ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, gaur inauguratuko du 65. edizioa, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Jaialdiak Felix Linares zinema kritikari eta kazetari bilbotarrari Ohorezko Mikeldi saria emango dio, ETBko La noche de… saioan telebistan egindako agerpenetatik haratago doan ibilbide profesional luzea saritzeko. Bere ibilbidean zehar, oso aktiboki zabaldu du zinemarekiko eta kulturarekiko duen interesa, bai telebistan bai irratian (Herri Irratian lan egin zuen 1966 eta 1984 bitartean, eta Radio Euskadin ordutik), Pompas de papel (Kike Martinekin batera zuzendu zuen) edo Iflandia bezalako saio gogoangarrien bidez.

FREDERICK WISEMAN

Dokumental zinematografikorako erreferente saihestezinetako bat hirurogeiko hamarkadaren amaieraz geroztik, eta ZINEBIk, bere ondare artistikoaren handitasunagatik, “zor bat ordaindu gabe” utzi zuenekoa, Frederick Wiseman da, Jaialdiaren zuzendaritzak 65. edizioko bigarren Ohorezko Mikeldi saria eman baitio.

Hala ere, Wiseman (Boston, AEB, 1930) ezin izan da Bilbora etorri bere osasun egoerak okerrera egin duelako eta Bostongo ospitale batean ingresatu behar izan dutelako.

Wisemanek Titicut Follies (1967) filmarekin egin zuen debuta zuzendari gisa. Dokumentalen kronika zirraragarria da, eta gaur egun oraindik ere muturreko erreakzioak eragiten ditu audientzian, eta zenbait estatu estatubatuarretan debekatuta egon zen urte batzuetan. Lehen film luze hura – eta haren atzetik Law and Order (1969), Juvenile Court (1973), Meat (1976) edo Near Death (1989), beste askoren artean – oso gutxi batzuk bezala balio izan zuen zuzeneko zinemaren helburu utopikoa zabaltzeko, hau da,
filmetako irudiak eta soinuak film horietako ikusle batek une berean filmazioaren lekuan balego ikus eta entzun lezakeena bihurtzeko.

Wisemanek beti defendatu du bere film guztiak edozein erabaki zinematografikok dakarren subjektibotasunaz tindatuta daudela.

Zinemagile gisa zuen aldakortasuna ere agerian geratu zen, eta ikuspegi berritzaile batetik, bideoaren erabileraren sarrerarekin, XXI. mendeko film dokumental askotan, errituen, prozesuen, gizartearen ohituren edo Estatu Batuetako erakundeen eguneroko funtzionamenduaren deskribapen zehatzari aplikatuta: State Legislature (2007), At Berkeley (2013), National Gallery (2014), Ex Libris (2017), Monrovia, Indiana (2018) edo City Hall (2020) – azken biak, ZINEBIk Estatuan estreinatutakoak.

ZINEBI 2023ren Ohorezko Mikeldiak ohorezko Oscarra jaso zuen 2016an bere ibilbide osoagatik, eta bere ibilbidea Cannesen, Venezian eta Jihlaban ere aitortu izan da, besteak beste.

ZINEBIk Estatuan estreinatuko du ZINEBIren edizio honetan, Beautiful Docs. Panorama de documentales del mundo Wisemanen ekoizpen berriena, Menus Plaisirs – Les Troisgros (2023), mundu mailako estreinaldia Venezian izan zen duela hilabete pasatxo. Filma Golem Alhóndiga zinema-aretoetan aurkeztuko da bihar, larunbata, hilak 11, 18:00etan, eta ZINEBIko Ohorezko Mikeldi Albert Serrak ere parte hartuko du.

SAIL OFIZIALA – FILM LABURREN NAZIOARTEKO LEHIAKETA

ZINEBI 65en inaugurazio-saioa Arriaga Antzokian izango da, Inaugurazio Gala amaitu ondoren. Aurten ere María Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute, eta Zabala bizkaitarraren (We Are Standard ohia) musika izango du.

Bertan, Sail Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburrak proiektatuko dira: Agrio David Pérez Sañudorena (fikzioa); La mujer ilustrada, Isabel Herguerarena (animazioa); Todo lo cubre la sal, Joana Moyarena (dokumentala), Memories of an Empty House, Bruno Carniderena (fikzioa), Ximinoa Itziar Leemansena (fikzioa), Betiko gaua Eneko Sagardoyrena (fikzioa) eta In a Nearby Field, Ren Ebel eta Laida Lertxundirena. Azken bi film labur hauek ZINEBIren estreinaldiak dira, FICX – Xixongo Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin elkarlanean, eta azaroaren 17an hasiko den programazioan ere sartuko ditu.

Bihar, hilak 11, larunbata, Sail Ofizialeko hurrengo bi saioak proiektatuko dira Azkuna Zentroko – Alhóndiga Bilbaoko Auditorioan. Besteak beste, Guillermo Roqués, Rafa Honrubia eta Javier Marínen You Play My Father (dokumentala), Marta Bayarriren Welcome Tahiya (fikzioa) eta Leonardo Martinelliren A Bird Called Memory (fikzioa) film laburren Estatuko estreinaldiak ikusi ahal izango dira.

SAIL OFIZIALA – ZIFF ZINEBI FIRST FILM

ZINEBI 65ek opera prima film luzeei eskainitako nazioarteko lehiaketaren seigarren edizioa irekiko du bihar. Maciek Hamela zuzendari poloniarraren In the Rearview lehiaketa irekiko du, Sheffield Doc/Fest britainiarrean, Odesako Nazioarteko Jaialdian (Ukraina) eta Millennium Docs Against Gravityn (Polonia) arrakasta izan ondoren. Zalantzarik gabe, urteko dokumentaletako bat da, Cannesen aurkeztua, eta Europako Zinema Akademiak urteko Dokumental Onenaren sarirako izendatu dituen 14 hautagaien artean dago.

Golem Alhóndiga Zinemetako 7. areto berean, beste bi film luze proiektatuko dira arratsaldean zehar: Tamara García Iglesiasen Zarata euskal ekoizpena – errealizadorea bera aurkeztuko du publikoaren aurrean – eta Georden West artista iparramerikarraren Playland koprodukzio britainiar-estatubatuarra, Lady Bunny drag queen newyorktarraren aurkezpenarekin.

Gainera, beste sei film luze lehiatuko dira ZIFF Sari Nagusirako (12.000 €) eta Gazte Epaimahaiaren Sarirako (2.000 €). Horiek guztiak, Estatuko estreinaldiak: Ignacia Merino Bustos eta Isabel Reyes Bustosen A la sombra de la luz dokumental txiletarra; Jac Cronen Chestnut fikzio estatubatuarra, Natalia Dyer aktorea protagonista duena (Stranger Things, 2016-2023); Katharina Huberren A Good Place fikzio alemaniarra, Locarnoko Zinemaldian gorabidean zegoen zuzendariaren saria irabazi zuena, eta Bilbora etorriko dena bere filma aurkezter; Stefanie Kolken Milk fikzio holandarra; Zihan Gengen A Song Sung Blue film txinatarra, Cannesko Zinemagileen Hamabostaldian estreinatua; eta Luca Balser-en What Doesn’t Float fikzio estatubatuarra, Pauline Chalamet protagonista eta ekoizlea.