ZINEBIK ETA FICXek ELKARLANEAN DIHARDUTE LAU FILM LUZE AURKEZTEKO CANNES DOCSen, ESTATUKO DOKUMENTALARI ESKAINITAKO LEHEN SHOWCASEaren BARRUAN
ICEX España Exportación e Inversiones-ek eta Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) antolatutako eta finantzatutako programa baten barruan —eta Espainia ohorezko herrialde gonbidatu gisa izendatu izanagatik sustatutako jarduera profesional eta proiektu gisa—, Euskadi, Andaluzia, Aragoi, Katalunia eta Valentziako Erkidegotik iritsitako zinemagileek hitzordua izan zuten, maiatzaren 21ean, Cannesko Jaialdi eta Kongresuen Jauregiko Riviera 2 aretoan. Hitzordu horretan, Cannes Docs-en Estatuko dokumentalari eskainitako lehen showcase-ean parte hartu zuten lau film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu zituzten. Aipatzekoa da Cannes Docs munduko zinemaldi garrantzitsuenaren Marché du Film-ean dokumentalari eskainitako plataforma dela.
Saio horretan, honako hauek parte hartu zuten: Rafael Molés ekoizleak eta Carlos Marques‑Marcet zinemagileak (Un arbre és un arbre izeneko proiektuaren zuzendarikidea); Larraitz Zuazo zuzendariak, eta Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea ekoizleek (Itoiz udako sesioak); José Alberto Andrés Lacasta ekoizleak eta Luis Muñoz Cubillo “Soto” zinemagileak (Los restos del pasar proiektuaren zuzendarikidea); eta Concha Barquero eta Alejandro Alvarado ekoizleek (Um filme de Fernando Ruiz Vergara dokumentalaren zuzendarikideak ere direnak), José M. Rodríguez ekoizlearekin batera.
Pitching saioa baino lehen, hitza hartu zuten, batetik, Pierre-Alexis Chevit-ek (Cannes Docs-eko produktore eragileak) eta, bestetik, Pablo Conde ICEX España Exportación e Inversiones-eko Moda, Habitat eta Kultur Industrien zuzendariak. Pablo Condek azpimarratu egin zuen Canneseko topaketen garrantzia, era horretako topaketetan negozio-aukerak sortzen baitira, bai ekoizpenen ehun industriala indartzeko, bai Estatu osoko sortzaileak eta ikus-entzunezko talentuak babesteko eta bultzatzeko.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendari Vanesa Fernández Guerrak, labur-labur aurkeztu zituen parte hartzen duten proiektu guztiak, zinemaldietako programatzaileen, nazioarteko salmenta-agenteen eta mundu osoko zinema dokumentalaren ekoizleen aurrean azalduz. Aipatutakoez gain, honako hauek ere egon ziren saioan: ICEXeko Zinemaren Sektoreko buru Silvia Romeu González-Barros; ICAAko Marketin Politiken zuzendari Jara Ayúcar; ICEXeko Zinema aholkulari Noemi Cuetos; Zineuskadiko (Eusko Jaurlaritza) marketin, komunikazio eta nazioarteko garapeneko arduradun Ione Feijoo; FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldiko zuzendari Alejandro Díaz Castaño, eta Rubén Corral, ZINEBIko programatzailea.
Showcase-a egin ondoren, parte hartu zuten zinemagileek banakako saioetan parte hartu ahal izan zuten dokumentaletan adituak diren aholkulariekin, eta lan-bilerak egin zituzten mundu osotik iritsitako eta dokumentaletan espezializatutako salmenta-agenteekin eta ekoizleekin, aurkeztutako proiektuak burutzeko beharrezkoak ziren kontaktuak eta lankidetzak lortzeko helburuz.
Horrez gain, Cannes Docs ospatu aurreko egunetan (maiatzaren 18tik 24ra bitartean), showcase‑ean parte hartu zuten pertsona guztiek banakako mentoriak izan zituzten Zeynep Güzel zinemagilearekin, zeina DAEko (Documentary Association of Europe) aholkularia eta Berlinaleko Doc Stationeko koordinatzailea baita.
https://www.marchedufilm.com/programs/cannes-docs/docs-in-progress/spain-showcase/