Erabili gure bilatzailea

    2018 Ohorezko Mikeldia

    Apichatpong Weerasethakul

    ERREALITATEA BAINO ERREALAGOA. APICHATPONG WEERASETHAKULEN LANA

    Denboraren poderioz eta gaur egun pelikulak betiko moduan ematen ez direnez, “zinematografia txikiak zinemagile handiak har ditzakeelako” paradigmak gero eta salbuespen nabarmenagoak ditu. Zorionez. Garai bateko zinemagile handi batzuek, falkak bailiran, Mendebaldean XX. mendean nagusi zen irakurketa etnozentrista hautsi zuten; zinemagile horiek dira, adibidez, Abbas Kiarostami, lehenago Theo Angelopoulos, eta askoz lehenago zinema japoniarreko klasiko bihurtu diren Kurosawa eta Mizoguchi.

    Exotismo zinematografikoaren beste erakusgarri bat baino izango ez zelako susmopean heldu zen Europara, joan den mendearen amaieran, Apichatpong Weerasethakul thailandiar hasiberriaren obra. Thailandia ipar-ekialdean hazi zen, arkitektura ikasi zuen Khon Kaeneko Unibertsitatean (probintzia hori da bere obra gehienen agertokia) eta gero Chicagoko School of the Art Institute erakundean egin zituzten ikasketak. Mysterious Object at Noon (Dokfa nai meuman, 2000) izeneko fikziozko eta ez-fikziozko cadaver exquisito-arekin egin zen ospetsu, Rotterdameko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zutenean. Opera prima haren ondoren oso bizkor egin zuen gora: Cannesen Blissfully yours (Sud sanaeha, 2002) eta Tropical Malady (Sud pralad, 2004) saritu zituzten; eta bere Syndromes and a Century (Sang sattawat, 2006) Veneziako Mostran urrezko lehoia eskuratzeko lehiatu zuen lehen thailandiar filma izan zen. Estatuan ZINEBI izan zen 2004an obra harrigarri horietako batzuk eman zituen lehen jaialdia; zehazki, bere lehen bi film luzeak eta sei film labur izan genituen ikusgai.

    Bost urte baino gehixeagoan, Apichatpongek bere lekua hartu zuen XXI. mendeko ikus-entzunezko kanonean. Hasieran, bere hiato ospetsuekin egiten zuen distira: areto komertzial batzuetara heltzen ziren zinemagile thailandiarraren film luzeak bitan zatituta zeudela ziruditen, itxuraz bereiziak ziren bi kontakizun zituzten. Behin eta berriz (eta beti bikain) erabili duen narrazio-mekanismo horren eraginaren atzean, bere ikus-entzunezko lanek fikzioa eta errealitatea bereizten dituen mugako eremu (gero eta zabalago) horretan sortuta daudela dirudite. Izan ere, fikziozko pelikulak beren filmazioaren beraren dokumentalak direlako uste oso eta barru-barrukoan sakondu zuen; uste horrek erro baziniar sakonak ditu. Apichatpongek beti esaten du bere asmoa fikzioa eta errealitatea teilakatzea dela, ezinezkoa izan dadin bata eta bestea noiz hasten eta noiz amaitzen diren jakitea.

    Gauzak horrela, fikziozko pertsonaiak aktoreek berek sor eta landu ditzaten proposatzen du maiz (betiere bere laguntzarekin), beren edo ingurukoen sentsazio eta esperientziak oinarritzat hartuta. Halaber, dokumental kutsu gehien duten zatietan aktoreek fikziozko istorioak (ametsak, beldurrak, oroitzapenak, elezaharrak eta abar) kontatzen dituzten pasarte asko sartzen ditu; zenbaitetan, Apichatpongek pasarte horiek fikzioa bailiran bezala berregiten ditu. Gizakiok oroitzapen eta fantasiak ditugu buruan eta ia beti normal bizi dira elkarrekin, zuzendari thailandiarraren lan horietan bezala. Ez da arraroa, beraz, zuzendariak ikusleei amesten laguntzea (oker ez banago, Kiarostamik baino ez du egin hori lehenago). Eta horixe egin zuen Rotterdameko azken Zinemaldian aurkeztu zuen Sleep Cinema instalazioan: ikusleek ohe bat aloka zezaketen (gaua 75 euro zen), mugimenduzko irudi batzuei begira lo har zezaten (lo hartu nahi izanez gero); irudiak Amsterdameko EYE Filmmuseum erakundeko funtsetik hartu zituen eta pantaila obalatu handi batean proiektatu zituzten.

    Apichatpong estiloan fikzioa eta ez-fikzioa, ametsak eta oroitzapenak, kontakizunak eta behaketa dira nagusi. Zinemagilearen bereizgarriak oso pertsonalak dira eta erraz ikusten dira film luzeetan, besteak beste Cannesko Zinemaldian urrezko palma lortu zuen Boonmee osabak iraganeko bizialdiak oroitzen ditu (Lung Boonmee raluek chat, 2010) filman eta Cemetery of Splendour (Rak ti Khon Kaen, 2015) pelikulan. Ordea, film labur eta ertainetan beharbada argiago eta nabarmenago antzematen dira, eta horregatik aukeratu ditugu lehen multzoko 22 eta bigarren multzoko beste bi ZINEBIko edizio honetan emateko. Hala, besteak beste bere bi azken lanak ikusi ahal izango ditugu: Blue, zeina Torontoko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu berri duen eta Espainian Bilbon emango dugun lehenbizikoz; eta Song of the City, hau da, Ten Years Thailand proiektu kolektiboan egin duen ekarpena, zeinak herritarren askatasunaren aldeko mezu kritiko eta politiko indartsua duen. Apichatpongekin batera Thailandiako zinema garaikideko profesional ospetsuek parte hartzen dute, adibidez: Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng.

    Duela urte batzuk, Boonmee osabak… filma estreinatu berri zela, Apichatpongek errealismo magikoa gustatzen zitzaiola esan zion Diego Lererri. Zientzia fikzioarekin parekatzen zuen, “orainaz hitz egiteko fantasiazko elementuak” hartzen dituelako. Apichatpongen hitzetan, “fantasia errealitate esaten dioten hori baino errealagoa da”. Beharbada ez da zentzugabea Macondo thailandieraz Khon Kaen izatea, eta akaso ez da kasualitatea izango Apichatpongek hurrengo film luzea 2019an Kolonbian filmatzea. Oroimena izango du izenburutzat.

    Rubén Corral

    ZINEBIko programatzailea


    Apitchapong Weerasethakul
    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators