ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Cannes Docs Marché du Film dokumentalari eskainitako plataformaren Partner Festival gisa, lankidetzan aritu da ICEX España Exportación e Inversiones-ekin, Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA) eta FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldiarekin Cannes Docs-en Espainiari eskainitako lehen showcasea antolatzen, zeina maiatzaren 21ean izango baita, Cannesko Jaialdi eta Kongresuen Jauregian.
Apirileko bigarren astean amaitu zen hautaketa prozesu baten ondoren, film luze dokumentaleko lau proiektu hautatu dira. Proiektuak munduko zinemaldi garrantzitsuenetako programatzaileek osatutako ikusleria prestigiotsuaren aurrean aurkeztuko dira, eta baita zinema dokumentaleko izen handiko ekoizle, banatzaile eta zuzendarien aurrean ere. Honako hauek dira hautatuko proiektuak:
- Itoiz, Larraitz Zuazok zuzendua eta Doxa Producciones-ek ekoitzia.
- Los restos del pasar, Luis “Soto” Muñozek eta Alfredo Picazok zuzendua eta Du Cardelin Studio eta Mubox Studio konpainiek ekoitzia.
- Um film de Fernando Ruiz Vergara, Concha Barquerok eta Alejandro Alvaradok zuzendua, eta Azhar Media eta Alvarquerok ekoitzia.
- Un árbol es un árbol, Carlos Marques-Marcet-ek zuzendua eta Suica Productions, AXfilms eta Lastor Media-k ekoitzia.
Hautatutako lau dokumentalen zuzendariek eta ekoizleek beren proiektuen irudiak aurkeztu ahal izango dituzte zinema dokumentaleko profesionalei eskainitako merkatuaren gunean, zeinak balioa ematen baitie, bai genero dokumentalari, bai hura munduko industria zinematografikoan modu organikoan integratzeari.
Cannes Docs maiatzaren 18tik 24ra bitartean ospatzen da, munduko zinemaldi garrantzitsuenaren esparruan eta, zehazki, Marché du Film-ean.
ZINEBIrekin batera, Cannes Docs-eko festival partners talde finaren parte dira munduko zinema dokumentaleko jaialdi prestigiotsuenetako batzuk: CPH:DOX (Danimarka), DokuFest (Kosovo), DOK Leipzig (Alemania), Movies that Matter Festival (Herbehereak), Visions du Réel (Suitza), RIDM – Montreal International Documentary Festival (Kanada), DMZ Docs (Koreako Errepublika), É Tudo Verdade / It ‘s All True International Documentary Film Festival (Brasil) eta Ji.hlava (Txekia).
ZINEBIk Cannes Docsen duen esperientziak eta film luze dokumentalen proiektuen garapenaren laguntzan buru-belarri jarduteak —ZINEBI Networkingen bidez, zeina 2018tik urtero egiten baita— aukera eman dute proiektu dokumentalen programa hau abian jartzeko. Programak nazioarteko koproduzitzaile berriak eta hautatutako filmak amaitzeko finantzaketa osagarria egotea erraztu nahi du.