Erabili gure bilatzailea

    2018 Ohorezko Mikeldia

    MARIANO LLINÁS

    LA FLOR. GOZAMENAREN PRINTZIPIOA

    Atsegin handia da ZINEBIrentzat Espainian Mariano Llinásen La flor estreinatzea; izan ere, zinemako fikziozko film luzeena da (14 ordu eta erdi irauten du). Zinemagile honengana hurbiltzeko ezinbestekoa da hutsalak diruditen baina funtsezkoak diren bi datu kontuan hartzea: patriarka itxura du (handia eta luzea da) eta Buenos Airesko San Telmo auzoan bizi da.

    Bere produkzioak besoekin egindako azkenak dira: berebiziko indarra eta gorputz eskerga behar dira hainbeste energia sortzeko. Izan ere, filmazioak hamar urte iraun du, kontinente batean baino gehiagotan egin da eta lagun-talde handi bat mobilizatu du etengabe (aktoreak eta El Pampero ekoizpen-etxeko teknikariak). Llinás aseezina da, wellesiarra (zezenketetan Habanos erretzen du), eta filmazioetara makila handi bat eramaten du, profeta biblikoen antzera, Sam Fullerrek Colt 45 pistola bat eramaten zuen moduan. Idazki eta elkarrizketetan azaldu du Noe profetaren erakusbideak erabat hartu duela, zinema iraganeko gauzak gordetzeko kutxa bat dela irizten baitio. “La flor filmean gustuko ditudan animalia-espezie guztiak agertzen dira. Pelikulan bihozberatasunez pentsatu nahi badugu, Noeren kutxaren modukoa da (Sauve qui’il peut le cinematograph). Ulertu behar dugu XX. mendea amaitu zela eta gure belaunaldiari gustuko ditugun aldi horretako gauzak zaintzea dagokiola”. Horregatik, esan bezala, bere pelikulak ikusterakoan San Telmoko biztanle eredugarri batek egin dituelako susmoa hartzen dugu; San Telmo auzo harriztatua da, azokaz eta txerpolariz josia. Bere pelikulek denboran (XX. mende osoa) eta espazioan (Amerika eta Europa bereizteaz gain lotu ere egiten dituena) barrenako bidaiak dirudite. Llinás nazionalista da, joan den mendeko mendebalde osoa ordezten duen auzo batekoa; kale bakar horretako militantzian, betiere, internazionalista bihurtzen da bat.

    Historias extraordinarias (2008) egin zuela dagoeneko hamar urte dira (Zinebin 2011n eman genuen eta ordurako bi urte zeramatzaten La flor filmatzen). Pelikula hura bitan adarkaturiko bideez beteriko lorategi baten modukoa zen, bata bestearen barruan dauden istorioez osaturiko sare bat, zegokien mendearen esparruan. Godard gogora ekarrita, norbaitek “Histoire(x) du cinema” deitu zien.

    La flor borgiarra baino cervantestarragoa atera zaio. Kontinente bat baino gehiago agertzen dira, batez ere Hego Amerika, baina baita Europako hiriburu nagusiak eta Errusia eta Asiako eremu batzuk ere. Fikzioekin beste lurralde batzuk okupatzeko harrokeria Hollywoodeko pelikulen eskumena zen (20ko hamarkadatik); han, Jesu Kristok ere ingelesez egiten zuen. Ehun urte igaro dira, baina La flor pelikulan inbertsio zuzenak du garrantzia. Zinemako ia genero klasiko guztien (thrillerra, musikala, espioiak, maitasunezko lirika bukolikoa) eta gaztelaniaz eta Hego Amerikan dagozkien toki ikonikoen jabe egin da. Alderantzizko lapurretaren epika da, zinema hegoamerikarrak, behar zuen arren, inoiz izan ez zuena. Llinásen eta pantailan biderkatuta hainbat paper jokatzen dituzten Piel de Lava konpainiako lau emakumeen (Valeria Correa, Laura Paredes, Pilar Gamboa eta Elisa Carricajo) harrokeria lurraldeak (buenosairestar urguilu pixka batekin) berreskuratzen dituzten konkistatzaileen harrokeria da. Carricajo eta Gamboa Eiffel dorrea eta Reichstag eraikina mendean hartzen.

    La flor pelikulak berealdiko film luze bat irakurri izanaren arrastoa (eta zama) uzten du. Badirudi eleberri erraldoi bat (klasikoa eta metalinguistikoa aldi berean, Roberto Bolañoren 2666 bezalakoa) irakurtzen eta, aldi berean, eleberri horren zinemarako egokitzapena ikusten ari zarela. Zinemaren historian badago sentsazio horren aurrekariren bat edo beste, eta erraz antzematen da, gozamenarekin lotura estua duen sortze-printzipioak gidaturiko pelikulak baitira. Horietako bat Max Ophülsen azken lana da, Lola Montès (1955), mata hari baten biografia postmoderno eta handinahia. La flor filmak pelikula horren ugalketa masibo bat dirudi. Pelikula horietan sortzaile-taldeak dena ematen du, lehena eta azkena balitz bezala. Jaiotza eta testamentua zati berdinetan.

    Álvaro Arroba
    Zinema-kritikaria, Programatzailea



    Mariano Llinás
    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators