ZINEBI – Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film laburren Nazioarteko Zinemaldia Cannes Docs plataformaren jaialdi bazkidetzat estreinatu zen. Zinema dokumentalean espezializatutako mundu osoko ikus-entzunezkoen industriako profesionalak konektatzeko diseinatu zen Cannes Docs. Maiatzaren 19tik 24ra, zinemaldia ordezkatuz, ZINEBIko zuzendari Vanesa Fernández Guerra eta programatzaile Rubén Corral Giménez bertan egon ziren, eta zenbait topaketa izan zituzten sektoreko beste profesional batzuekin. Besteak beste, Zeelanda Berria, Ukraina, Kanada, Japonia eta Txileko dokumental luzeen proiektuen aurkezpenetan eta tailerretan hartu zuten parte. Era berean, bilera profesionalak izan zituzten Cannes Docseko gainerako jaialdi bazkideetako ordezkariekin: CPH:DOX (Danimarka), DokuFest (Kosovo), DOK Leipzig (Alemania), Movies that Matter Festival (Herbehereak), Visions du Réel (Suitza), RIDM – Montreal International Documentary Festival (Kanada), DMZ Docs (Koreako Errepublika), É Tudo Verdade / It’s All True International Documentary Film Festival (Brasil) eta Ji.hlava (Txekia).

Gainera, Doc Day egunean (maiatzak 24) egindako hainbat ekitalditan parte hartu zuten. Marché du Film zinema merkatuak antolatu zituen ekitaldiak, Doc Alliance sarearen laguntzaz eta Unifrance Frantziako Zinematografia Zentro Nazionalarekin, L’Oeil d’or sariarekin, DAE Dokumentalaren Europako Elkartearekin eta ACID Zinema Independentea Banatzeko Elkartearekin elkarlanean.

Ekoizle, banatzaile, jaialdi eta dokumentalisten arteko bilerez gain, Cannes Docsen Polaris koprodukzio frantziar-groenlandiarra estreinatu zen mundu mailan. Ainara Vera nafar zinemagileak zuzendutako filma da. Halaber, elkarrizketak egin ziren Brett Morgen estatubatuar zinema-zuzendariarekin (Moonage Daydream lan berria aurkeztu zuen Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo), Marie Perennès eta Simon Depardon frantses dokumentalgileekin eta Agnieszka Holland poloniar zinemagile ospetsuarekin. Agnieszka Holland Europako Zinema Akademiako (EFA) presidentea ere bada.