Erabili gure bilatzailea

Emanaldi bereziak
La vida en los tele-clubs

1968. urtea zen. 22 urte nituen. Emilio M. Lázaro eta Augusto M. Torresekin batera dagoeneko film laburren bat filmatuta nuen, NO-DOtik (zinema guztietan derrigorrez proiektatzen zen albistegi frankistatik) Fraga Iribarne ministroaren enkargu bat egiteko kontratatu nindutenean. Inauguratu berri zen telebista publikoa sustatu nahi zen, haren programen bidez herritarrak doktrinatzeko eta apaltzeko zuen gaitasunagatik. Aparatuak oraindik garestiak zirenez, ideia aparatu horietako bat herri edo herrixka bakoitzeko edozein lokaletan —ikastetxe edo ukuiluetan, berdin-berdin zen leku batean ala bestean— jartzea zen, jendea elizan belaunikatzen zen debozio beraz joan zedin hura ikustera: tele-klubak sortu ziren.

Egin nuen dokumentala. Hurrengo urtean ZINEBIn aurkeztu zen. Jaialdiko sari onenetako bat irabazi zuen. Madrilera itzuli nintzen, NO-DOko buruzagitzaren zorionaren zain, baina, iritsi bezain laster, berehala eta betiko kaleratu ninduten.

Jakin ahal izan nuenez —ez baitzen azalpenik ematen—, Iribarne jauna bere onetik atera zuten galizieraz hitz egiten ari ziren bere herritarren irudiek (hizkuntza debekatuta zegoen), kooperatiben bilerek (debekatuta zeuden) eta, batez ere, bai Las Hurdesen, bai nik erretratatu nuen Galizian bizi zen miseria latzak.

Filmaketa taldean bost pertsona ginen, eta, gure gabeziak bagenituen ere, lagunarteko talde trinko eta grinatsu bat osatu genuen. Nik, teknikari guztien artean ezjakinena nintzen arren, baneuzkan halako handikeria zinematografikoak. Izan ere, Parisen egona nintzen Viridiana eta À bout de souffle ikusten; film horiek filmak egiteko edo ahalegin horretan tematzeko pozoia inokulatu zidaten (bai, adin horretan den-dena puzten nuen).

Anekdota gisa esan dezaket, operadoreari eskatu nionean kamera tripodetik ateratzeko eta hura sorbaldan zuela hartualdiak egiteko, berak zera esan zidala, ea nola egingo zuen, bada, hori, irudia mugitu egingo zela eta bota egingo zutela. Konbentzitu behar izan nuen —O! Nouvelle Vaguearen eragina!—, baita soinuaren arduraduna ere, eskuko mikro bat makila luze bati lotzeko, filmatzen ari ginen pertsonen zuzeneko soinua hartzeko (lehen aldia zen hori egiten zutela). Nire asmoa, filma egitean, tele-klubetara joaten ziren herritarren artean aurkitzen genuen errealitatea irudi aratz eta zuzenekin dokumentatzea zen. Besterik ez.

Xehetasun osoz. Baina aurreiritzirik gabe eta zentzua derrigortu gabe. Eta, hain zuzen, proiekzioak izan zituen ondorioak ikusita —NO-DOko erredaktoreetako batek off-eko ahotsarekin testu artifizial bat gainjarri zuen arren—, uste dut errealitate filmiko hori Erregimenak egin nahi zuen publizitateari gailendu zitzaiola. Ezinezkoa zen ezer manipulatzea: hala zen, hortxe geratu zen jasota, eta hemen dago orain.

Ez dut uste errealitatearekiko (imajinatua ala ez) begirune hori traizionatu dudanik, nire filmografia osoaren motorra izan baita, zinemarekiko maitasuna garatu ahal izan dudan 44 urteetan (nire Memorias liburua iradokitzen dut, nire ibilbidea zein Espainiako zinemak lan egin nuen 3 etapetan izan zuen bilakaera ulertzeko: frankismoan, Trantsizioan eta mende berrian. Inolako neurritasunik gabe kontatzen dut dena).

Espero dut gaurko ikusleek, berreskuratutako lan horren bitartez, ikusi ahal izatea inposaketa faxistek —gaur egun jazartzen gaituztenak bezalakoek— adierazpen askatasunarekin amaitzen dutela lehenik, eta gainerako guztiekin gero.

Alfonso Ungria
panorama—esta-peli-no-la-conoces-ni-tú—vida-en-los-teleclubs—fotograma-3-b9llln

Vida en los teleclubs

Espainia , Alfonso Ungría

Dokumentalak telekluben munduan murgiltzen gaitu, frankismo garaiko landa-eremuko Espainian elkargune ziren espazio horietan, non telebista kultur jarduerekin uztartzen baitzen, hala nola zinema-proiekzioekin eta antzerki-emanaldiekin. Informazio eta Turismo Ministerioak sustatutako zentro horien bidez, filmak komunikabide berriek herrietako ohituretan eta lan-bizitzan izan zuten eragina aztertzen du, garai hartako pantailetan gutxitan agertzen zen landa-errealitatea irudikatuz.

Informazio gehiago
Antolatzaileak
Organizadores
Babesleak
logotipos
Sustatzailea
logotipos
Laguntzaileak
logotipos
logotipos