ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia
ZINEBI A Klaseko nazioarteko jaialdi bakarra da Espainian, dokumental eta film laburren kategorian. Hollywoodeko Akademiaren Oscar sarietarako kalifikatzaile akreditazioa du. Halaber, akredituta dago Europako Zinema Akademiaren EFA sarietarako, Britainiar Akademiaren BAFTA sarietarako eta Espainiako Akademiaren Goya sarietarako kalifikatzaile gisa.
1959an sortu zen Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuaren babesean. Garai hartan erakunde hori Kanpo Arazoetako Ministerioaren menpe zegoen, eta sei urte lehenago jaiotako Donostiako Zinemaldiaren anaia txikia bailitzan sortu zen Bilboko Iberoamerikar eta Filipinar Zine Dokumentalaren Nazioarteko Zinemaldia (horixe izan baitzen hasieran hartu zuen izena). Donostiakoaren eta Valladolidekoaren atzetik, Estatuko hirugarren zinemaldirik zaharrena da, eta lehenengoa da bere espezialitatekoen artean. 1972 eta 1981 artean zeregin bikoitza bete zuen: batetik, Espainiako film laburren inguruan eztabaidatzeko plataforma izan zen eta, bestetik, zinematografia bitxienen erakustoki bihurtu zen, bereziki latinoamerikar jatorriko zinemaren erakustoki. 1974an Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) aintzatespena lortu zuen, nazioarteko lehia-kategoria goreneko lehiaketa gisa, eta 1975 eta 1980 artean leku aproposa izan zen euskal zinema gisa ezagutzen hasi zena sortzeko beharrezkoa izan zen eztabaidarako.
1981etik aurrera, Bilboko Udalak hartu zuen bere gain jaialdia eta, 2000. urtean, ZINEBIren markaren babespean, aro berri bati ekin zitzaion. Aro horretan ZINEBI egonkortu egin da espezializate horretako nazioarteko jaialdi garrantzitsuenen artean, eta Euskadiko eta Estatuko errealizadore eta zuzendarientzako plataforma izateko ahalegintzen da. Jaialdiaren helburu nagusien artean dago ere ekarpen bat egitea, bost kontinenteetan egiten den kalitatezko zinema independentea ezagutzera emateko: ezaugarri estilistiko estereotipatuen errepikapen hutsa baino anbizio sortzaile handiagoa duten filmak interesatzen zaizkio, lan oso aske eta bereziak, ZINEBIri esperimentazio formalaren aldeko apustua urtero berritzea ahalbidetzen diotenak, ikus-entzunezko ekoizpen berrien izaera hibrido eta diziplinartekoaren aldeko apustuan laguntzen diotenak. Horrez gain, lagundu egin nahi die, bai errealizadore berriei, bai gaur egungo munduaren errealitate gero eta konplexuagoetan zinemagileek egiten dituzten ikerketa etiko eta estetikoei.
Jaialdiaren historia luzean zehar, munduko zinema independenteko profesional ospetsuenetako batzuk izan ditugu Bilbon. ZINEBIko saridunen artean, aipatzekoak dira, besteak beste Jacques Demy, Richard Lester, Pierre Pérrault, Claude Lelouch, Gian Vittorio Baldi, Carroll Ballard, Fernando Birri, Estela Bravo, Santiago Álvarez, Valeria Sarmiento, Robert L. Drew, Felipe Cazals, Peter Watkins, Peter Mullan, Lourdes Portillo, Avi Mograbi, Sergei Loznitsa, Lászsló Nemes, Nele Wohlatz edo Luise Donschen. Jaialdia, eztabaida kritikoari eta espezializazioari dagokienez, baliagarria izan da zinema garaikidearen joera berrien froga banku gisa, bai eta zinemagile ausartenentzako plataforma gisa ere.
Espainiako zinemagintzan antzeko zenbaketa bat eginez gero, esan dezakegu Bilboko Jaialdian errealizadoreen hainbat belaunaldi sortu direla: Carlos Saura, Basilio M. Patino, Pío Caro Baroja, José Val del Omar, Javier Aguirre, Jaime Chávarri, Francesc Betriu, Nadia Werba, Imanol Uribe, Montxo Armendáriz, Pedro Almodóvar, Julio Medem, Fernando León de Aranoa, Juanma Bajo Ulloa, Javier Rebollo, Santiago Segura, Begoña Vicario, Jon Garaño, José María Goenaga, Virginia García del Pino, Neus Ballús, Koldo Almandoz, Isabel Herguera, Asier Altuna, Izibene Oñederra edo Natalia Marín.
Gonbidatuen, nazioarteko epaimahaikideen eta urteko saririk handiena den Ohorezko Mikeldi saridunen artean ditugu Peter Greenaway, Ennio Morricone, Jean Rouch, Dino Risi, Luis García Berlanga, Hanna Schygulla, Anna Karina, Jane Birkin, Arturo Ripstein, Elías Querejeta, Richard Lester, Pavel Paulikowski, Márta Mészáros, Jeanne Moreau, Anthony Hopkins, Vannessa Redgrave, Emir Kusturica, Liliana Cavani, Carlos Saura, Manuel Gutiérrez Aragón, Jean-Claude Carrière, Patrice Chéreau, Cecilia Roth, Hirokazu Kore-Eda, Juan Ruiz Anchía, Aki Kaurismäki, Marco Bellocchio, Mariano Llinás, Apichatpong Weerasethakul, Wang Bing, Claire Simon, Márta Mészáros, Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiak, Margarethe von Trotta, Agnieszka Holland, Albert Serra, Rita Azevedo Gomes edo Frederick Wiseman.
Sortu zenetik, ZINEBIk honako zuzendari hauek izan ditu: Pedro de Ybarra (1959-1968), José Ignacio Uruñuela (1968-1970), Felipe Alfonso Araico eta Adolfo Lafarga (1970-1972), Roberto Negro (1972-1981), Manu Pagola (1981-1985), José Julián Bakedano, Ernesto del Río, José Antonio Mingolarra eta Santos Zunzuneguik osatutako Zuzendaritza Batzordea (1985-1987), Iñaki Acarregui (1987-1988), Luis Iturri (1988-1998) eta Ernesto del Río (1999-2017). 2018tik, Vanesa Fernández Guerra da zuzendaria.
Gaur egun, Jaialdiak Bilboko Udalaren babesa eta finantzaketa instituzionala ditu —Arriaga Antzertia K.I.E.-ren bidez—, antolatzailea den heinean, eta baita Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarena, Kultura Ministerioarena —Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) bidez— eta Bizkaiko Foru Aldundiarena ere. Gainera, ZINEBIrekin lankidetzan dihardute Euskal Telebista Publikoak (ETB), Azkuna Zentroak, Golem-Alhóndiga zinema-aretoek, Arte Ederren Museoak, Guggenheim Bilbao Museoak, BBK Aretoak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Frantziako Institutuak, Goethe Institut-ek eta FAS Zineklubak, besteak beste.