INTERNATIONAL FESTIVAL
recognised by:
INTERNATIONAL FESTIVAL
categorised as Class A by:

Kartela

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 62. edizioaren kartela aurkeztu du, Eider Corral diseinatzaile grafiko eta arte zuzendariak egindakoa.

Aurtengo uztailean, The New York Times Magazine astekariak ale berezia argitaratu zuen, zeinetan aldarrikatzen baitzen errealitatea surrealista denean, fikzioak soilik eman diezaiokeela zentzua. COVID-19 pandemiak nahasitako errealitatearen sentsazioak inspiratuta, eta errealitatean zein fikzioan existitzen diren tokietan zentratuta, Bilboko kaleetara irten zen Corral, pertsonek hiriarekin nola berrelkartzen ziren aztertzeko.

ZINEBIren 62. edizioaren kartelean, egunerokotasunean Salbeko Zubian hartu diren hainbat irudi uztartzen dira, errealitatearen erregistro dokumentaletik eta kontakizunetik asko duen irudi grafikoa sortzeko. Hala, «close-up» baliabidearen bitartez, distopia birikoa nagusi den urte honen inguruko istorioak, fantasiak eta oroitzapenak iradokitzen ditu.

Diseinatzaile grafikoa eta arte zuzendaria da Eider Corral. Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta berehala abiatu zuen bere lehendabiziko estudioa; handik lan egin zuen, batez ere, musika eta kulturarekin lotutako proiektuetan. Bilbotik lanean zenbait urte eman ondoren, Bartzelonara aldatu zen eta bertan diseinu grafikoa ikasi zuen, baita tipografian espezializatu ere. Tokiko zenbait estudiotatik igaro ondoren -Martí Guixé diseinatzaile ohiarekin egindako lana nabarmentzen da-, diseinatzaile independente gisa finkatzea erabaki zuen eta ibilbide luzea abiatu zuen horrela, artista ezagunekin lan egitera eraman duena (Christina Rosenvinge, Martirio, Silvia Pérez Cruz edo, berriki, El Columpio Asesino). Diskografia zigiluekin lan egin du, Blue Note edo Deutsche Grammophon-ekin kasu, eta kolaboratzaile berrienen artean azpimarra daitezke Sternberg Press argitaletxe berlindarra eta Columbiako Unibertsitatea. Gaur egun, sormen arloko aholkularitza eskaintzen die erakundeei eta proiektu kulturalei.

Erreferentzia ugari barne hartuz sortzen dituen diseinuetan, arreta berezia ematen dio tipografiari, eta haren bitartez artikulatzen ditu atmosferak eta esanahiak. Nahiago du iradoki zuzenean esan baino, eta proiektu artistikoen diseinua zein komunikazioa lurralde ireki gisa planteatzen ditu, non mezuaren hartzaileak berak bukatzen baitu lana osatzen.

Cartel Zinebi 2020
Irudia deskargatu

Share on facebook
Share on google
Share on twitter
Share on whatsapp
Share on email
Share on print