AKI KAURISMÄKI. ZINEMA ZORIGAITZAREN AURKA
Kauas pilvet karkaavat (Hodei igarokorrak-en, 1996) hamar minutu pasa direnean, Käri Väänänen-ek jokatzen duen Lauri pertsonaia zeraz ohartzen da, lanean ari den enpresa —hiri barneko autobus konpainia da, eta jendeak nahiago du trena edo norbere autoa erabili— berregituraketa bat egin beharrean dela ekonomia egoerak behartuta, eta haren gidarietako lauk utzi egin behar dutela enpresa. Nola erabaki nor bidali langabeziara? Gerenteak karta-joko frantsesa atera, eta karta aukeratzeko ematen die langileei: kartarik txikiena ateratzen dutenak, etxera. Laurik, hiruko hirusta.
Batzuen aburuz Galtzaileen trilogiaren lehendabiziko filma da hau, Aki Kaurismäki-k hamar urtean filmatu zuena, [beste biak, Cannesen saritu zuten Mies vailla menneisyyttä (Iraganik gabeko gizona, 2002) eta Laitakaupungin valot (Arrastiriko argiak, 2006)], eta bertako lehen minutuetan laburbiltzen dira Kaurismäkiren zinemaren konstante tematiko eta bisualetako batzuk. Baina, batik bat, argi eta garbi uzten du bere obran zehar aurkituko dugun fatum-aren zentzu berezia.
Aki Kaurismäki (Orimattila, Finlandia, 1957) erdi mailako familia bateko lau seme-alabetan hirugarrena izan zen, eta berak Bigarren Hezkuntza bukatzerako zazpi hiritan bizi izan ziren. Akik eta Mika anaia zaharrenak oso gaztetatik erakutsi zuten arren zinemarako zaletasuna, bera ez zuten onartu Finlandiako Zinema Eskolan, 1977an. Kazetaritza ikasten hasi zen Tampereko Unibertsitatean, Mikak Munichen zinematografia ikasten zuen bitartean. Anaia zaharrenak erakarri zuen azkenean ikus-entzunezkoetara, Valehtelija (Gezurtia, 1981) neurri ertaineko filmaren gidoiari esker (elkarrekin idatzi zutena), non Akik berak protagonista papera egin zuen. Finlandiako zirkuitu lokaletan izan zuten arrakastari esker lortu zuen Kaurismäkik bere karrera hastea, hain justu, klasiko bat, Rikos ja rangaistus (Krimena eta zigorra, 1983), bere garai eta ingurunera egokituta; obra oso interesgarria oraindik ere, egileak gorrotatu egiten duela dioen arren, hein batean joan den mendeko laurogeiko hamarkadako Helsinkiko hiri ingurunearen erretratuak duen balioagatik. Komedia zoro batzuk etorri ziren gero (Calamari Union film luzea edo Rock’y VI laburra), eta haien ondotik egin zuen bere karrera guztiko lanik interesgarrienetakoa, Itzalak paradisuan (Varjoja paratiisissa, 1986), zeinarekin Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian eta Torontoko Jaialdian parte hartu zuen.
Ordurako argi zegoen edozer sortu zitekeela zorigaitzetik, Kaurismäkiren antiheroien etsai naturala bilakatu ohi dena. Beti ere, langileriari jotzeko agertu ohi den zorigaitza. “Ez ditut bankariak ezagutzen, ezta gogorik ere. Zer elkarrizketa idatziko nukeen bankariei buruzko film batean? Honelako zerbait: ‘Zer jantziko dut gaur jaira joateko?’. Haiek ez dira boteretsuak, uste ohi denez, diruaren esklaboak baizik”. Gehiengoa osatzen duten gizarte maila bateko galtzaileek betetzen dituzte zuzendari finlandiarraren filmak, beste maila batekoen biktima direnak, zinemagileak, zalantzarik egin gabe, ergelak deitzen dituenen biktimak. “Dirua beti dute beren alde ergelek —dio Kaurismäkik—. Galtzaile sentitzen naizelako egiten dut galtzaileen zinema”.
