ZINEBIk, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan eta EITBren laguntzarekin, euskal zinemaren historian funtsezkoak diren honako lau lan hauek berreskuratzen dituen programa berezi bat aurkeztu du: Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986). Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu zituzten eta Klasikoak ekimenaren barruan aurkeztu zituzten Donostia Zinemaldian; orain, Bilbora iritsiko dira film hauek, ZINEBIk eta Euskadiko Filmategiak zinema ondarea zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko duten konpromisoa adierazten duen lankidetzaren baitan. Konpromiso horren parte da, halaber, Depósito ZINEBI Gordailua, gaur egun Elías Querejeta Zine Eskolan aztertzen ari direna.
Trantsizio sozial, kultural eta politiko sakoneko une batean filmatu ziren, eta lau film horiek izan ziren Eusko Jaurlaritzak bere garaian osorik finantzatu zituen lehen proiektuak, bere garaiarekin solas egingo zuen eta euskaraz egindako zinema bat eraikitzeko xedez. Balio historikotik harago, inflexio puntu bat dira: modernitatearen eta tradizioaren, oraintsuko memoriaren eta etorkizun nahiaren arteko tentsioak integratuko zituen hizkuntza zinematografiko propio bat definitzeko saiakera bat.
Horien garrantzia ez da euskara hizkuntza zinematografiko gisa sendotzera mugatzen, aitzitik, Euskadiko identitateari, emakumeari eta eguneroko bizitzari buruzko begirada berriak ere sortu zituzten. Zergatik panpox filmak emakumeen intimitateari buruzko kontakizun bat eskaini zuen lehen aldiz gure zineman, barrutik kontatuta; Hamaseigarrenean aidanez filmak emakumeen hauskortasuna eta erresistentzia jorratu zituen, galerak eta isiltasunak zeharkaturiko landa-ingurune batean; Ehun metro-k indarkeriari eta memoria kolektiboari buruzko hausnarketa politiko eta moralerako gune bat ireki zuen; eta Oraingoz izen gabe-k, Bernardo Atxagaren gidoiarekin, euskara arakatu zuen, bere dimentsio sentsorialetik eta lurraldearen dimentsiotik, eta hizkuntzaren adierazkortasun- eta soinu-aberastasuna erakusten zituen.
Zinema kultura berresteko lurralde gisa ulertu zuen belaunaldi baten sorrerako kemena gorpuzten dute lan horiek. Euskadiko Filmategiak EITBren laguntzarekin ekin zion lan horiek zaharberritzeari eta, horri esker, gaur egun berriro azter ditzakegu, garaiko dokumentu gisa ez ezik, identitate moderno bat euskaraz eraikitzeari buruzko saiakera bisual gisa ere. Behar hori orainera ere iritsi da: berreskuratutako film bakoitzak gure historia kulturalaren funtsezko zati bat itzultzen dio elkarrizketa garaikideari.
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasiera. Uda. Goizeko zortziak dira. Ion, ETAko militante bat, korrika doa, etsi-etsian, Donostiako Alde Zaharrean barrena; atzetik segika du polizia. Hiria esnatzen ari da, eta normaltasunez ekin dio egunari. Ihesi doan bitartean, Ionek bere bizitzaren historia ere aztertzen du. Eskolan bere nortasunari uko egiteko eskatzen zioten. Oroitzapen horiek aitaren begiradarekin eta Madeleineren gorpuzkerarekin txandakatzen dira.
Apustuzale amorratua da Domingo. Apustu-artekaria da traineru-estropadetan, pilotalekuetan eta askotariko probak egiten dituzten plazetan. Baina obsesioa ere bada, eta arrisku asko hartzen ditu, beti Kornelio koldar eta zinikoa lagun duela. Domingoren emazte Martzelinaren bakardadeak jartzen du kontrapuntua istorio honetan, non ezbeharra edozein unetan lehertuko dela dirudien.
Manuel lasai bizi da Ramón anaiarekin, baina prostituta bat agertzen da, eta dena aldatzen du. Estherrek tentsioak eta gatazkak sorrarazten ditu anaien artean, eta amaiera zoritxarrekoa da. Filmak landa-inguruneko familia-harremanak eta emozio erreprimituak aztertzen ditu.
Arantxa Urretabizkaiaren eleberri izenkidean oinarrituta dago filma, eta seme bat duen hogeita hamar urteko emakume ezkondu baten bizimodua kontatzen du. Protagonistak hausnar egiten du: zergatik utziko zuen senarrak, Txemak, bakarrik semearekin? Barne-bakarrizketen bitartez, hainbat gai aztertzen ditu; besteak beste, amatasuna, bakardadea eta 70eko hamarkadaren amaierako euskal gizartean nagusitzen zen eguneroko bizitza.



