Erabili gure bilatzailea

    ZINEBIko zuzendaria

    Beti presente

    Vanesa Fernández Guerra. ZINEBIko zuzendaria.

    Margarethe von Trottak Auf der Suche nach Ingmar Bergman (Searching for Ingmar Bergman), bere dokumental bikainean maisu suediarraren hitz batzuk gogorarazten dizkigu. Hitz horiek gonbidapen bat izan beharko lirateke, zinemaren eta zinemaldien orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko: “film bat bideratzaile bat da, ameslariak eta ametsak banatzeko modu bat, jendearen ametsak, nahiak eta isilpeko desirak egia bihurtzeko modu bat. Zinema beti egongo da presente. Ez dago bitarteko hoberik”.

    Pandemia tragikoak aurten behartu egin gaitu datozen urteetarako igartzen diren eszenario horietan kultur eragile gisa dugun egitekoa pentsatzera eta birpentsatzera. Oraindik ere, gure oinarrizko eginbeharretako bat da mundu osoan ekoizten diren (eta multinazional handiek bermatzen duten banaketa unibertsala ez duten) lan zinematografiko ahalik eta gehien eskuratzea, ikustea eta, hautaketa-prozesu zorrotz batean zehar testuinguruan kokatu ondoren, interesgarrienak iruditzen zaizkigunak gure ikusleei hurbiltzen saiatzea: edukiagatik, formagatik, baina baita gertutasunagatik ere, gure zinema gertukoenaren katalizatzaile eta konplize izaten jarraitu behar dugulako.

    Gure iritziz, ZINEBI bezalako tamaina ertaineko zinemaldi batek, film laburretan eta zinema dokumentalean espezializatuta dagoenak, gure ikusleei ohiko bideetatik eskuratzen zailak diren filmak aurkitzen eta ezagutarazten jarraitu behar du, ezbairik gabe; horrekin batera, ikusleak obra horietan proposatutako formari eta edukiei buruzko hausnarketara gonbidatu behar ditugu, baina baita bere buruari galdetzera ere, ea zergatik film batzuk jaialdiei esker soilik ikusi ahal daitezkeen.

    Atsegin handia da aurtengo edizioan Ohorezko Mikeldia eta jaialdian merezitako omenaldia jasoko duten bi zinemagile handi gurean izatea: Margarethe von Trotta eta Imanol Uribe. Gainera, oso irekia eta askotarikoa den edizio honetan, gauza asko egin ahal izango ditugu: 123 filmez gozatu, nazioarteko proposamen zinematografiko guztiekin harritu, Segoviako ihesa-ren 40. urteurrena erakusketa bisitatu, Bilbon zinemagile nabarmenen presentziaz gozatu, Enrique Urbizuren eta Carlos Alberto Gómezen liburuaren aurkezpenera joan, hainbat proposamenen bidez emakumeek zineman dugun paperaz hausnartu, Vulk talde bilbotarraren performance musikala ikusi, eta haurrentzako eta gazteentzako saioetara joan. Gainera, Bilbora hurbiltzen diren profesionalek gure industria-topaketez gozatzeko eta horiei etekina ateratzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Topaketa horietan nazioarteko eragileekin elkartuko dira, etorkizunera begirako lankidetzak eta sinergiak sortu ahal izateko.

    Nire ikuspuntu apalean, ZINEBIren programazioa da jaialdiaren asmoen adierazpen handiena, gainerako lehiaketekiko balio bereizgarria markatzen duena, eta prestigioa eta ospea ematen dizkiona. Eta hori guztia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrean aurrera egiteko guztiok dugun erantzukizuna ahaztu gabe.

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators