- Bilboko Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdia azaroaren 20tik 27ra egingo da.
- Laura Poitras, Barbara Kopple, James Benning eta Albert Serra Essential Docs atalean nabarmenduko dira; atal horretan ZINEBI Networking-ek aldez aurretik bultzatutako filmak daude.
- Ramón Barea bilbotarrak eta István Szabó zuzendari hungariarrak 2026ko Ohorezko Mikeldiak jasoko dituzte; Bertoko Begiradak atalak euskal film laburren lau saiotara zabalduko du bere programazioa.
- GazteDoku jaialdiaren alderdi profesionalera igaroko da: 25 proiektu jaso ditu, eta ikaskuntza dokumentala ZINEBI Networking programarekin lotuko du.
- Spain Shorts atalak ikusgarritasuna emango die Estatuko film laburrei, eta Caimán Cuadernos de Cine – ZINEBI kritikaren sari berria emango du, 2.000 eurokoa.
- Lehiaketa Arriaga antzokira itzuliko da eta Bilboko Arte Ederren Museoa berriro izango da egoitza, Golem Alhondiga, BBK aretoa, Bilborock eta Guggenheim Bilbao Museoa eta Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaorekin batera.
- Jaialdiak Jesús Mari Lazkanok sinatutako kartel bat dauka aurten.
Bilboko Udalak antolatutako Nazioarteko Dokumentalen eta Film laburren Zine Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 20tik 27ra bitartean egingo du 68. edizioa, film labur eta dokumental garaikideak lehen planoan kokatzen dituen programazioarekin. Nazioarteko Lehiaketan 49 lan bilduko dira, fikziozkoak, animaziozkoak eta dokumentalak, 3.300 proposamen baino gehiagoren artean aukeratutakoak. Essential Docs atalean, berriz, Laura Poitras, Barbara Kopple, James Benning eta Albert Serra figurak deituko ditu. Apustu horri Spain Shorts atala gehitu behar zaio, estatuko film laburrerako leiho bat.
Edizio honek film berriak garatzeko espazio gisa daukan zeregina ere indartuko du: Essential Docs ataleko zenbait titulu, horien artean “La noche de la infancia”, “La Pietà” eta “Taranta”, aurretik ZINEBI Networking-en parte hartu zutenak. Talentuari laguntzeko ildo horretan sartu da GazteDoku, SGAErekin eta EHUrekin batera garatutako ekimena. Aurten 25 proiektu jaso ditu eta prestakuntzaren, sorkuntzaren eta Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren arteko lotura handitu du.
Beste alde batetik, 2026ko Ohorezko Mikeldiak jasoko dituzte Ramón Barea Bilboko zuzendari eta dramaturgoak eta István Szabó Hungariako zinemagileak; Bertoko Begiradak atala lau saiotara zabalduko da; euskal dokumentalen ekoizpenaren panoramika egingo da eta belaunaldi desberdinetako publikoentzako jarduerak egingo dira. Era berean, memoria, migrazioak, identitatea, giza-harremanak eta lurraldearen eraldaketak dira hautatutako lan gehienen gai nagusiak.
ZINEBIren 68. edizioaren programazio osoa gaur goizean ezagutarazi dute Udaletxean Joseba Lopezortega jaialdiaren zuzendariak eta Cristina Ezquerra jarduneko idazkari nagusiak.
SEKZIO OFIZIALA: 49 FILM LABUR, FIKZIOZKOAK, ANIMAZIOZKOAK ETA DOKUMENTALAK
Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako Sekzio Ofizialak 49 obra biltzen ditu, jasotako 3.300 proposamenen artean aukeratutakoak. Zortzi programatan banatzen dira, eta mundua fikziotik, dokumentaletik eta animaziotik kontatzeko moduen adibide bat dira. Hautapen-batzordearentzat, ikus-entzunezko kontsumoan nagusi diren formulen aurrean, harritzeko, ziurtasunak zalantzan jartzeko eta ikuspegi estetiko, kultural eta politiko berriak proposatzeko gai den zinema da.
Film guztien Estatu mailako estreinaldia izango da Bilbokoa, eta Arriaga Antzokian proiektatuko dituzte, azaroaren 21etik 26ra, zortzi saiotan.
Lehiaketan daude: “The Revolution Against Death”, Estatu Batuetako Joshua L. Oppenheimer-ena; “Masao Adachi Takes a Passport Photo”, Kamal Aljafari zinegile palestinarrarena; “The Spoon”, de Nele Wohlatz-ena; “Raftsmen and Canoeists”, Jonathas de Andrade Brasileko artistarena; eta “Electric Birds”, Ulu Braun-ena. Hauek ere ikusgai izango dira: “Please“, Anna Mantzaris-ena; “Cartoon Physics”, Ru Kuwahata eta Max Porter-ena; “Ploo”, Jon Frickey-rena; eta “Algo en la casa”, Carla Pereira-rena. Horiek guztiek animazio garaikideko lengoaien aniztasuna erakusten dute.
Lehiaketako tituluek gaur egungo desplazamenduak, loturak eta gatazkak jorratzen dituzte ikuspegi heterogeneoetatik: “A Tenderness”, Sabrine Khoury-rena; “Patronymic”, Mariia Ponomarova-rena; “El león”, Diana Bustamante-rena; “Memories of a Window”, Mehraneh Salimian eta Amin Pakparvar-ena; edo “Forgotten Spaceman”, Elham Ehsas-ena. Fikzio hauek ere ikusiko dira programan: “Nervios de acero”, Beatriz Navas Valdés-ena; “Los andares”, Isa Luengo eta Sofía Esteve-rena; eta “En este día tampoco se encontró nada”, Irene Visa-rena.
Euskal sorkuntzak presentzia nabarmena izango du Sail Ofizial honetan: “Guretako eztia”, Violette Bellet eta Maia Iribarne-rena; “Neska bat desagertu da”, Mikele Landa-rena; “Bitartean, gero”, Raúl Barreras-ena; “Onena ura da”, Sonia Estévez-ena; “High River”, Daniel Alegrete-rena; eta “Siurana“, Esther Escudero-rena.
ESSENTIAL DOCS: DOKUMENTALAREN MAISU HANDIAK ETA NAZIOARTEKO SARIAK
ZINEBIren 68. edizioak nazioarteko zinema dokumentalaren aukeraketa nabarmena aurkezten du Essential Docs atalean. Lehen Beautiful Docs izeneko atala zen, eta generoan eragin handiena duten zinemagileen azken lanak biltzen ditu, nazioarteko zirkuituan nabarmentzen ari diren talentu berriekin batera. Programazioan Venezia, Berlin, Locarno, Toronto, Visions du Réel, Shanghái edo Tesalonicako jaialdietan estreinatutako edo aintzatetsitako filmak ikusiko dira, bai eta Cannes Docs-ekin lotutako proiektuak ere. Aukeraketa horri esker, Bilbo dokumental garaikidearen topagune izango da, memoria historikoa, gatazka politiko eta sozialak, nortasuna, lan-munduaren aldaketak eta ez-fikziozko zinemaren adierazpen-aukerak aztertzen dituzten lanekin.
Essential Docs ataleko izen nabarmenak dira: Laura Poitras, Oscar sariaren irabazlea “Citizenfour” lanagatik eta Veneziako Urrezko Lehoiaren irabazlea “All the Beauty and the Bloodshed” lanagatik; gainera, ZINEBIko Ohorezko Mikeldia jaso zuen 2024an. Edizio honetan “They’re Here” (2026) lana aurkeztuko du, Rachel Lauren Mueller-ekin batera zuzendua eta Venezian aurkeztuta. Film horretan ICEk Minneapolisen egindako migrazio-sarekadak dokumentatzen ditu. Saio beren izango dira “Going Home” (2026), Kamal Aljafari palestinarrarena, eta “Sawyer Avenue, Sunday Afternoon” (2026), Estatu Batuetako Bill Morrison-ena; azken hori “Decasia” lanaren egilea da eta Oscar sarietako hautagaia izan zen “Incident” lanagatik.
Nabarmentzekoa da, halaber, Barbara Kopple, ZINEBIren Ohorezko Mikeldi saria 2001ean, Oscar biren irabazlea dokumental onenaren kategorian. “Union Town” (2026) lana aurkeztuko du. Venezian estreinatu zen eta Toronton aukeratu zen, eta banaketa plataformetako langileen lan baldintzei eta antolaketa sindikalari buruzkoa da. Filmak “Harlan County, U.S.A.” (1976) eta “American Dream” (1990) lanen konpromiso soziala berreskuratzen du, biak Oscar sariarekin sarituak.
