Erabili gure bilatzailea

    2020 Ohorezko Mikeldia

    JEAN-PIERRE eta LUC DARDENNE

    DARDENNE ANAIAK. ERREALITATEA ETA BERE ITZALA

    Europako zinema sozialaren ahots ezagun eta sendoenetako batekin, Dardenne anaiek Zinema berriaren Historiako filmografiarik zorrotz eta koherenteenetako bat sortu dute. ZINEBIk, Ohorezko Mikeldi sariaren bidez, anaiek egindako ibilbide nekaezina aitortzen du, dokumentalgintzaren generoan hasi zuten ibilbide eredugarria.

    Jean-Pierre Dardennek (Engis, 1951) Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen IADn (Institut des Arts de Diffusion) eta Luc anaia gazteagoak (Awirs, 1954), berriz, Filosofia ikasketak egin zituen Lovainako Unibertsitate Katolikoan. Une hartan hasi ziren biak bideo dokumentalaren munduan, Armand Gatti errealizadore, poeta eta antzerkigile frantsesaren eskutik. Bere film dokumental propioak ekoizteko nahikoa diru lortzeko asmoz, zentral nuklear batean lan egiten hasi ziren biak, inolako zalantzarik izan gabe. Diru sarrera horiei esker, Valoniako Seraing hirian Dérives (1975) izeneko ekoiztetxea martxan jarri zuten eta berrogeita hamar dokumental baino gehiago finantzatzeari ekin zioten. Horien artean, Dardenne anaiek film dokumental labur eta ertain batzuk grabatu zituzten, Belgikako iragan hurbilari eta Valoniako Lieja eskualdeko langileen inguruneari buruzkoak, biak bertan jaioak baitziren.

    Beren errealitaterik gertukoena laster bihurtu zen haien lehen lan dokumentalen objektu —horietako batzuk ZINEBIn ikusi ahal izango ditugu—: 1977an Le chant du rossignol [Urretxindorraren kantua] izeneko proiektuan murgildu ziren, non Bigarren Mundu Gerran Erresistentzian militatu zuten Liejako zazpi pertsonak euren borroka gogoratzen duten; 1979an Lorsque le bateau de Léon M. descendit la Meuse pour la première fois [Léon M.ren itsasontziak Mosa ibaia lehen aldiz jaitsi zuenean] izeneko filman Léon Masy grabatu zuten, Seraingeko bere garajean berak eraikitako itsasontzi batean, 1960an greba orokor bat egin zeneko paisaiarekin berriz topo egiten; 1980an Seraingeko fabrika batean editatzen zen argitalpen klandestino batera hurbildu ziren, Pour que la guerre s’achève les murs devaient s’écrouler [Gerra amaitzeko, harresiak suntsitu egin beharko lirateke] filman; 1981ean, irrati libreei begiratu zieten R… ne répond plus [R… jada ez du erantzuten] filman; Leçons d’une université volante [Unibertsitate hegalari baten ikasgaiak] filman, berriz, Polonian gerra legea aplikatu zen garaian Belgikan erbesteratutako poloniarren lekukotzan jarri zuten arreta; eta, 1983an, Jean Louvet antzerkigileari, La Louvière antzerki proletarioaren sortzaileari, eman zioten protagonismoa Regarde Jonathan/Jean Louvet, son oeuvre filman.

    Dardenne anaiek, orain dokumentalik grabatzen ez duten arren, dokumental militantearen lurraldean emandako garai ia ezezagunean bezala, ikuspegi horretatik begiratzen diete oraindik ere haien fikziozko pertsonaiei. Euren esanetan, dokumental bat kamerarekin joatea da, «erreala den norbait ezagutzeko» eta «haren begiradarekin» harreman bat ezartzeko. Dardenne anaiek ulertzen dute pertsona hori grabatua izateko prest egon daitekeela edo kamerari ihes egin diezaiokeela; jabetzen dira pertsona erreal baten bizitzak —haien pertsonaienak bezala— jarraitu egingo duela haiek joaten direnean ere, eta fikzioari sinesgarritasun maila hori bera eman nahi diote.

    Ez da sekretua Emmanuel Levinas filosofoaren pentsaerak Dardennetarren zineman eragina izan duela. Bere fikziozko pertsonaien tratamendua pentsalari lituaniarraren etikatik abiatzen da: aurrez aurreko harremana, alteritatearekin, Bestearekin. Haientzat, pertsona bat filmatzea pertsona hori bihurtzea da. Luc Dardennek, Levinasek emandako azken ikastaroetako bat egin zuenak, aitortu egin izan du zer nolako eragina izan zuen filosofoak bere pentsamoldean eta jokabidean. Levinasen saiakera baten izenburuak Dardenne anaien lana definitzeko balio du: haientzat, artea errealitatearen itzala da.

    Horrela, jatorri juduko idazle eta pentsalariak definitu zuen Bestearekiko —filmazioaren objektuarekiko—konpromiso berarekin, Dardenne anaiek fikziozko ziklo hau Falsch (1986) bereziarekin ireki zuten, nazioarteko ospea La promesse (1996) film arrakastatsua egin arte iritsi ez zitzaien arren; film horrek izandako arrakastari esker, 1999ko Cannesko Sail Ofizialean lehiatu ziren eta lehen Urrezko Palma irabazi zuten, Rosetta (1999) filmarekin. Zinemagile bakar batek ere ez du munduko jaialdirik garrantzitsuenaren sari nagusia hiru bider irabazi, baina Dardennetarrak bi lortu dituztenen talde esklusiboko parte dira (Alf Sjöberg, Francis Ford Coppola, Bille August, Emir Kusturica, Shohei Imamura, Ken Loach eta Michael Haneke-rekin batera), L’enfant (Haurra, 2005) filmari emandako Urrezko Palmari esker. Cannesen izandako arrakastak, dena den, barne hartzen ditu honako sari hauek ere: gidoi onenaren saria —Le silence de Lorna [Lornako isiltasuna, 2008]—, zuzendari onenen saria —Le jeune Ahmed [Ahmed gaztea, 2019]— eta Epaimahaiaren Sari Nagusia —Le gamin au vélo [Bizikletaren haurra, 2011].

    Rubén Corral

    ZINEBIko Programatzailea


    JEAN-PIERRE eta LUC DARDENNE
    Antzolatzaileak
    Organizadores
    Babesleak
     
    Laguntzaileak