JOANA BAINO EZ. MARCO BELLOCCHIOREN ZINEMA
Italiar zinemaren ahots handien itzalean (Rossellini, Visconti, Antonioni eta Fellini) hirurogeiko hamarkadako lehenengo urteetan, horien ondorengo gazte talde heterogeneoa sortu zen, gerra ostean sortzen ari zen Italiako gizarteari buruzko ikuspegi batere autokonplazientziazkoa ez zuena. Neorrealista etiketaren gorestearen eta porrotaren lekuko, Bertolucci, Marco Bellochio, Paolo eta Vittorio Taviani anaiak, Marco Ferreri eta Liliana Cavani buru zituen talde honek ikuspegi kritikoko bideari ekin zion. Belaunaldi hori kontenta gaitza eta amorruzko sentimenduz kutsatua zen; ezker muturreko mugimenduak zituzten gogoko, eta ez zitzaien gustatzen Nouvelle Vague-kogai eta estiloen mirespena ezkutatzea. Italiar Nuovo Cinema oso modu ahulean zegoen definitua -belaunaldi batekoa zela esaten zen agian-; izan ere, halaxe zeuden Junger Deutscher Film, Britainiako Free Cinema edo Nuevo Cine Español zeritzonak ere.
Gazte talde horretan mende erdiko ibilbide nekaezina burutu duen eta ZINEBIren Ohorezko Mikeldia jasoko duen zuzendaria dugu hau. Bolonian berarekin hitz egiten ari nintzela, orain hilabete batzuk Michel Cimentek gogora ekarri zuen zinemaren historian “lehenengo pelikula on asko daudela, baina hogeita bigarren pelikula on gutxi”. Marco Bellocchioren kasua (n. Bobbio, 1939) oso salbuespen arraroa da: esku bateko atzamarrak soberan izango genituzke euren karrera garai hartan hasi eta oraindik ere mundu osoko zinemaldietan hain pelikula liluragarriak egiten dituzten zuzendariak zenbatzeko.
Iraunkortasun honen zioa, agian, estetika edota narraziogintza jakin batean eroso ez geratzeko gaitasuna izan daiteke, eta gizartearen eta bere buruaren oinarriak ezbaian jartzeko betidanik egin duen saiakera setatia. Bizitza joaneko txartel bat dela jakingo balu bezala, Bellocchiok beti aurrerantz begiratzen du, “irrazionalerako jankinminari” eutsi behar horretan. Halaxe azaltzen zion gutun batean Pier Paolo Pasoliniri, boloniar maisuak bere opera prima I pugni in tasca (1965) ikusi orduko goretsi eta gutxira.
Poeta, marrazkigile, antzerki eta opera zuzendari, Lotta Continua mugimenduko militante konprometitua, hirurogeiko hamarkadan fundatu zenetik (bertan, Erri De Luca idazlearekin, Adriano Sofri kazetariarekin eta Marco Boato politikariarekin batera ibili zen) hirurogeita hamarreko hamarkadan desagertu zen arte, zine gidoigile eta zuzendaria; esan daiteke Bellocchio berrasmatzen joan dela hamarkadak joan hamarkadak etorri. Bidezkoagoa litzateke, hala ere, era guztietako proposamenak eszenaratzeko gaitasuna aitortzea, bere-berea duen pentsatzeko modu erradikal, kultu eta ezaguterreza nola aurrerantz bilakatzen den goresteaz batera. Bere lehenengo film luzean hori gertatzen zen zegoeneko. I pugni in tasca (1965) oldartsu hartan, ekintza edozein unetan pizten da, planoek bat egiten dute muntaian mugimendua dagoenean, eszenaratzea apropos da narrasa, kamerak pertsonaiengandik hurbilegi dagoela ematen du beti, eta ez dute ikuslearen enpatia bilatzen. Amorerik eman gabe, Bellocchioren zinema haren ideia iraultzaileekiko muturreko konpromisoaren isla da, bere pentsatzeko (globala) eta jarduteko (tokikoa) moduarena. Bellocchiok salatu egiten du bere aburuz gizabanakoaren ikuspuntua itotzen duen errepresio moral eta politikoa, eta salaketarako deia egiten du, edo matxinatzekoa. Hori ikusten da hainbat dokumentaletan: Paola / Il popolo calabrese ha rialzato la testa (1969), Matti da slegare (1975) eta La religione della storia (1998), filmetan, esaterako; baina fikzioetan ere bai: Nel nome del padre (1971), Sbatti il mostro in prima pagina (1972), eta L’ora di religione / Il sorriso di mia madre (2002) filmetan, besteak beste. Bere herrialdeko orainari begirada kritikoak egiten dizkio, baina iraganari ere bai, egitate jakin batzuei erreparatuta: Vincere (2009) eta Buongiorno, notte (2003) Aldo Moro demokristauaren bahiketari buruzko fikziozko filmean, esaterako. Kontu horretara, gainera, 2018an ere itzuliko zen, telebista serie baten bitartez. Mende erdi baino gehiago irauten duen etengabeko zinemagintza ibilbide honek altuak eta baxuak biltzen ditu eta hainbat gaitan barrena ibiltzen da (operatik Luigi Pirandelloraino, literatur egokitzapenetatik pasata), baina horien artean bere azken lana nabarmendu nahi dugu, Per una rosa (2017), Fare Cinemako laborategiarekin lotzen duena, horrek eraman izan baitu, behin baino gehiagotan bere jaioterrira, Bobbio-ra. Han gazte talde batekin lanean dihardu, pieza dramatiko batzuek sortzen, eta ia aurrekonturik gabe grabatzen. Horrela zuzendu zuen Sorelle Mai (2011) eratzen duten sei atalak; beroietan zuzendariak 1965ean I pugni in tasca errodatu zueneko etxea berreskuratuko du, eta bere familiarekin lotutako irudi berriak sartuko ditu, fikzio intimista kutsua jarrita. Horrela, horien bizitzatik oso hurbil dauden paperak gorpuzten ditu: Letizia eta Maria Luisa izebak, semea, Pier Giorgio aktorea, eta alaba txikia, Elena, 1997tik grabatzen duena, eta orain Per una rosa filmaren protagonista dena. Film labur hori ez da oraindik Espainian ikusi eta ZINEBIko edizio honen amaierako ekitaldiko galan ikusi ahalko dugu.
Rubén Corral
ZINEBIko programatzailea