Horrez gain, hauek izango dira: James Benning, zinema esperimentalaren erreferentea eta ZINEBIko epaimahaiaren presidentea 2006an, Berlinalen estreinatutako “Eight Bridges” (2026) filmarekin, eta Albert Serra, Locarnoko Urrezko Lehoinabarraren eta Donostiako Urrezko Maskorraren irabazlea, “Sixteen Moments of My Life” (2026) aurkezten duena. Azken lan horren erabateko estreinaldia egin zen Locarnon.
Garrantzi berezia dauka Xisi Sofia Ye Chen-en “La noche de la infancia” (2026) lanak, mende erdi baino gehiagotan Visions du Réel-en Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Espainiako lehen ekoizpenak. Proiektuak urte bi lehenago ZINEBI Networking atalean (proiektu dokumentalak laguntzeko gunea) hartu zuen parte. Foro horretatik igaro zen “La Pietà” (2026), Rafael Molés eta Pepe Andreu-rena, Cannes Docs-eko Spain Showcase-rako hautatua eta Tesalonikan estreinatua. Bi horiei Samuel Nacar-en “Taranta” (2026) gehitu behar zaie, 2025eko ZINEBI Networking Saria irabazi eta Sevillan estreinatutakoa. Essential Docs-en egoteak agerian uzten du Bilboko proiektuen garapenaren eta nazioarteko jaialdietan egindako ibilbidearen arteko jarraitutasuna.
Gatazka garaikideak dira lan hauetako protagonista: Ahmad Hassouna palestinarraren “Citizen Osama” (2026), Venezian estreinatua, Gazako bonbardaketetan argazkilari batek eta haren familiak izandako bizitza erakusten duena; eta Jonas Spriestersbach-en “Meanwhile in Namibia” (2026), Visions du Réel-en aurkeztua eta Bilbora iritsiko dena Gijongo Zinemaldiarekin partekatutako estreinaldi batean.
Estatuko ordezkari izango da “Benigno” (2026), David Baute-rena, Shanghain estreinatutako “Mariposas negras” filmagatik Goya saria irabazi zuena eta Mauro Herce sarituaren argazkiarekin. Hauek osatzen dute aukeraketa: Izaskun Arandiaren “Irailak” (2026), Donostian estreinatua; Manuel Correa-ren “Atlas de la desaparición” (2026), CPH:DOXen aurkeztua; eta Xiana do Teixeiro-ren “Crías” (2026), Malagan estreinatua. Lan horiek memoria historikoan eta pertsonalean, isildutako kontakizunetan eta belaunaldien arteko esperientzietan sakontzen dute.
Horrela, bada, Essential Docs-ek nazioarteko dokumentalaren topagune gisa sendotu du ZINEBI, eta Bilbon proiektatzeko espazio bat aurkitzen duten generoaren figura handiak, jaialdi handietan ezagunak diren filmak eta ahots berriak bildu ditu.
BERTOKO BEGIRADAK: EUSKAL FILM LABURREN LAU SAIO
ZINEBIk euskal ekoizpenari ematen dion babesa indartzen du Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi atalarekin. Film laburren lau saio izango dira Arriaga Antzokian, azaroaren 23an (astelehena) eta 26an (eguena). Atalak fikzioa, animazioa, dokumentala eta forma hibridoak biltzen ditu, paisaien eta komunitateen identitateari, desirari, memoriari, zainketei eta eraldaketei buruz hitz egiten duten filmekin.
Aukeratutako lanen artean daude Iban del Campo-ren “Zisne beltzak”, Aner Etxebarria eta Pablo Vidal-en “Abata”, Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Agirreazaldegui eta Javier Martínezen “Si los pájaros cantan” eta Beatriz Larragueta-ren “Hemen gaude”.
Ibilbideari jarraipena emango diote film hauek: Ekaitz Bertiz-en “Joare tte”, Aroa Fernandez Lazkanoren “Itsas epel”, Aitor Elorriagaren “Madame Mademoiselle”, Alba Lozanoren “Aho beltza”, Alexander Lemus Gadea-ren “La Madame”, Maria Monrealen “El santo que vestí”, Imanol G. Gurrutxagaren “Anai”, Rodrigo Soares Teixeira-ren “Loose Sleep”, Imanol Ortiz Lopezen “Hambre” eta Pablo Hernandoren “Los Divulgators” izango dira.
Lan horiez gain, Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duten beste izenburu batzuk ere badaude, euskal film laburraren aniztasuna eta bizitasuna azpimarratuz.
EUSKAL FILM DOKUMENTAL LUZEAREN IKUSPEGI ZABALA
Euskal programazioa Bilboko zenbait egoitzatara zabalduko da, film dokumental luzeen erakusketa oparoarekin, memoria intimo eta historikoari, erretratu kulturalari, musikari eta inguruko figura garrantzitsuen berreskurapenari irekia. Proposamenak jatorri berekoak dira, baina ez dituzte formulak partekatzen: horien artean, behaketa-dokumentalak, hurbilketa biografikoak eta errealitatearen eta irudikapenaren arteko mugan kokatzen diren lanak daude.
Ikusleek “Aresti eta abesti” eta “El arte sencillo” lanak ikusiko dituzte Guggenheim Bilbao Museoan; “La maleta de Álex”, “Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica” eta “Simulacro” BBK Aretoan, eta “Mari Puri Herrero, de lo real a lo fantástico” eta “Gaulana”, Bilboko Arte Ederreetako Museoan.
Musikak ere presentzia berezia izango du: “Gatibu: Agur esan barik” eta “ETS – Itzal argitan”. Azken dokumental hori BBK Aretoan estreinatuko da azaroaren 25ean, eguaztena, eta “Gatibu: Agur esan barik” Golem Alhondigan ikusiko da, hilaren 24an, martitzena.
SPAIN SHORTS: LEIHO BAT ESTATUKO FILM LABURRERA
Spain Shorts sortu berri den Estatuko film labur onenaren selekzioari ikusgarritasuna emateko atal da, Nazioarteko Lehiaketa mugatutik harago Bilbon pantaila bat izatea merezi duten kalitate eta ibilbideko filmak barne. Formatuaren bizitasunaren, bilaketa estetikoen eta Espainiako zinemaren ahotsen aniztasunaren panoramika bat da.
Besteak beste, hauek ikusiko dira: Júlia Marco-ren “Bobs”, Malagako Zinemaldian aintzatetsia; Marine Auclair March-en “Gamberra”, Huescan saritua; Juan Vicente Castillejoren “La fábula de la punki adolescente”; Natalia Marín-en “Crónica del cansancio”, FIDMarseille eta Torontotik igaro dena; Rocío Mesa-ren “OAO”; eta Gala Hernández Lópezen “Like Moths to Light”, Róterdam eta Punto de Vista lehiaketetan programatua. Bai eta “Que me alimente”, Olga Navalón eta Bea Hohenleiter-ena; “Mi tía Pura”, Álvaro Fenech eta Noa Fito-rena; “A Hole in the Ground”, Harper Madrigal-ena; eta “Garabato”, Alicia Úbedarena ere.
Spain Shorts ataleko film laburrek Caimán Cuadernos de Cine – ZINEBI Kritikaren Saria jaso ahal izango dute, 2.000 eurokoa, bost kritikarik osatutako epaimahai batek emana. Aldizkari espezializatu horrekin lankidetzan aritzeak aintzatespen- eta proiekzio-bide berri bat eskaintzen die hautatutako lanei.
GAZTEDOKU ETA ZINEBI NETWORKING: IKASKUNTZATIK GARAPEN PROFESIONALERA
GazteDoku SGAEren eta EHUren lankidetzarekin garatzen da eta 25 proiektu jaso ditu, eta zinema dokumentalaren inguruko ikaskuntza- eta lan-espazio bat ireki du. Jaialdiak ahots berriei laguntzeko eta bere lehen sormen-prozesuen eta eremu profesionalaren artean zubiak eraikitzeko egin duen apustuaren barruan sartzen da ekimen hau. ZINEBI Networking Dokumentalaren Foro Profesionalarekin daukan harremanak aukera ematen du prestakuntza eta proiektuen garapena dokumentalari laguntzeko ekosistema beraren zati gisa aurkezteko.
Dokumentalaren Foro Profesionalak hauek izango ditu XX. edizioan: garatzen eta amaitzen ari diren dokumentalen aurkezpen publikoak, banakako bilerak profesionalekin, topaketak telebista eta plataformekin, eta laborategiei eta egoitzei buruzko saioak. Zinemagileak eta ekoizleak beren filmen etorkizunean lagun dezaketen programatzaileekin eta eragileekin konektatzen ditu.
