ZINEBI IZATEAREN GARRANTZIA
Juan Mari Aburto. Bilboko Alkatea.
ZINEBIren 63. edizioa izango da aurten. Topikoari jarraituz, pertsona baten adinarekin alderatuko bagenu, esan genezake erretiroa hartzeko unea gertu dagoela, baina konparazio horrekin jarraituz gero, ezingo genuke albo batera utzi beste topiko bat, Alejandro Dumasek ondo esandakoa eta, kasu honetan, errealitatearekin guztiz bat datorrena: “bihotza beti gazte”.
63 urterekin, ZINEBIk mundu osoko 3.500 zinemagile profesional eta amateur baino gehiago erakarri ditu aurten, eta ez dute zalantzarik izan bere azken lanak munduko film laburren jaialdi prestigiotsuenetako batera bidaltzeko: Hollywoodeko Oscar sarietarako kalifikatzen ditu ZINEBI Sari Nagusia eta Dokumental Film Labur Onenaren Mikeldi saria lortzen dituzten film laburrak; Bilbon lehiatzen diren Erresuma Batuko film laburrak Zinema eta Telebista Arteen Britainiar Akademiaren BAFTA sarietarako kalifikatzen ditu, eta gauza bera egiten du Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak urtero banatzen dituen Goya sarietarako. Gainera, 1974tik, Film Ekoizleen Nazioarteko Federazioak urtero eman dio aitortza ZINEBIri, eta A klaseko dokumental eta film laburren jaialdi lehiakor bakarretako bat da (gaur egun bost baino ez daude munduan).
Aurten, curriculum hain azpimarragarriari gehitu egiten zaio Europako Zinema Akademiaren (EFA) aitortza, 1989an Berlinen Ingmar Bergman zuzendari suediar bikainaren lehendakaritzapean sortutako Akademiarena. Aurtengo ediziotik aurrera, ZINEBI izango da Europako Zinemaren Sarietarako hautagai den film labur bat aukeratuko duen Estatuko jaialdi bakarra.
Bilboko kaleetan paseatzera ohitzen zarenean (Deustun, Zorrotzaurren, Olabeagan edo Abandon, adibidez), eguneroko egoera batzuk jakintzat emateko arriskua dago. Badirudi gauza batzuk gehiago baloratzen ditugula horiei buruz irakurtzen dugunean, adibidez, Athleticen zelaiak World Design Award saria jaso duela edo Guggenheim Europako Urteko Museo izendatu dutela irakurtzen dugunean. ZINEBIk denbora asko darama hemen, hainbeste, ezen Bilboko paisaiaren parte baita, noski, baina urtero-urtero hemen daukaguna aitortzeko kanpotik datozenean, bidezkoa da gure udazkeneko errutinan eten bat egitea (mundu osoan egiten diren film labur eta dokumental onenetako batzuk ikusteko zinema aretoetara itzultzea) eta duela hainbat hamarkadatik ZINEBIn, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, egiten den lanari merezi duen garrantzia ematea.