Erabili gure bilatzailea

    ZINEBI 65

    Focus: Iván Zulueta. Apunteak eta zirriborroak

    Andy Warhol eta Michael Jackson lotzen dituen lerro eten bat

    Inoiz Arrebato (1979) filmarekiko interesa agertu duen edonork, interpretazioetan sakondu nahi izan badu, topo egingo zuen nahiko kontrastatuta dagoen ideia batekin: José Sirgado (Eusebio Poncela) eta Pedro P. (Will More) bikoiztutako Iván Zuluetaren irudia besterik ez direla. Bikoizten diren, elkar osatzen duten, elkar deuseztatzen duten, elkarren beharra duten eta, aldi berean, suntsitzen diren bikoteekiko obsesio hori, Arrebaton ez ezik, bere obra sakabanatu, osatugabe eta obsesibo osoan zehar identifika daiteke. Banpiroen, rock izarren, umezurtz koitaduen edo izen zentzugabeko bikien irudian formalizatuta, pertsonaia bikoiztu horiek kanibalismo- eta autosuntsiketa-espiral batean sartzen dira, zeinetatik, kasurik onenean, araztuta eta berpiztuta irteten baitira, eta, txarrenean, aurretik eramaten dituen apoteosi kosmiko batean erortzen baitira. Behin eta berriz, eta ehunka, milaka bider, itzultzen da Iván Zulueta narratiba horretara. Bere buruan bizi ziren deabruek eta aingeruek beti borroka bera zuten, eta ez zuten inoiz amore eman.

    Gauza ezaguna da ere Iván Zulueta txikitatik zinemaz (eta pinturaz) inguratuta bizi izan zela. Aita, Antonio de Zulueta, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia (SSIFF) izenez ezagutzen dugunaren sortzaileetako bat da, eta haren zuzendaria izan zen 1957tik 1960ra (eta horren berri ematen dute programa hauetako film batzuek). Lehen edizioa 1953an egin zen, Donostiako Nazioarteko Zinemaren Astea izenarekin, Ivánek hamar urte zituenean. Zinemaren kontsumo ia konpultsiboa ohikoa zen Zuluetatarren etxean. Dakigunaren arabera, Iván egunean hainbat film ikusiz hazi zen, dela Donostiako zinema-aretoetan, dela beste inon. Zinema horren zatirik handiena Hollywoodetik eta garai hartako Europako filmografia arrakastatsuenetatik (Frantzia, Italia, Alemania…) zetorren. Eta egia bada ere Die Brücke (Bernhard Wicki, 1959) izan zela hamasei urterekin bere zinemazaletasuna markatu zuen filma, egia da ere, Ipar Amerikako zinema klasikoa eta bere bilakaera izan zirela benetan bere bizitza osoan zehar lagun izan zuen zinema (telebistako pantailarako berfilmaketa-lan askotan bistakoa denez), Walt Disneytik Fred Astairera, Frankensteinetik (James Whale, 1931) All that Jazzera (Bob Fosse, 1979). Bere azken grin zinematografikoetako bat ere, David Lynch, hobeto ulertzen da zinema klasikoaren herentziaren ikuspegitik, hainbestetan aipatutako zinema esperimental eta underground iparramerikarraren ikuspegitik baino. Jakina, garai batean abangoardiako erreferentzia horiek Estatu Batuetako zinema klasikoarekiko zuten debozioarekin batera gertatu ziren, baina esan ohi dena baino askoz beranduago iritsi ziren, eta haien arrastoa uste duguna baino txikiagoa da.

    Hona hemen sarrera honetan aipatu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat, Iván Zuluetari buruzko beste funtsezko gai bat: ez zion inoiz lan egiteari utzi. Obra gutxi bukatuta eta aitortuta izateak ez du esan nahi alferra edo diletantea zenik. Dudarik gabe, baliteke Donostiako eta Euskal Herriko familiarik aberatsenetako baten parte izateagatik pertsona apetatsu bihurtu izana eta bere inguruari buruzko klase-begirada izatea (solaskideentzat ernegarria izan zitekeena), baina horrek ere ez du inolako loturarik bere obra amaitu hain gutxi ezagutzearekin. Egia esan, xede batekin edo bestearekin, Iván Zulueta beti bizi izan zen kitzikapen sortzaileko egoera batean, batzuetan ekaiztsua izan zen, baina beste batzuetan izugarri pozgarria, berak hamaika bider adierazi zuen bezala: sorkuntza eta dibertsioa, gozamena, Ivánekin, eskutik zihoazen. Zuluetak pultsio obsesiboa izan zuen proiektuak sortzeko orduan, eta behar ia gaizbera zuen, etengabeko kitzikapen-egoeran ustekabean jarriz etortzen zitzaizkion ideia horiek irudikatzeko. Baita geldialdi beteko uneetaan ere. Buruan pilatzen zitzaizkion pentsamendu guztiei irteera bat bilatzeko beharrak bultzatuta, ez da harritzekoa, ordea, horiek guztiek zirriborro, ohar edo tratamenduen faseak ia inoiz ez gainditzea. Baina, zenbaitetan, gehiegizko ekoizpenak eragin zuen, nolabait, obra zirkulazio-terminoetan (obra plastikoa, filmak edo argazkiak) onargarria zen moduan islatzeko aukera itotzea.

