- Jaialdiak berriro emango dio saria Alfonso Ungría zinemagileari azaroaren 20ko Arriaga antzokiko inaugurazio-ekitaldian, eta zinema-zentsura landuko du lehiaketaren memoriari buruzko mahai-inguru batean.
- Xiana do Teixeiroren "Crías" lanak nerabezaroko oroitzapen intimoei begiratzea proposatzen du, eta Izaskun Arandiaren "Irailak" eta Manuel Correaren "Atlas de la desaparición" dokumentalek, berriz, memoria historikoaren pasarteak aztertzen dituzte.
- Erbesteratutako zinemagile argentinarrek egindako film berreskuratuek eta idazketa eta memoriari buruzko belaunaldien arteko topaketak osatzen dute iragana orainaren kezkekin lotzen duen programazioa.
Memoriak, bai historikoak bai pertsonalak, leku nabarmena izango du ZINEBI – Bilboko Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiaren
68. edizioaren programazioan Bilboko Udalak antolatzen du jaialdia eta azaroaren 20tik 27ra bitartean egingo da. Filmen, topaketen eta ondare zinematografikoa berreskuratzeko jardueren bidez, Jaialdiak historia markatu duten gertaeretara eta esperientzietara hurbiltzea proposatzen du, zentsuraren eta erbesteratzearen ondorioetatik hasi eta umeen eta nerabeen oroitzapen intimoenetaraino.
Atal espezifiko bat izan beharrean, memoria zeharka agertzen da aurtengo programazioaren zati handi batean. Gaur egungo zinemagile askok gertatutakoa ulertzeko, ahaztutako kontakizunak berreskuratzeko eta denborarekin esanahi berriak hartzen dituzten esperientzia pertsonalak eta kolektiboak partekatzeko daukaten interesa islatzen du presentzia horrek.
Ildo horretako une garrantzitsuenetako bat azaroaren 20ko inaugurazio-galan izango da, Arriaga antzokian, Alfonso Ungría zinemagileari trofeo bat berriro emanez. Ekitaldi horretan jaialdiaren beraren memoria aldarrikatu eta zentsurari lotutako bere historiako gertakari bat berreskuratuko du. Ekimen hori osatzeko, mahai-inguru bat egingo da zinema-zentsurari buruz, zentsura horrek sorkuntzan dituen ondorioei buruz eta iragana modu kritikoan aztertzeko beharrari buruz hausnartzeko.
ALFONSO UNGRÍA: MEMORIA, ZENTSURA ETA ERREPARAZIOA
Alfonso Ungríaren figurak aukera ematen dio ZINEBIri diktadura frankistaren kontrol-mekanismoek zinema-adierazpeneko askatasuna baldintzatu zuten etapa batera itzultzeko. "El hombre oculto" (1970), "Tirarse al monte" (1972) eta "Gulliver" (1976) filmen zuzendaria, Ungríak bere ibilbidearen zati bat zentsuraren murrizketei aurre eginez garatu zuen, bere lan batzuen erakustaldian eta zirkulazioan eragin zuzena izan baitzuten.
ZINEBI 68ren inaugurazioan trofeoa berriro ematea lehiaketaren memoria historikoa aitortzeko eta berreskuratzeko keinu bat da.
Ekitaldiarekin batera mahai-inguru bat egingo da zinemaren eta zentsuraren arteko harremana aztertzeko, bai eta artxiboak miatzearen eta testigantzak berreskuratzearen garrantzia aztertzeko ere, aurreko belaunaldiek zinemagile-lanetan zer baldintzatan lan egin zuten ulertzeko.
Programazioan Ungríaren "Vida en los teleclubs" dokumentala sartu da, ZINEBIk kontserbatutako ondare zinematografikoaren parte dena eta hirurogeiko hamarkadaren amaierako Espainiaren eraldaketa sozial eta kulturaletara hurbiltzeko aukera ematen duena.
"CRÍAS": NERABEZAROKO EGUNKARIAK ETA MEMORIA INTIMOA
Memoria pertsonala eta denboraren joana protagonista dira, halaber, Xiana do Teixeiroren "Crías" filmean (2026), Essential Docs sailean dagoena Malagako Zinemaldian estreinatu ondoren.
Filmak nerabezaroko egunkari eta oroitzapenak lantzen ditu, urteen ikuspegitik berreskuratuta eta behatuta. Esperientzia horietatik abiatuta, gogoeta bat proposatzen du nortasuna eraikitzeari, emozioei eta nortzuk izan gineari buruzko begirada aldatzeko moduari buruz.
Zinema-proposamena zabaltzeko, ZINEBIk idazkera ez-produktiboari buruzko belaunaldien arteko topaketa antolatu du, filmari lotua eta ZINEBISKOPIOren barruan, hori baita zinema elkarrizketarekin eta esperientzia partekatuekin konektatzen duen espazioa.
Jarduerak helburu praktikorik gabe idaztearen, oroitzapenak berreskuratzearen eta belaunaldi desberdinetako pertsonen artean bizipenak partekatzearen balioari buruz hausnartzera gonbidatuko du. Horrela, gazteen egunkariak eta idatzitako berbak memoria intimoa esploratzeko eta iraganaren eta orainaren arteko loturak ezartzeko bide bihurtzen dira.
"IRAILAK" ETA "ATLAS DE LA DESAPARICIÓN": ZINEMA HISTORIAKO ISILUNEEN AURREAN
Memoria historikoaren berreskurapena Essential Docs-en (fikziozkoak ez diren zinema garaikideari eskainitako atala) sartutako film dokumental luzeetako batzuetan ageri da.
Izaskun Arandiaren "Irailak" (2026, 77 minutu) Donostiako Zinemaldian estreinatu zen mundu mailan eta memoria historikoa eta iraganeko gertakariak eta lekukotzak berreskuratzeko beharrizana lantzen ditu. Filma korronte dokumental baten parte da, helburua jarauntsitako kontakizunak berrikustea eta orainaldian ondorioak izaten jarraitzen duten gertakariei buruzko ikuspegi berriak irekitzea izanik.
Beste alde batetik, Manuel Correaren "Atlas de la desaparición" (2026, 84 minutu) Kopenhageko CPH jaialdian estreinatu zen mundu mailan eta frankismoan desagertutako pertsonen bilaketa eta haien gorpuzkiak berreskuratzeko eta identifikatzeko prozesuak lantzen ditu. Filmak ikerketa eta irudikapen arkitektonikoko tresnak erabiltzen ditu Cuelgamuros haraneko desobiratzeetara eta erantzunak bilatzen jarraitzen duten familien istorioetara hurbiltzeko.
Proposamen biek erakusten dute zinema dokumentalak lagundu dezakeela testigantzak gordetzen, gertaera historikoak ikertzen eta gizarteak iraganarekin daukan harremanari buruzko galdera berriak planteatzen.

ZINEBI GORDAILUA: ARGENTINAKO ERBESTEKO ZINEMA BERRESKURATZEA
Zinemaren memoriak leku nagusia hartzen du ZINEBI gordailuan, Elías Querejeta Zine Eskolarekin eta Euskal Filmategiarekin garatutako proiektua, film-ondarea ikertzeko eta berreskuratzeko.
Aurten, ekimena Cine Sur taldean zentratzen da. Talde hori 1976ko estatu-kolpearen ondoren erbesteratutako sortzaile argentinarren taldea da eta Mexikon aurkitu zuen espazio bat bere jarduera zinematografikoarekin jarraitzeko eta animazioa adierazpen artistiko eta pedagogia politikorako tresna gisa erabiltzeko.
Saioan "La persecución de Pancho Villa" (1978), "El compa Clodomiro y el capitalismo" (1981) eta "El compa Clodomiro y la explotación" (1981) filmak berreskuratuko dira. Film horiek Bilbon aurkeztu ziren eta hamarkada batzuk geroago itzuli dira, 2025ean eta 2026an garatutako ikerketa baten emaitzekin batera.
Kolektiboko kideak Argentinan, Mexikon, Frantzian eta Dominikar Errepublikan elkarrizketatu dira eta haiei esker berreraiki ahal izan dira bai lanen obren ekoizpen-baldintzak, bai lanak egin zituztenen esperientziak.
Film horiek berreskuratzeak Jaialdiaren beraren historiari eta jatorrizko herrialdeetan zirkulatzeko zailtasunak izan zituzten zinematografiak erakusteko espazio gisa duen zereginari buruzko memoria-ariketa ere badakar.
MEMORIA, ORAINA ULERTZEKO MODU BAT
Memoriak ZINEBIren 68. edizioan daukan presentzia programazioko beste lan batzuetara hedatzen da, familia-istorioak, komunitateen eraldaketak, kultura-figuren berreskurapena eta hainbat belaunaldiren testigantzak jorratzen dituzten dokumentalekin.
Hurbilketak egiteko aniztasun horrek erakusten du gogoratzea ez dela soilik gertaera historiko handiak berreraikitzea. Eguneroko esperientziak berreskuratzea, familiaren irudiak berrikustea, egunkari pertsonalak berriro irakurtzea edo urteetan kontakizun kolektibotik kanpo egon ziren istorioei buruz itzultzea eskatzen du.
Zentsuraren gertakari baten erreparaziotik hasi eta nerabezaroko oroitzapenetaraino, frankismoaren garaiko desagerpenei buruzko ikerketatik edo erbestean egindako zinemaren berreskurapenetik igarota, ZINEBIren 68. edizioak iragana ulertzeko eta orainarekin elkarrizketa ezartzeko tresna gisa aurkezten du memoria.


