• Jaialdia azaroaren 12an hasiko da, inaugurazio-gala batekin, Arriaga antzokian. Azaroaren 19ra arte, ZINEBIk 123 film programatuko ditu, horietatik 45 euskal produkziokoak (34 film labur eta 11 film luze). Aurkeztutako filmen erdiak baino gehiago estreinatu dira Estatuan.
  • Imanol Uribek eta Margarethe Von Trottak aurtengo ohorezko Mikeldi sariak jasoko dituzte.
  • Sail Ofiziala – Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak 55 film ditu. Horietatik 54 estatu mailako estreinaldiak dira.
  • Sail Ofiziala – ZIFF – ZINEBI First Film Lehiaketan Estatuan ikusi ez diren eta 12.000 euroko saria eskuratu ahal duten 9 film luzek parte hartuko dute.
  • Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama sail ez-lehiakorrak 2021ean mundu osoan ikusi ahal izan diren film luze dokumentalik onenak aurkeztuko ditu.
  • ZINEBIk edizio hibridoaren aldeko apustua egin du berriro; beraz, filmak zinema-aretoetan erakusteaz gain, zenbait proiekzio eta jarduera online egingo dira FILMIN plataformaren bidez.
  • Proiektatutako film guztiek (aurrez aurre edo online) azpitituluak euskaraz izango dituzte.
  • Hilaren 26tik aurrera egongo dira salgai sarrerak.

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, azaroaren 12an, ostirala, 63. Edizioari emango dio hasiera, Arriaga Antzokian 19:30etik aurrera egingo den inaugurazio-galarekin. Azaroaren 19ra arte iraungo du jaialdiak. 19an amaiera-gala eta sari-banaketa ospatuko dira. Gala Sra Polaroiskak (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) zuzenduko du, Gure Artea Saria 2017.

Jaialdiaren 63. edizioaren programazioa prentsaurreko batean aurkeztu da gaur goizean. Prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu eta bozeramaileak eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak hartu dute parte.

Prentsaurreko honetan,  edizio berri honen xehetasunak aurkeztu dira eta bertan, 41 herrialdetako 123 filmek hartuko dute parte. Aurkeztutako filmen erdiak baino gehiago Estatuan estrenaldiak dira, eta programaturiko filmen erdiak baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte.

ZINEBIren proiekzioak bi atal ezberdinetan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk.

Lehenengoan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF – ZINEBI FIRST FILM Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien film luzeei eskainita.

Bigarrenean, Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen sail ez-lehiakorra; Bertoko begiradak – Miradas desde Euskadi atala, Euskadin ekoitzitako film laburrez eta luzeez osatua, euskal ikus-entzunezkoen industriako produktoreen, zinemagileen eta profesionalen lana aintzatesteko; eta beste saio bereziak.

OHOREZKO MIKELDI SARIAK

ZINEBIk, bere 63. edizioan, beste behin ere, Ohorezko Mikeldi sariekin, nazioarteko zinema garaikidearen izen garrantzitsuenetako batzuen ibilbidea eta dimentsio artistikoa aitortzen ditu.

Oraingo honetan, Jaialdiak Europako eta Euskal Herriko zinemako ezinbesteko bi pertsonari ematen dizkie sariak: Margarethe von Trottari eta Imanol Uriberi.

ZINEBIk Margarethe von Trotta aktore, gidoilari eta zuzendari alemaniarra aitortzen du, bere zinemaren sendotasun eta zintzotasunagatik, eta, bere hastapenetatik, Alemaniako Zinema Berriaren emakumezko ahots handi gisa izan zuen bikaintasunagatik, bere lanean 68ko Iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa islatzen jakin zuelako, Zinemaren Historiako zinemagile feministarik eragingarrienetako bat bihurtu arte.

