero horretan zeukaten ahalmen disruptiboan ipini da. Filmaren egiturak Itxaro Borda idazle euskaldunaren “Klara eta biok” (1985) narrazioaren berrikuspena du oinarri. Idazlea eta haren iraganeko hitzak aurrez aurre jarrita, euskal nortasun militantearen ikuspegi kritikoa eguneratu nahi da.
Film hau saiakera bat da, 80ko hamarkadan Britainia handian gertatutako arrazagatiko eta mugimendu zibilengatiko istiluei buruz, eta 1985eko hiriko matxinadei buruz. Zehazki, 1985ean Birminghameko Handsworth auzoan eta Londresko erdigunean gertatutako istilu zibilak hartzen ditu abiapuntu gisa. Ideia batek zeharkatzen du film osoa: istiluak gizarte britainiarrak presentzia beltzaren gainean egindako errepresio luzearen emaitza izan zirela. Desordena zibila atsekabe baten istoriorako sarrera gisa irudikatzen da, eta atsekabe hori lotuta dago gainbehera industrialak eragindako drama nazionalarekin.
Elkarrekin lan egiteari buruzko esperimentu bat eta etorkizunari buruzko film bat. Elkarlana hondoratutako esklabo-ontzi bat aurkitu zutenean hasi zen, eta artista batek filosofo bati zera galdetu zionean: nola iritsi gizaki-ostera teknologiarik gabe? Eta filosofoak zera erantzuten dio: agian, denborarik gabeko film bat egin dezakegu. Emaitza esklabotzaren eta baliabideen erauzketaren arteko ebaketa barrutik hitz egiten duen bideo bat da, Black Live Matters eta bizitzaren materiaren artean dagoena, elementuen egoera-aldaketaren, intenporalitatearen eta tarotaren artean dagoena. Elkarrekin, gure buruari zera galdetzen diogu: zer gertatzen zaio gizatiarra den horri elementuen bidez adierazten badugu?
Filmak forma esperimentalak baliatzen ditu 1984ko Britainia Handiko bizitza behatzeko, arreta pertsona afrobritainiarretan jarriz. Filmak onartu egiten du zaila dela azalpen soiletara murriztea esperientzia horiek eragiten dituzten botere-dinamikak eta, horren ordez, “lurraldeak” terminoa erabiltzen du esku hartzen duten agenda eta esperientzia anitzak islatzeko. Agenda —edo lurralde— horietan arraza, klasea eta sexualitatea sartzen dira.