Erabili gure bilatzailea

    ZINEBI 65

    Frederick Wiseman

    Frederick Wisemanen eguneroko bizitza

    Historiografiaren barruan, eta bere tresneria zabal eta liluragarria aplikatzen zaion objektuaren arabera, gure Historia nola eta zergatik idazten den ulertzeko aukera ugari aurkitzen ditugu. Ikuspegi politikotik, ekonomikotik edo sozialetik hari buruzko galderak egiten dituzten konpartimentu tradizionaletatik harago joanez gero, eta, hain zuzen ere, azken kategoria horretan sakonduz gero, zazpigarren artea bere iturrietako bat bezala modu oso arrakastatsuan erabil dezakeen zatiketa bat aurki dezakegu: eguneroko bizitzaren historia, zeinak pertsonen bizimoduaren funtsezko alderdiak bere azterketa eremu bihurtu baititu. Era berean, dokumentalak filmatzeko zeluloidetik eratorritako azpiegitura garestia ezinbestekoa ez zen unetik aurrera, dokumentalen ekoizpena oso bizkor handitu zen, “eguneroko bizitza” gisa uler genezakeenaren ikus-entzunezko erregistro kopurua biderkatzea ahalbidetuz. Horrela, bada, pertsonen eremu pribatuko errealitate askoren isla zinema dokumentalaren bolumen gero eta handiagoaren jabe egin da.

    Lan ildo horretan zinemagile asko —hasiberriak, ibilbide egonkorra dutenak eta beteranoak— aurki ditzakegu, eta bereziki arrakastatsuak dira Wang Bing, Nicolas Philibert edo Claire Simonen kasuak. Dena den, ez dut uste horietako inork zalantzarik izango zuenik zera adierazteko, “eguneroko bizitzara”, bere filmetan deskribatutako objektu eta subjektuetara hurbiltzeko moduaren inspirazioaren parte baten jatorria aurten Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren Ohorezko Mikeldia jasotzen duen Frederick Wiseman dela (Boston, Massachusetts, AEB, 1930).

    Behaketa-dokumentalaz hitz egitean, Frederick Wisemanen izena ez da erreferentzia hutsa, baizik eta gure gizartea zinemaren bidez ezagutzeko modu baten egile-destilazio bat, zeinaren sustraiak joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Estatu Batuetan sortutako Direct Cinema izenekoan baitaude; baina, ikuspegi subjektibo eta arriskurik gabeko batetik (edo argi eta garbi politikotik) eskaintzen du bere filmografia, XX. mendearen bigarren erdiko “eguneroko bizitza” hori ulertzeko balio duena; fikziozko zinemarentzat edo dokumental “kanonikoenarentzat” ustez hain erakargarria ez den errealitate bati zuzentasun politikoak ebatsitako gizarte-gatazkak, erritoak, ohiturak eta alderdiak ulertzeko.

    Ia 94 urte dituela, bere filmografia ikusgarria dela eta (50 film luze inguru, film laburrak eta PBSren Independent Lens sail prestigiotsurako hainbat kapitulu) zinemagile mitikoaren aura du justiziaz, zeina gai izan baita film dokumental berri bakoitzean Titicut Follies (1967) seminalean erakutsi zuen intuizio bera erakusten jarraitzeko. Pieza hura Massachusettseko espetxe psikiatriko bateko presoen bizitzaren erretratu txundigarria zen eta gaur egun ere nokeatuta uzten ditu ikusleak, Wisemanen kamera ikusezinak jasotzen duen “errealitatea” dela eta. Lehen film luze hura —eta haren atzetik High School (1968), Law and Order Basic Training (1971), Juvenile Court (1973), Meat (1976), The Store (1983) edo Near Death (1989), beste askoren artean— oso gutxik bezala balio izan zuen zuzeneko zinemaren helburu utopikoa zabaltzeko, hau da, filmetako irudiekin eta soinuekin film horietako ikusle batek filmazioaren lekuan eta unean bertan balego ikusi eta entzun ahal izango lukeena irudikatzeko. Baina ez modu aseptikoan, jarrera politiko bat duen zinemagile baten ikuspegitik baizik.

    Wisemanek beti defendatu izan du bere film guztiek edozein erabaki zinematografikok dakarren subjektibotasunaren kutsua dutela. Eta, hala badagokio, ez soilik ikusleei aurkezten dien edukiari buruz duen ikuspuntua (edo “esku hartzen” duen eta bere presentziarekin errealitatea aldatzen duen zinemagilearen beraren erreakzioa) ezagutzera emateko, baizik eta bere filmen indar narratiboa indartu nahi duelako ere, dokumentalak didaktikoak eta/edo aspergarriak izan behar dutela dioen topikoaren izurritetik ihes eginez bezala. Zinemagile gisa duen moldakortasuna —zeluloideko zuri-beltzeko filmetan hainbat bider frogatu zuena— begi bistakoa eta berritzailea da, XXI. mendeko bere film dokumental askotan ikus daitekeenez, non sarritan Estatu Batuetako erakundeen egituraren prozesu eta mekanismoen deskribapen zehatzari aplikatzen zien: hor daude State Legislature (2007) —Idahoko Estatuko Parlamentuaren funtzionamenduari buruzkoa—, At Berkeley (2013) —Estatu Batuetako unibertsitate publiko zaharrenarenetik lau orduko iraupena zuen film baterako 250 ordutik gorako materiala eraman zuen—, National Gallery (2014), Ex Libris (2017) edo Monrovia, Indiana (2018).

    Horrelako ibilbide zinematografiko baten aurrean, esan gabe doa zinemagileak sari ugari jaso dituela: 2016an ohorezko Oscar bat jaso zuen bere ibilbide osoagatik; Cannes, Venezia, Turin edo Jihlavako Jaialdietan ere aintzatetsi dute bere ibilbidea eta, duela urte batzuk IDAren (International Documentary Association), Argazkilaritza Zuzendarien Amerikako Elkartearen (American Society of Cinematographers) eta Los Angelesko eta New Yorkeko Zinema Kritikarien Elkartearen Ohorezko Sariak jaso zituen.

    Ikus-entzunezko grabazioek errealitatea jasotzeko aukera paregabea eskaintzen digute, hura harrapatzeko eta erregistro bihurtzeko. Wisemanek berak behin baino gehiagotan adierazi du zinemagile gisa zuen helburua ez zihoala Estatu Batuetako bizitza garaikidearen inpresio bat aurkeztetik harago. Hamarkada batzuk geroago, eta gauden trantze honetan (argi eta garbi hitzik gabe uzteko modukoa den ibilbide profesional bat ohoratuz), hobeto litzateke “transmititu” aditza erabiltzea “aurkeztu” aditzaren ordez, Wisemanek filmatutako pelikulen multzoak orainaldiko eta etorkizuneko ikusleentzat dakarren aukera deskribatzeko orduan: egundoko erregistro sorta bat da, joan den mendearen erdialdetik gaur egunera arte Mendebaldeko eguneroko bizitzaren historiaren kapitulu interesgarri bat eraikitzeko balio duena (oraindik oso berria da City Hall, 2020koa, Estatu mailan ZINEBI 62n estreinatu zena eta Cahiers du Cinéma aldizkariak urteko film onena bezala aukeratu zuena). Charlie Rose kazetariari PBSn (Wisemanek dozenaka aldiz parte hartu duen AEBko telebista publikoan) duela hogeita hamar urte emandako elkarrizketa batean, zinemagileak honela deskribatu zuen bere ibilbide profesionala: “gaia bizitza arrunta da eta protagonistak, berriz, pertsona arruntak”.

    Bere legatu artistikoaren garrantzia dela eta, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak zor handi bat kitatuko du bizirik dagoen dokumentalista garrantzitsuenarekin, 2023ko Ohorezko Mikeldi saria emanez.


    Rubén Corral

    ZINEBIko programatzailea

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators