Bilboko Udalak antolatutako ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian J. Alberto Andrés Lacasta, Huescako zuzendariaren Manolo Kabezabolo (Si todavía te kedan dientes es ke no estviste ahí) filma aurkeztu da, Du Cardelin Studiok ekoitzia.

Bihar, asteazkena, 20:00etan Sala BBKen ikusi ahal izango den filma Bilbora iritsiko da, Bartzelonako In-Edit jaialdiaren 21. edizioan mundu mailan estreinatu ondoren, Panorama Nacional sailaren barruan. ZINEBIn Bertoko Begiradak sailean programatu da, euskal errealitatea gai nagusitzat duten film labur eta dokumentalak ardatz hartuta, eta aurten 20 film labur eta 6 film luze ikus daitezke.

Golem Alhondigan kazetarientzako pasea egin ostean, J. Alberto Andrés Lacasta filmaren zuzendariak eta Manolo Kabezabolo filmeko protagonistak agerraldia egin dute gaur goizean hedabideen aurrean.

Film honek Zaragozako Diputazio Probintzialaren, Zaragozako Udalaren eta Aragoi TVren babesa du, eta Manuel Mendez, Manolo Kabezabolo izenez ezagunagoa, aurkezten du. Punk artista honek, modu sinesgaitz samarrean, denbora, espazioa eta modak gainditu ditu, bere esentziei eta printzipioei uko egin gabe, ikono kontrakultural bihurtzeko.

Istorio honetako protagonistarekin batera, Albert Plá (abeslaria), Kutxi Romero (Marea taldeko abeslaria), Evaristo Páramos (abeslaria), Cristina Morales (idazlea), Santi Ric (ahaldun-ohia), Kike Turrón (musikaria eta musika-kronikaria), Kike Babas (abeslaria eta idazlea), Nacho Tajahuerce (poeta), Rakel Winchester (abeslaria), Manolo Monzón (manager ohia), Jaume AOS Sanuy (road manager ohia), Jaume Esteve (manager ohia), Rafa Trigos (ahaldun-ohia), Pilar Albiac (road manager) eta Fernando Madina (Reincidentes taldeko abeslaria) daude.

Filmaren zuzendariak aitortu duenez, “Manolo Kabezabolo nire gaztaroko zati banaezina da, hura entzuten eta haren kontzertuetara joaten hazi nintzen, bere hiri-kondaira guztiak, bere zorabioak eta bere poesia guztia ezagutzen nituen, eta horrek bihurtu ninduen betiko, eta gaur egun arte, beretako bat. Ia hogeita hamar urteren ondoren, berarekin berriz topo egitea eta etorkizunera begira konfidentzialtasunak partekatzea esperientzia basatia da oraindik”.

ZINEMA DOKUMENTALA PLATAFORMETAN

ZINEBIk Zinema dokumentala, telesail dokumentalak eta plataformak foroa hartuko du bihar, azaroak 15, asteazkena. Estatuko ikus-entzunezko edukien plataformetan zinema dokumentalak duen lekuari buruz hausnartzeko topaketa profesional bat izango da.

Topaketa profesional hau showcase batekin hasiko da, non Elías León Siminiani zuzendariak (Dokumental Onenaren Feroz Saria 2019an eta Film Labur Onenaren Goya Saria 2022an) telesail dokumentaletan duen esperientzia azalduko duen: El caso Asunta: Operación Nenúfar dokumentalatik (2017, A3Mediarentzat), El caso Alcàsser-era (2019, Netflixentzat), El circo de los muchachos (2023, Amazon Prime Videorentzat) bere hurrengo lana izango deneraino.

Hain zuzen ere, aurtengo berrikuntza gisa, ZINEBIk EITBren Primeran doako plataforma digitalera zabaltzen ditu bere proiekzioak. Plataforma horrek Jaialdiaren aurreko edizioetan proiektatu diren euskal produkzioko filmen sorta bat jarri du herritar guztien eskura. Gainera, ZINEBIk aurten ere bilduma berezi bat izango du FILMIN ikus-entzunezko edukien plataforman, non aurreko edizioetan erakutsi ziren dozenaka film egongo diren eskuragarri.

ARTXIBOAREKIN (ETA HORTIK) LAN EGITEA

ZINEBIk, edizio honetan, Artxiboarekin (eta artxibotik) lan egin topaketa proposatzen du. Topaketa bihar izango da, 16:30ean, Azkuna Zentroan (Bastida Aretoa). Bertan, ikus-entzunezko ondarea sailkatzen, ikertzen eta berreskuratzen diharduten erakundeen lana balioetsi eta zabaldu nahi da.

Bertan parte hartuko dute Valeria Camporesi Espainiako Filmategiaren zuzendariak; Miguel Fernández Labayen A/Z Zulueta Inédito komisariokideak, Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera ZINEBIk Euskadiko Filmategian duen biltegiaren ikerketa-proiektuaren ikertzaile nagusiak; Carlos Muguiro zinemagile eta EQZEko zuzendari akademikoak; Pablo La Parra Pérez Donostiako Zinemaldiko artxibo-proiektuaren koordinatzaileak; eta Pablo Maravi eta Libe Belandia, VideoFlux (UPV/EHU) euskal bideoartearen ikus-entzunezko artxiboa ardatz duen ikerketa-proiektuaren ordezkariek
Topaketaren ondoren, parte-hartzaileek A/Z Zulueta Inédito zikloaren azken programaren proiekziora joateko aukera izango dute, argitaratu gabea, zazpigarrena, Apuntes y bocetos izenekoa. 89 minutuko iraupenarekin, programa honek Ivan Zuluetaren obra noraino iritsi zitekeen planteatzen du, norantz jo zezakeen susmatzeko aukera ematen duten proposamen batzuen bidez.

Zazpigarren programa honek honako izenburu hauek ditu:

  • Kodak Virg Virg
  • Chicago 1980
  • ReyesEtcAcuariumVersionCompleta (c. 1975)
  • Fuegos Artificiales Foco Proyector apto. Con Burbana avispa bombilla filamento Poti (1971-1976)
  • Materiales originales de Amalgama (c. 1975)
  • Nenes (c. 1972)
  • Cine Album Kodak 6 (1969-1975)
  • TitulosMiEgoEsta RefilmacionIrureta IRURETA REMAKE MAL (1975-1987)