    Programen parte diren filmak 8mm-ko eta Super 8ko bobinen nahaste bat bezala ekarri dira honaino, zeinak 2020ko azaroan iritsi baitziren Espainiako Filmotekara, zuzenean egon ziren lekutik, Donostia kanpoaldean dagoen biltegitik; izan ere, han egon ziren, hamarkada batez baino gehiagoz, Iván hil zenetik. Tamalez, 80 film baino gehiagoko sorta hartako material batzuk, batez ere 35mm-ko azetatoak, ez ziren iritsi haien irudiak berreskuratzeko moduan, eta suntsitu egin behar izan ziren. 4Kra digitalizatu ondoren, lehen aldiz haren edukiari aurre egin ahal izan genionean, orduan izan genuen testu honetan garatu ditugun ideietako batzuen berri, zeinak indartu egingo baitziren geroago Espainiako Filmategiak eskuratutako legatuaren parte diren gainerako dokumentazio eta lanen (amaitua eta amaitu gabeen) berrikuspenarekin. Zuluetaren pultsio sortzailea agortezina zen, bere ekoizpena benetan zabala, eta gozamena eta izaera ludikoa obren eta ekoizpen-prozesu beraren parte ziren, bereizezinak (baita eremu ilun eta zailagoetan sartzen zenean ere).

    Iván Zuluetaren lana bere konplexutasun osoan ulertzeko modu bat baldin badago, Andy Warholengandik irten eta Michael Jacksonengan amaitzen den lerro eten bat marrazteko gai izanez da. “Pop” terminoari eman dakiokeen zentzu heterodoxo, otzan eta likatsuenean ulertuta. Horrela, eta soilik horrela, artista madarikatu, esperimental eta gatazkatsuaren leku komunak alde batera utzi ahal izango ditugu, zendu zenetik hamar urte igaro direnean, badelako horiek atzean uzteko garaia.

    7 (+1) programa horiek funtsa eskuratzearekin batera berreskuratutako material filmiko argitaragabe ia guztiak barne hartzen badituzte ere, egia da ez dituztela barne hartzen bertan agertu diren film guztiak. Kanpoan geratu dira jatorri zalantzagarriegia duten film batzuk, baita aurretik zirkulazioan ibili ziren eta lan bukatuak direnak ere (La fortuna de los Irureta, Aquarium edo A Mal Gam A, adibidez). Material gehienak, ia guztiak, lehenengo saiokoak izan ezik (Las películas de Consuelo y Antonio, 30eko hamarkadatik 50eko hamarkadara doazenak) 70eko hamarkadakoak dira (izenburu batzuk, oso gutxi, aurreko urteetakoak dira, eta beste batzuk 80ko hamarkada hasiera-hasierakoak). Ivan Zuluetaren nortasuna eta sormena hamarkada horretan garatu ziren. Behin Zinematografia Eskola Ofizialaren garaia amaituta, beldurrak eta bere buruarekiko ziurgabetasunak gaindituta, TVEko Último grito (1968-1970) saiotik igarotzeak eman zion konfiantzarekin eta Un, dos, tres, al escondite inglés (1970) lanaren esperientzia txarrarekin, 70eko hamarkada esperimentazioaren, askatasunaren eta plazeraren hamarkada izan zen, baita bere bizitza pertsonalean ere. Horretaz hitz egiten digute titulu horietako gehienek. Gozatu. Ez dugu fotograma gorrien mehatxurik (ezta beharrik ere).

    Josetxo Cerdán eta Miguel Fernández Labayen
    Espainiako Zinemako Unibertsitate Institutua. Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatea






    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators