Erabili gure bilatzailea

    Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Zinegotzia

    ZINEMAK ZINEMA IZATEN JARRAI DEZALA

    Gonzalo Olabarria. Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Zinegotzia.

    Hilabete gogor eta luzeak izan dira zinema aretoentzat. Zuhurtzia eta osasun publikoaren zaintza zirela eta, gomendagarria izan zen erabilera publikoko esparru itxietan, esaterako, zinema aretoetan biltzen zen jende kopurua mugatzea (asko, gainera, une batzuetan). Pandemiatik eratorritako egoera pixkanaka hobera egiten ari da. Zergatik itzuli behar gara orain, bada, aretoetara? Zergatik agertzen gara horren alde?

    Duela bi urte gure buruari galdera hori egin izan bagenio, ez dut uste erantzunak jada aretoetara itzuli diren ikusleek ematen dutenarekin zerikusirik izango lukeenik. Lehen pentsatzen genuen, apika, gure ametsei zentzua emateko joaten ginela zinemara edo, agian, areto ilun hartara joanda, mundua ikusteko dugun modua birpentsatzea eragingo ziguten irudiak, soinuak, ideiak eta besteren bizipenak aurkituko genituela.

    Hilabete luzez pandemiaren zigorra jasan ondoren, erantzunak berberak dira, oraindik ere indarrean daude; baina arrazoi indartsu horiez gain, eta aipatu ez ditudan beste batzuez gain, komeni da errealitate larriak aretoetara eraman dituen beste batzuk ere gehitzea. Lehenik eta behin, filmak zinema areto batean ikustearen esperientziak, gutxiagotan egiten dugulako bada ere, ez duela zerikusirik etxeko egongelan ikustearekin. Bagenekien pandemiaren aurretik ere, baina orain hobeto dakigu. Dena den, aretoetara joatearen erritutik, gaur egun, komeni da horrek eragiten duen etekin ekonomikoa azpimarratzea; izan ere, horri esker mantentzen dira zabalik zinema aretoak, eta horri esker jarraitu dezakegu duela 125 urte baino gehiago hasitako erritua betetzen. Zinemara joateko ohitura ona lantzen jarraitzearen mende dago urte batzuk barru desagertu izana ez deitoratzea. Gehiegizka ari naizela uste dutenentzat, gogorarazi nahi dut duela hiru urte Espainiako estatuko pertsonen heren bat baino gehiago zinema-aretorik gabeko herrietan bizi zela.

    Gure gizartean, ezin dugu imajinatu zinemarik gabeko mundu bat, baina gero eta haur gehiago dira, gazteagoak, proiekzio-aretorik gabeko mundu bat imajina dezaketenak. Nostalgia onuragarria izan daitekeela diote, baina sarritan axolagabekeriak eta gure bizitzako arazo ‘benetan garrantzitsuek‘ garaitzen gaituzte. Baliteke zinemaren bideragarritasuna (mundua imajinatzeko behar dugun zinema horrena) ‘eduki’ bihurtzearen araberakoa izatea.

    Urtero, azaroan, ZINEBIk mundu osoko kultur proposamen oso anitza biltzen du Bilbotarrentzat. Ikusi ahal izango ditugun film asko ez dira oraindik espainiar estatuan ikusi eta, ZINEBI bezalako jaialdirik gabe, agian ezingo genituzke inoiz ikusi. Aukera ezin hobea dugu, etorkizun ez oso urrun batean, zinemak zinema izaten jarrai dezan laguntzeko.

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators