BILBO ETA ZINEBI: HARREMANETAN DAGOEN KULTURA
Gonzalo Olabarria.Kultura eta Gobernantza zinegotzia
ZINEBIk sei hamarkadatik gorako historia du eta, denbora horretan zehar, Bilboko kultura-ehunaren funtsezko osagai gisa finkatu da. Sortu zenetik, zinema dokumentala eta film laburrak nazioartean hedatzeko eta bultzatzeko plataforma nagusi gisa duen lekua berresteko lan egin du, gure hiria sortzaileen sare global batekin harremanetan jarriz; horren emaitza da ZINEBI nazioarteko zirkuituan hitzordu gailen bat izatea.
Jaialdia ikus-entzunezko industriak Bilbon eta bere inguruan duen indar gero eta handiagoaren isla ere bada, eta horrek aukerak sortzen ditu bertako profesionalentzat. Horri dagokionez, ZINEBI ekonomia dinamizatzeko motor bihurtu da Bilborentzat eta eragin positiboa sortu du hainbat sektoretan: sorkuntza eta produkzio zinematografikoan, zalantzarik gabe, baina baita ostalaritzan, zerbitzuetan eta herritarren jardueraren beste esparru batzuetan ere, aberastasuna gehituz.
ZINEBIk nazioartean duen proiekzioa bertako prestakuntza- eta produkzio-sarearekiko konpromiso irmoarekin bateratzeko lan egin du, euskal produkzioari arreta berezia eskainiz. Jaialdi honetan sorkuntzak, akademiak eta industriak bat egiten dute, hitz egiteko, ideiak trukatzeko eta lankidetza sareak ezartzeko. Antolatu ditugun topaketa- eta hedapen-jarduerek zinemagileen belaunaldi berriak garatzen laguntzen dute, gero eta lehiakorragoa eta globalizatuagoa den merkatuan sartzen lagunduz. Eragina izan nahi dugu, batetik, sortzen ari den talentua sustatzeko eta, bestetik, Bilbo hub sortzaile gisa sendotzeko.
Azken batean, ZINEBI Bilboko egutegi kulturaleko jarduera garrantzitsuenetako bat izateaz gain, ikus-entzunezko industriaren hazkunderako funtsezko eragile bat ere bada. Izan zaitezte ongi etorriak 66. ediziora, zeinetan hirian eta etorkizunean jarriko baitugu arreta.