ZINEBI Animation Labek azaroaren 25etik 27ra egingo du bere bigarren edizioa, garatzen ari diren animazio-proiektuen parte-hartzearekin. Laborategiak prestakuntza- eta aholkularitza-jarduerak eta topaketak egingo ditu sektoreko profesionalekin, eta 3.000 euroko laguntza bi emango ditu, bata euskal proiektu baterako eta bestea Estatuko proiektu baterako. Ekimen horren bidez, ZINEBIk animazioaren berariazko esparrura zabaltzen du zinema-sorkuntzari laguntzeko egiten duen lana.
ZINEBI Expressek zinemagintzarekin esperimentatzera gonbidatuko ditu sortzaile berriak. Azaroaren 5erako aurreikusita dago Bilbao-Bizkaia TUMO zentroan aurkeztea eta bertan izango dira Ugaitz Alegría euskal aurkezlea, Lara Izagirre zinemagilea eta Joseba Lopezortega jaialdiaren zuzendaria, bereziki zinema-eskoletako ikasleei zuzendutako topaketa batean.
ZINEBI Networking atalak Aukera programa ere hartzen du, (H)emen elkarteak garatua eta emakumeek sortutako proiektuen garapenean zentratua.
OHOREZKO MIKELDIA: RAMÓN BAREA ETA ISTVÁN SZABÓ
ZINEBIk Ramón Barea eta István Szabó sarituko ditu Ohorezko Mikeldiekin, proiekzio handiko ibilbide zinematografiko bi, tradizio eta belaunaldi desberdinei lotuak. Aintzatespen horiek interpretazioa, sorkuntza eta Europako zinemaren memoria azpimarratzen dituzte.
Ramón Barea Bilboko zuzendari eta dramaturgoak ibilbide luzea egin du antzerkian, zineman eta telebistan. Bere izena Bilboko bizitza kulturalari eta arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen aldeko etengabeko lanari lotuta dago. Ohorezko Mikeldiak bere interpretazio-moldakortasunak, sorkuntzarako konpromisoak eta ikusle eta profesionalen hainbat belaunaldiekiko hurbiltasunak markatutako karrera aitortzen du.
Hungariako István Szabó zinemagilea azken hamarkadetako Europako zinemaren erreferente handienetako bat da. 1982an Oscar sari bat irabazi zuen “Mefisto” lanagatik. Bere filmografiak gizabanakoen, boterearen eta historiaren arteko harremanak aztertzen ditu, eta arreta berezia jartzen du XX. mendeko dilema moral eta politikoetan.
Ramón Bareak ZINEBIren inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria. Ekitaldia azaroaren 20an izango da, 19:30etik aurrera, Arriaga Antzokian. István Szabók jaialdiaren amaiera-ekitaldian jasoko du saria, azaroaren 27an, 19:30ean, Arriaga Antzokian.
ZINEBISKOPIO: ZINEMA, KOMUNITATEA ETA ELKARRIZKETA
Saioek proiekzioak eta elkarrizketak uztartzen dituzte errealitate partekatuen, inklusio-prozesuen eta belaunaldien arteko harremanen inguruan. Programazioan Kolonbiako kontzertu bat eta film labur sorta bat izango dira, bai eta “Prejuicios”, “Headscarf”, “Empoderío” eta “El regalo” lanak ere. Era berean, “Crías” eta Xiana do Teixeiroren filmetik abiatutako idazketa ez-emankorrari buruzko belaunaldien arteko tailerra nabarmendu behar dira. Tailer horrek zinema-esperientziaren, literaturaren eta hainbat belaunaldiren oroimenaren arteko zubiak sustatzen ditu.
ZINEBITXIKI: ZINEMA UMEZAROTIK DESKUBRITZEA
Umeek beren espazioa izango dute ZINEBItxiki atalarekin, film laburrek era askotako istorioak konta baititzakete. Aukeraketak eguneroko pantailetan ohikoak ez diren forma zinematografikoak esploratzeko jakin-mina eta plazera sustatzen ditu.
Saioak Arriaga Antzokian egingo dira azaroaren 23an, 24an eta 26an, eta aukera emango diete umeei areto historiko batean zinema ikusteko esperientzia partekatzeko. Film hauek izango dira programan: “The Sky Was Candy”, “El otro lado”, “Into the Forest”, “A Day in the West”, “Shorts from the Box: Wild Things” eta “A Little Death”.