Imanol Uriberen kasuan, ZINEBIk asko maite duen eta Jaialdiarekin ia hasieratik lotuta dagoen zinemagilearen ibilbide luzea aitortzen da. Uribek -sari bana irabazi zuen Jaialdian “Ez” (1977) eta “Ikuska 13: Euskal kantagintza” (1982) film laburrengatik – Trantsizioko euskal gizartearenganako begirada zinematografiko nagusietako bat da.

Bere ibilbide profesionalaren mende erdia Goya sariek eta lehen mailako sariketetan nazioarteko aintzatespenek bete dute, Donosti, Berlín edo Montreal, eta XX. mendearen bigarren erdiko espainiar zinematografiako zinegile nagusietako bat bihurtu dute.

NAZIOARTEKO LEHIAKETA

Aurten, 3.500 film labur baino gehiago ikusi dituzte ZINEBIko hautapen-batzordeko kideek. Oraingo honetan, 29 herrialdetako 55 film (54 dira Estatuan sarituak), 31 gizonek eta 35 emakumek zuzenduak. Horietako zazpi Euskadiko errealizadoreek sinatu dituzte: “Azaletik Azalera” (Mel Arranz / Animazioa); “Berak baleki” (Aitor Gametxo / Fikzioa); “Kinka” (Maider Oleaga / Fikzioa); “Love Needs Time to Kill” (Txuspo Poyo / Dokumentala); “Ur azpian lore” (Aitor Oñederra / Animazioa); “Vatios” (David Pérez Sañudo / Fikzioa); eta “Yungay 7020” (Raquel Calvo Larralde & Elena Molina Merino / Dokumentala). Izenburu hauek azaroaren 12an, ostirala, izango den inaugurazio galaren amaieran ikusi ahal izango dira.

PALMARESA

ZINEBIk azaroaren 19an aurkeztuko du bere palmaresa. Nazioarteko Epaimahaiak emango ditu Sail Ofiziala-Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako sariak. Aurten, Isabel Herguera animazioko zinemako zuzendari eta ekoizle gipuzkoarrak osatuko du epaimahaia, Itandehui Jansen zuzendari mexikarra; Jone Laspiur euskal aktorea, 2021ean Aktore Berririk Onenaren Goya saria irabazi zuena; James Lattimer, Berlinale Forumeko hautaketa-batzordeko programatzaile, kritikari eta zinegilea, eta Viennaleko programazio-aholkularia; eta Florencia de Mugica ekoizle argentinarrarekin batera.

Sail Ofiziala – ZIFF ZINEBI First Film -Nazioarteko Lehiaketaren sariak Helena Wittmann zinemagile eta ikus-artista alemanak (era berean, epaimahaiaren aipamen berezia irabazi zuen ZIFFren bigarren edizioan, 2017an) aurten osatu duen Nazioarteko Epaimahaiak emango ditu, Paula Arantzazu Ruiz kazetari kulturala eta zinema-kritikari katalana; Eva Sangiorgi idazle eta programatzaile italiarra, Viennaleko zuzendari artistikoa, Vienako Nazioarteko Zinemaldia, FICUNAM zinemaldi mexikarraren sortzailea eta Elias Querejeta Zinema Eskolako komisario-arloko arduradunarekin batera.

ZIFFn hautatutako 9 luzemetraietatik 7 emakumeek zuzentzen dituzte, eta Berlin, Venezia, Visions du Réel, Sundance edo Locarnoko jaialdietan estreinatu eta saritu dituzte.

ATAL PARALELOAK

Jaialdiaren atal paraleloetan, ZINEBIk 2021ean ikusi ahal izan diren film luze dokumental onenetako batzuk aurkeztuko ditu.

Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panoramaatalean, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatu diren hamar dokumental izango dira ikusgai. Horietatik 5 ez dira Estatuan erakutsi.

Horien artean daude “Marx può aspettare” estatuko estreinaldia, ZINEBI 2017 Marco Bellocchioren Ohorezko Mikeldiko azken filma (aurtengo Cannesko Zinemaldian Ohorezko Urrezko Palmarekin saritua); “Concierto para la batalla de El Tala”, Mariano Llinás ZINEBI 2018ko Ohorezko Mikeldirena; “Nous”-ena (Alice Diop, 2021), Berlingo Zinemaldiaren aurreko edizioko “Encounters” ataleko Film Onenaren saria irabazi zuena; eta “Si puede desear algo”, Dora García artistaren lanik berriena, joan den astean 2021eko Arte Plastikoen Sari Nazionalarekin saritua.

Aurreko urteetan bezala, ZINEBI 63k euskal produkziorik berrienekin lotura izaten jarraitzen du, eta arreta berezia eskaintzen die “Bertoko Begiradak. Miradas Desde Euskadi” atalean. Horren berri izaten eta zabaltzen laguntzeko, jaialdiak gure errealizadoreen kezka tematiko eta formalak islatzen dituen urteroko erakusketa honetan erakusten ditu. Euskaditik, hasiera batean gure ingurune hurbilenetik urrun dauden gaiei buruz eman daitekeen jatorrizko begiradatik hasi eta euskal eremu historiko eta kulturalaren berezko alderdietaraino, atal honetan aurkezten diren 10 film luze dokumentalak eta 20 film labur, Sail Ofiziala – Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako zazpi euskal filmekin batera, 2021ean tokiko zinematografiarako izan denaren laburpena dira.

Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi sailerako hautatutako 20 film laburretatik 13k Cineclub FASaren saria irabazteko aukera izango dute. Gainerako zazpiek lehiaketatik kanpo parte hartuko dute, Bilbao Aurrera 2020 eta 2021eko udal-planen ikus-entzunezko sustapenerako laguntzen irabazleak izan baitziren.

Hautatutako filmen artean honako hauek daude: “Bost Minutu” (Amaia Nerekan, 2021), ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea ekimenaren 2019an ospatu zen bigarren edizioaren irabazle izan zen proiektutik sortutako dokumentala; Itziar Leemand zuzendari lapurtarraren bigarren film luzea den “Boca Ciega”; “A School For All Of Us” dokumentala (David Fernández Graña, 2021) eta “Fantasía” Aitor Merino zuendariaren bigarren filmaren aurrestreinaldia.

EMANALDI BEREZIAK

Saio Bereziek osatuko dute jaialdiaren programazioa. Aurten Itxitik proiektuaz gozatu ahal izango da, 2020an Zineuskadik COVID-19ak behartutako konfinamenduaren gaia jorratzeko abiarazitako deialdiaren ondorioz filmatutako film labur sorta. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Zineuskadiren, ETBren, Donostiako Zinemaldiaren eta ZINEBIren lankidetzari esker egin ahal izan da, eta Euskadiko zortzi zinemagileri film laburrak filmatzeko aukera eman zitzaien: Iban del Campo, Borja Crespo, Imanol López de Segura, Kevin Iglesias, Pedro Rivero, Maider Oleaga, David Pérez Sañudo eta Mikel Rueda. Itxitik programan aurkeztutako filmetatik bi (“Vatios”, David Pérez Sañudok zuzendua eta Maider Oleagaren “Kinka”) Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa – Sail Ofizialeko parte dira. Gainerako bostak jendaurreko saio berezi batean aurkeztuko dira.

Gainera, diziplina anitzeko ikuskizun bat aurkeztuko da, zuzeneko musika-emanaldiaren eta aurrez erregistratutako ikus-entzunezko materialaren arteko mugak lausotu nahi dituena, Vulk talde bilbotarrak “Vulk ez da” bere burua deskubritzeko egin duen ariketa bidez.

ZINEBI INDUSTRY

ZINEBI profesionalentzako topagunea da berriz ere ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea zinema dokumentalaren laugarren foro profesionalarekin; Bilbon, Bizkaian eta Euskadin ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatzeko proiektua. Tokiko talenturako topagune hau Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) eta Euskal Telebistarekin (ETB), Zineuskadirekin eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin lankidetzan antolatu da. ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea programako saria azaroaren 19an emango da, jaialdiaren itxiera ekitaldian. 10.000 euroko sari hau Euskadi ekoiztutako edo koproduzitutako film luze dokumentalen proiektuek jaso dezakete.

Ekitaldi honek, aurten lehen aldiz, “The European Panorama Of Documentary Film Festivals: What We Are Looking For” aurkeztuko du, pandemiaren ondoren Europako zinema dokumentaleko jaialdiek dituzten erronkei buruzko eztabaida eta hausnarketa jardunaldia. Bertan Alemania, Frantzia, Portugal, Txekia edo Kosovotik etorritako ordezkariek parte hartuko dute. Bestalde, “Zinema Zubiak” programan Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko enpresen eta profesionalen arteko harremanak eta proiektuen garapena dinamizatzeko asmoarekin.

ZINEBI MEETINGS

ZINEBIko publikoa ZINEBI MEETINGS ataleko hainbat topaketara joan ahal izango da. Jaialdiak topaketak prestatu ditu Enrique Urbizu Goya sariaren irabazlea den zuzendari bilbotarra eta Carlos Alberto Gómezekin, Marta Popivoda zinemagile serbiarrarekin, Yunuen Cuencak komisariatutako “Focus: México, Cine y Mujeres” programan sartuta dauden Mexikoko zinemagileekin, Dora García artistarekin eta Ohorezko Mikeldiaren irabazleekin: Margarethe von Trottak Helena Taberna zinegile nafarrarekin hitz egingo du eta Imanol Uribek Carlos Reviriego Espainiako Filmotekako programazio zuzendariarekin.

EDIZIO HIBRIDOA

ZINEBI, aurten ere, jaialdi hibridoa izango da. 63. edizioan, 2020an gertatu zen bezala, Bilboko zuzeneko emanaldiez gain, film luze eta laburrak ere online egongo dira ikusgai FILMIN plataformaren bidez. Online proiekzio hauek edukien osotasuna, proiekzio-kalitatea eta segurtasuna bermatuko dute, kalitate handiko tresna eta zerbtitzuen bidez. Proiekzio presentzialak, beti bezala, aretoetan egingo dira, eta nazioarteko epaimahaikideek hartuko dute parte. FILMINen eskuragarri egongo diren titulu guztiak, ZINEBIren programazio presentzial oro bezala, euskarara azpidatzita egongo dira.

EGOITZAK ETA SARRERAK

Jaialdiak hainbat egoitza ditu aurten ere: Arriaga Antzokia, Golem – Alhóndiga Zinemak eta Azkuna Zentroko Auditorioa, Arte Ederren Museoa eta BBK Aretoa. Azkuna Zentroko Auditorioko eta Golem – Alhóndiga zinemetako emanaldietarako banakako sarrerak (4,50 euro) eta hamar saioko bonoak (35 euro) erosi ahal izango dira urriaren 26tik aurrera. Gainera, ZINEBIk bonu bereziak eskainiko ditu langabeentzat, erretiratuentzat (eta 60 urtetik gorakoentzat) eta 26 urtetik beherako ikasle eta gazteentzat, 20 eurotan.

Inaugurazio eta itxiera galetarako eta azaroaren 20an Arriaga Antzokian egingo den palmaresaren errepikapenerako sarrerek 6 euroko prezioa izango dute.

Arte Ederren Museoan egingo diren ekitaldietarako sarrerak 3.50 eurokoak izango dira, eta sarrera librea izango da BBK Aretoan, “Vulk ez da” saio berezirako izan ezik.

Jaialdiko prestako materiala esteka honetan kontsulta daiteke: PRESS KIT

SARE SOZIALAK