ALFABETO BAT AITORRENTZAT
Liburua ireki eta A letra ikusi dut: Aitor, Aktorea, Artista. Eta agertoki gainean zezelka egin genituen lehen urteak etorri zaizkit gogora (nik gehiago zezeltzen nuen, hura helduago zegoen, aktore jaio baitzen). Orrialdea pasatu eta B agertu da, Aitor Bikaina, Berebizikoa, Berealdikoa; energia zuen gogotik, hainbeste, gure etorkizuna txiki geratu eta joan egin zela. C letrarekin bidaia luze-luze bat egin dugu elkarrekin, eta gaztelaniazko hitz hauek datozkit gogora: Compañeros, Colegas, Codirectores, Coguionistas. Izan ere, urte batzuk gerago elkartu egin ginen berriz, eta elkar oso ondo ulertzen genuen, desberdinak ginen arren. Hurrena D dator, eta Aitor Deskribatzen, Delineatzen ikusten dut: boligrafoa eskuan (beti boligrafoa) mantelak, paperezko musuzapiak, gidoiak eta fakturak pertsonaia zoragarriez josten. Gidoi grafiko bat dut bereziki gogoan, boligrafoz marraztutako hamabost metro luzeko orri jori, neurriz gorako, argi, eder, ezinezko eta miragarri bat. Eta ez dut D letraren orrialdea atzean utzi nahi Dandy esan gabe, gogoak eman didalako. Orrialdea pasa eta E dator, gizon Egundainokoa. Baina haren atzetik F, beste aurpegia, gizon Feirosa, Hauskorra. Feirosa eta Fermua, aldi berean. Fermua eta feirosa. G letrarekin batera gaitzeko gizona ikusten dut, eta baita haren indar komiko Geldigaitz Gangarra ere, zeinak ezinbestean naraman Hra, Hamaika Irri egitera. Ez dut letra iheskor ia ikusezin hori alboratuko, ordea, hitz hau aipatu gabe, existituko ez balitz harentzat apropos asmatuko nukeelako: Haizea, Urakan-Haizea. Eta haize horrek gizon haserrekorra du lagun; baina erraza da, oroitzapenak gehiegi arakatu gabe, ilargiaren beste aldea ikustea: I letraren eskutik datorren gizon Inuzentea. J letrarekin ez naiz asko luzatuko, ez neurrigabeko jan-edanez hitz egin nahi ez dudalako, baizik eta K dudalako gustukoago, kar-kar, gogoratzen naizelako nola, kar-kar, zenbatetan, kar-kar, ezin diot barreari eutsi, kar-kar. Lren orrialdea presaz pasako dut, ez hitzak falta zaizkidalako (laudagarri litzateke horietako bat), baizik eta M letrara heldu nahi dudalako, Mazo hitzera, abizen horrek esanahi itzela duelako. Beste hiru letrarekin, M, N eta Prekin, multzo bat osatu eta zuzendari gisa elkarrekin egin genuen lehen filma ekarriko dut gogora, gure bizitzaren historia den istorio bat: La Máquina de Pintar Nubes. Q ez dut ezertarako behar, hau galdetzeko ez bada: ¿Qué tal estás? Zoriontsu al zara beste alde horretan? R duten bi hitz bururatu zaizkit, Gorria eta Amorratua, eta Srekin bat, oso aproposa: Sutsua. Hurrena T letra dator, eta haren ondoan antzezlan bat: Torito Bravo. Antzezlan hark betiko batu gintuen, gure-gurea zen. Beti gogoratuko zaitut torero jantzi beltzez, ordezko triparekin, gastatutako adar okerdun diademarekin, hankartean bi pala-pilota, galtzerdian sartuta zintzilik. Irudi groteskoa izan daiteke Percatao izeneko zezen-gizon haren handitasuna eta duintasuna ezagutu ez zituenarentzat. P letrarekin esango dut, baita ere eta nahitaez, begien bistako gauza bat: Aitor Paregabea dela. Uren gainetik jauzi egingo dut, Vri heltzeko irrikaz bainago, ardoaren gaztelerazko ordainari dagokion lehenbiziko letrari: Vino. Ardoa baitzen bere (gure) drogarik gustukoena; ardoak (noizbehinka neurrigabe edaten genuen) erabat nahasten gintuen batzuetan, eta halako buru-argitasun bitxi eta alai baterako ateak irekitzen zizkigun besteetan. X letrarekin, ahal izanez gero, bere azken eguna ezabatuko nuke, hainbeste gauza geneuzkan oraindik egiteko. Gaztelaniazko Y kopulatiboak Z letrara narama, eta berriz galdetuko diot, azkenekoz: Zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?
Patxo Tellería
Aktorea, zinema-zuzendaria