- Saria emango zaio Espainiako zinema garaikidearen funtsezko figura eta ekoizpen zinematografikoan erreferente eztabaidaezina izateagatik.
- Sari hori jasotzeko galan, edizio honetako sariak ere banatuko dira, eta Annecy Jaialdiko “What The fuck Off’ saileko lanak proiektatuko dira.
- Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ostiralean, azaroak 28, amaiera emango dio bere 67. edizioari.
(Bilbon, 2025eko azaroaren 26an).– ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ostiral honetan, azaroak 28, emango dio amaiera 67. edizioari, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Ekitaldian, Epaimahaiek adostutako sariak banatuko dira film laburrentzat, film luzeentzat eta proiektuentzat.
Gainera, Esther Garcia ekoizleak Ohorezko Mikeldi saria jasoko du, Espainiako zinema garaikidearen funtsezko figura eta produkzio zinematografikoan erreferente eztabaidaezina izateagatik. Ibilbidean zehar, gure garaiko egile garrantzitsuen lana bultzatu du, ekoizpenaren zeregina sormen-ekintza eta kulturarekiko konpromiso-ekintza bezala sendotzearekin batera. Pedro Almodovarren kolaboratzaile erabakigarria da eta El Deseo ekoiztetxetik sortzen ari diren zinemagile askorena ere bai. Lanean, zorroztasuna, sentsibilitatea eta zinemarentzat lan egiteko bokazio handia uztartzen ditu. Esther Garcia talentuaren adibide bat da, eta iraunkortasuna, bikaintasuna eta eskuzabaltasuna biltzen ditu bere lanean.
Esther Garcia hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Arriaga Antzokian, eta harekin batera izan dira Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia den Gonzalo Olabarria eta ZINEBIren zuzendaria den Joseba Lopezortega.
ALKATEAREKIN BILERA
Era berean, Ohorezko Mikeldi saria emateko ekitaldiaren aurretik, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Gonzalo Olabarria zinegotziarekin batera, harrera egin dio Esther Garciari Udaletxean. Topaketan, Estherren ibilbidea eta zinemagintzan egindako ekarpen nabarmena nabarmendu dituzte. Omenduak esker oneko hitzak partekatu ditu sariagatik eta ZINEBI bezalako jaialdiek ikus-entzunezko sormenari ematen dioten bultzadarengatik.
ESTHER GARCÍA
Sariduna 1975ean hasi zen lanean Pedro Olearekin eta “Pim, pam, pum… fuego”, filmarekin batera. Horren ondoren, honako hauek etorriko ziren: TVEko “Curro Jiménez” telesaila, Mariano Ozoresen “Los bingueros”, Fernando Truebaren “Sé infiel y no mires con quién” eta “El año de las luces”, Fernando Colomoren “La vida alegre”, Augusto Martinez Torresen “El pecador impecable” edo TVEko “Los pazos de Ulloa” telesaila, Gonzalo Suarezena. Lanbidearen lehen hamarkada izango da hori, eta telebistarako Mario Camus edo Pilar Mirórekin egindako beste lan batzuk ere gehitu behar zaizkio.
Ibilbide luzean zehar, Estherrek sari ugari eta sari ospetsuak jaso ditu, eta Zinematografiako Sari Nazionala edo Donostiako Zinemaldiak duela bi hilabete eskas emandako Donostia Saria bezalako batzuek diziplina bati erreparatu diote lehen aldiz; hots, produkzioari, errekonozimendu hain bikainak merezi izateko ia aintzat hartu ez denari.
Haren ibilbidearen eta bizitzaren zati handi bat Pedro eta Agustin Almodovar anaiei lotuta dago, haiengandik ez baita banandu 1986an “Matador” filmatu zenetik. Horrela, gure zinemako izenburu garrantzitsuenetako batzuk eta nazioartean ospe handiena duten batzuk aipa daitezke: “La ley del deseo”, “Mujeres al borde de un ataque de nervios”, “Átame”, “La flor de mi secreto”, “Todo sobre mi madre”, “Hable con ella”, “La mala educación”, “Volver”, “Los abrazos rotos”, “La piel que habito”, “Dolor y gloria”, “Madres paralelas”, “La habitación de al lado” edo “Amarga navidad”, zinemetara datorren urtean iritsiko dena.
Pedro Almodovarrek zuzendutako izenburu guztiez gain, Esther Garciak beste zinemagile batzuen filmen ekoizpena gidatu du El deseo faktoriatik: Alex de la Iglesiaren “Acción mutante”, Monica Lagunaren “Tengo una casa”, Guillermo del Tororen “El espinazo del diablo”, Daniel Calparsororen “Pasajes”, Isabel Coixeten “Mi vida sin mí”, “La vida secreta de las palabras” eta “Nieva en Benidorm”, Belen Maciasen “El patio de mi cárcel” edo Oliver Laxeren “Sirat”, Oscar sarien hurrengo edizioan Espainia ordezkatzeko aukeratua.
Herrialdeen artean zubiak ezartzeko borondate apurtezinean, Argentinako ekoizpenekin egindako lankidetza garrantzitsuak aurkitzen dira; tartean, Damian Szifronen “Relatos salvajes” eta Lucrecia Martelen “La mujer rubia” eta “Zama”. CIMAko (Emakume zinemagileen eta ikus-entzunezkoen elkartea) partaide aktiboa da, eta haren konpromiso sozial eta feministak ere gure historia hurbilaren ispilu adierazgarria aurkitu du dokumentalean.
ZINEBIren itxiera-galan Ohorezko Mikeldi Saria banatu eta gero, ‘What The fuck Off’ osatzen duten lanak proiektatuko dira; hau da, Annecy Jaialdian sortutako sail ospetsua, underground eta film labur animatu eta adeigabeak biltzen dituena. Emanaldi hori Sebastien Spererek aurkeztuko du, sail honen arduradunak.
ESTHER GARCIAREN ETA PAZ SUFRATEGIREN ARTEKO TOPAKETA
Azaroaren 27an, osteguna, 20:00etan eta La Sinsorgan, Esther Garcia Paz Sufrateguirekin bilduko da; hau da, TVEko “Versión Española” programaren zuzendariordea eta koordinatzailea 2004tik 2024ra bitartean, eta Mantxako zuzendariaren unibertsoarekin ere lotua prentsako buru bezala, El Deseo ekoiztetxearen ia bi hamarkadako denboraldian.