Zorigaitz horren biktima direla, porrota saihesteko eginahaletan ari dira haren pertsonaiak, edo, gutxienez, eraginak leuntzeko; hori da, esate batera, Proletarioen trilogia apartaren protagonistek egiten dutena; aipatu dugun Itzalak paradisuan filmarekin batera, Ariel-ek (id., 1988) eta Tulitikkutehtaan tyttö (Pospolo lantegiko neska-k, 1990) osatzen dute, eta kritikarien onespen zabala izan zuen Europan. Orduan legez, gainerako filmetako pertsonaiei ere bereberea duen duintasun naturala eman ohi die Kaurismäkik; horri esker ohartu gaitezke haien egoeraz, eta horregatik eragiten dute ikuslearen enpatia. Konstante horren eta zuzendariak bere pertsonaiak erakusteko —izan protagonista, antagonista edo bigarren mailako— ezartzen duen urruntasun bisualaren arteko kontraste horretatik estilo narratibo eta ikus-entzunezko oso berezia eta erakargarria sortzen da. Ez da harritzekoa hainbeste epigono eta imitatzaile agertu izana.
Kaurismäki erako urruntasun horretan bi dira berebiziko garrantzia duten elementuak: alde batetik, behin eta berriz erabiltzen duen aktore taldearen zuzendaritza zorrotza, besteren artean Matti Pellonpääk, Kati Outinen-ek edo Elina Salo-k osatzen dutena; (“aktoreak ez dira txotxongiloak, haragi eta odol dira, baina ez dut nahi etenik gabe eskuak astintzen aritu daitezen, haize-errotak balira bezala. Filmaren magia kameraren eta aktorearen begiradaren artean dago”); eta bestetik, hain adierazkorra den Timo Salminen-en argazki zuzendaritza, zeina modu antinaturalean azaltzen baita sarritan, historia bakoitzaren alderdi jakin batzuk nabarmentzearren. Haren film finlandiarren ondoan (aipatu ditugun bi trilogiak, adibidez, baina baita ere Leningrad Cowboys talde xelebre eta jostagarriari buruzko komedia zoroak), Kaurismäkiren obra era naturalean hedatu zen laurogeita hamarreko hamarkadan Europako beste toki batzuetan: Jean-Pierre Léaud protagonista zuela, Erresuma Batuan errodatu zuen I Hired A Contract Killer (Soldatapeko hiltzailea kontratatu nuen, 1990); Frantzian, La vie de Bohème (Bohemiako bizimodua, 1992) Henri Murger-en lanari buruzkoa, eta ez, esplizitoki, Pucciniren operari buruz; edo, Portugalen, non bizi baita urte gehiena, Bico (2004) eta O tasqueiro (2012) film laburrak.
Azken oharra. Zorigaitzari erantzuteko, Kaurismäkiren obraren beste gako nagusia baikortasuna da. Bai behintzat animoa izateko jarrera bat, azkenean txoko bat egiten duena haren filmetan hain zigortuak diren protagonistengan, beti prest daudenak tangoren bat edo rock abestiren bat entzuteko, bizitzaren kondarrak edaten dituzten bitartean. Zuzendariak dio: “Filmetan ez dut nire ezkortasuna partekatu nahi”, eta horrela ulertzen dugu nola bukatzen den orain arte egin duen fikziozko azkenengo film luzea, Le Havre (id., 2011), hori ere Frantzian errodatua, non Bohemiako bizimoduko Marcel Marx (André Wilms) bihotz zabaleko zapata-garbitzaile koitadu bilakatua ikusten dugun. Premiazko mami politikoak —oso gutxi disimulatua oraingo honetan— ez dio kalterik egiten haren mezuaren unibertsaltasunari.
Rubén Corral
ZINEBIko programatzailea