Marta Popivoda zinemagile serbiarra ZINEBIra dator beste behin ere bere zinemari buruz hitz egiteko. Oraingo honetan, gurera etorriko da, jaialdian birtualki parte hartu beharrean (2020an hala behar zuen eta), Landscapes of Resistance (Pejzaži otpora, 2021) bere azken lana Euskadin aurkeztera. Aukera baliatuta, berriz ekingo dio Miren Jaio, Leire Vergara eta Beatriz Caviarekin itxi gabe utzi zuen elkarrizketari, hau da, solaskide izango ditu Bilboko Solokoetxe auzoan dagoen Bulegoa z/b arte eta ezagutza bulegoaren sortzaileak. Topaketa igandean izango da, hilaren 14an, Arte Ederren Museoko auditoriumean.