ZINEBI GORDAILUA: ANIMAZIOA, ERBESTEA ETA MEMORIA
Zinemaldiak bere film-ondarea berreskuratzen jarraitzen du ZINEBI Gordailuaren bidez. Gordailu hori Elías Querejeta Zine Eskolarekin eta Euskal Filmategiarekin batera garatutako ikerketa-proiektua da. Aurten Grupo Cine Sur taldeari emango dio arreta, 1976ko estatu-kolpearen ondoren erbesteratutako sortzaile argentinarren taldea. Talde horrek animazioa adierazpen eta pedagogia politikorako tresna bihurtu zuen Mexikotik.
“La persecución de Pancho Villa” (1978) eta “El compa Clodomiro y el capitalismo” (1981) lanak berreskuratuko dira. Bilbon aurkeztutako filmak dira eta hamarkada batzuk geroago itzuliko dira, 2025ean eta 2026an egindako ikerketa baten emaitzekin batera. Hain zuzen ere, Argentinan, Mexikon, Frantzian eta Dominikar Errepublikan dauden kolektiboko kideei elkarrizketak egin zaizkie. Ekimenak, tituluez gain, haien ekoizpena eta zirkulazioa markatu zuten inguruabar politikoak eta giza inguruabarrak ere berreskuratzeko aukera ematen du.
Gainera, programan saio bereziak egiteko lekua izango da, “La amiga” eta “Vida en los teleclubs” lanekin. Artxiboa, beraz, zinearen historia eta historia kolektiboa kontatzeko moduak berrikusteko material bizia da.
ZINEBIREN 68. EDIZIOAREN IRUDIA: OMENALDI BAT ARRIAGA ETA BILBORI
Jesús Mari Lazkano artistak (Bergara, 1960) edizio honetako kartela sinatu du, Francisco Durrioren “Monumentua Arriagari” lanaren berrinterpretazio zinematografikoa. 2026ko ZINEBIren irudiak Bilboko bizitza kulturaleko gertaera bi lotzen ditu: Bilboko Arte Ederren Museoaren handitzearen irekiera, zeinaren atari berrian eskulturak leku nagusia hartzen baitu, eta Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrena, zeinari obra hori eskaintzen baitzaio.
Kartelaren protagonista Euterpe da, musikaren musa, hondo ilun baten kontra moztutako urre-koloreko silueta batean irudikatzen dena. Jatorrizko eskulturak daukan liraren ordez, Lazkanok 16 milimetroko zeluloide-bobina bat jarri du. Keinuak musika-omenaldi hori adierazpen zinematografiko bihurtzen du, eta sorkuntzaren indarra ez ezik, obrak publikoaren begiradaren aurrean daukan esposizioa eta kalteberatasuna ere gogorarazten ditu.
Lazkano Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea da, eta arkitekturaren, paisaiaren eta naturaren arteko harremanen inguruan garatu du bere ibilbidea. Haren lanak Europan, Amerikan eta Asian erakutsi dira, eta lotura estua dauka Bilborekin. Izan ere, Guggenheim Bilbao Museoan eta Arte Ederren Museoan egin ditu erakusketak eta Euskalduna Jauregian eta Metro Bilbaon esku-hartzeak egin ditu. 2025ean, gainera, ZINEBI Animation Lab-en lehen edizioan hartu zuen parte.
SARRERAK ETA EGOITZAK
Arriaga antzokian egingo dira berriz ere inaugurazioko eta amaierako galak, eta proiekzio- eta soinu-baliabide teknikoak berritu ondoren, jaialdiaren espazio gune nagusia izango da. Jendeari egunean zehar saioak lotzeko aukera emateaz gain, laneko eremuak eta profesionalentzako eta kazetarientzako arreta-eremuak izango ditu.
Arte Ederren Museoa ere jaialdiaren programazioaren egoitzetako bat izango da. Era berean, hiriko beste kultura-ekipamendu batzuk gehitu dira, hala nola Gólem Alhóndiga zinemak, BBK aretoa, Bilborock, Guggenheim Bilbao Museoa, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao eta beste hainbeste egoitza laguntzaile.
Sarrerak bihar (urriak 28) hasita salduko dira. Jaialdiak abonu-formatuak ere eskainiko ditu. Prezioak eta behin betiko baldintzak ZINEBIren kanal ofizialetan jakinaraziko dira.
Sarrerak eta abonuak (publiko orokorrarentzat zein hainbat kolektiborentzat) bihar (urriak 28) hasita salduko dira. Prezioak eta horien behin betiko baldintzak ZINEBIren kanal ofizialetan jakinaraziko dira.

