Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    BAHMAN GHOBADI

    ARGIAREN ZAIN

    Ez nazazu isildu. Istorio bat dut kontatzeko.
    Iraultza (Forough Farrokhzad, 1959)

    Bahman Ghobadi Irango bigarren boladako zuzendari handien oinordekoa da; zuzendari horiek dira Abbas Kiarostami, Mohsen Makhmalbaf, Majid Majidi eta Jafar Panahi, besteak beste. Ghobadiren lanak 90eko hamarkadako azken urteetan heldu ziren Europara eta ikusle eta kritikariak txundituta utzi zituen. Garai hartan, Teheranen argazkilaritza eta zinemagintza ikasi ondoren, Ghobadik hogei film luze eta ertain filmatu zituen bideoz (8 mm eta 16 mm), eta bi une erabakigarri bizitu zituen: 1998an Kiarostamiren zuzendaritza-laguntzaile izatea lortu zuen Kurdistan irandarrean filmatu zuen Bad ma ra khahad bord (, 1999) pelikulan, eta 2000. urtean Irango zinemako lehen film luze kurdua aurkeztu zuen Cannesen, Zaldi mozkorren garaia Zamani barayé masti asbha (Haizeak eramango gaitu, 2000), eta film horrekin Urrezko Kamera eta FIPRESCI saria lortu zituen, gainera. Orduan finkatu zuen kultura eta gizarte kurdua ezagutzera emateko zinemaz baliatzeko ideia, eta hasi zuen bere ibilbidea. Ibilbide horretan uztartu ditu mezu unibertsalak (gerraren salaketa, gatazkek haurtzaroan duten eragina, deserrotzea eta balio tradizionalak kontsumo-gizartearen balioekin ordeztea, besteak beste) eta haren herriari buruzko istorioak. Daf (Panderoa, 2003) da lan horietako bat, Ghobadik, beti, oinarri dokumentalak dituen fikziozko materialarekin lan egiten duenaren adierazgarri argienetako bat. Maiz (film horretan, adibidez), ez du aktoreekin lan egiten, beren bizitzak interpretatzen dituzten pertsonekin baizik. Film hauek ere horren adibide dira: Kasi az gorbehaye irani khabar nadareh (Inork ez daki ezer katu persiarrez, 2009) eta A Flag Without a Country (2015). Ordea, Irango egoera politikoak kalte egin zion nabarmen Ghobadiren zinemagile ibilbideari. 2009an, egun gutxi batzuetan eta zinema-kamerarik gabe (estatuarenak baitira), Inork ez daki ezer katu persiarrez filmatu zuen, bere lanetako konstante hauek ezin hobeto biltzen dituen pelikula: herri-musika, doku-fikzioa eta norbanakoen askatasunaren defentsa. 2009. urtea nahasia izan zen, Mahmud Ahmadineyad aukeratu baitzuten berriz. Poliziak Bahman Ghobadi atxilotu egin zuen Canneseko Jaialditik bueltatu zenean. Han, Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen, eta Frantziako egonaldia aprobetxatu zuen Irango Gobernua gogor kritikatzeko, haren kontrakoen mugimendua zigortzen ari zelako eta, bereziki, Roxana Saberi kazetari iparramerikarrari zortzi urteko espetxealdia ezarri ziolako, Estatu Batuentzat espia-lanak egitea egotzita; Roxana Saberi Ghobadik Cannesen aurkeztu zuen pelikulan gidoilarikide izan zen. Azkenean, Saberik sei hilabete inguru egin zituen espetxean eta Ghobadi egun batzuetan eduki zuten ziegan. Gauzak horrela, gerrari eta haurtzaroari buruzko tragedia hunkigarri den Lakposhtha ham parvaz mikonand (Dortokek ere hegan egiten dute, 2004) pelikularen eta road-movie erako Niwemang (Ilargierdia, 2006) komedia basatiaren egileak (bi filmek Donostiako Urrezko Maskorra irabazi zuten) Iranera ez itzultzea erabaki zuen: “30 urteko Erregimenak saminduriko pertsona bat naiz”, esan zuen 2009an, erbesteratu beste aukerarik izan ez duten irandar zinemagileekin bildu eta gero. Zinemagile irandar horiek dira, besteak beste, Mohsen Makhmalbaf, Gabbeh (1996) eta Kandahar (2001) pelikulen zuzendaria; Babak Payami, Venezian saritutako Raye makhfi (Botoa sekretua da, 2001) filmaren zuzendaria; eta Jafar Panahi, zeina Teheranen etxean atxilotuta dagoen, “segurtasun nazionalari kontra egiteagatik eta estatuaren kontrako propaganda egiteagatik”. Ghobadi Amerikara joan zen, gero Alemaniara eta, azkenik, Turkiara. Bitarte horretan hainbat pelikula prestatu zituen, Turkia, Siria, Irak eta Irango estatuen lurraldeetan bizi diren kurduek jasaten dituzten errepresioegoerak salatzeko premiak bultzatuta. Askatasun handiagoarekin eta zentsuraz kezkatu beharrik gabe, Rhino season (Fasle kargadan, 2012) aurkeztu zuen. Azken lanetan, fikzioa eta dokumentala nahasteari heldu zion berriz, eta Flag Without a Country (2015) aurkeztu zuen Busango eta Sundanceko jaialdietan. Halaber, Life on the border (2015) ekoiztu zuen. Pelikula hori Turkia eta Siria arteko mugan filmatu zuen, Europara heldu nahi duten errefuxiatuen abiapuntu diren Kurdistan siriarreko kanpamentuetan bizi diren zortzi haurrekin. Esan bezala, Ghobadi Kiarostamiren Haizeak eramango gaitu pelikula klasikoan zuzendaritza-laguntzaile izan zen; filmak Forough Farrokhzad olerkari eta zinemagilearen olerki baten izenburua du. Haren olerkiak ere debekatu eta zentsuratu egin zituzten hamar urtean baino gehiagoan, iraultza islamikoaren ondoren. Farrokhzadek Tabrizeko hiriko legenardunentzako ospitale batean filmatu zuen Khaneh siah ast (Etxea beltza da, 1963) dokumental labur ahaztezinean errezitatzen duten olerkilerro bat Iranen sortzaileek gaur egun bizi duten egoera ezin hobeto deskribatzen du: “Usapalen modura justizia erregutzen dugu, baina ez dago justiziarik. Argiaren zain gaude eta iluntasuna da nagusi”.

    Rubén Corral & Ramón Ganuza
    Komisarioak

    BAHMAN GHOBADI
    Antzolatzaileak
    Organizadores
    Babesleak
     
    Laguntzaileak