Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    JUAN RUIZ ANCHÍA

    ARGIAREN MUSIKA ISILA. JUAN RUIZ ANTXIAREN ZINEMA

    Gauza jakina da, eta behin eta berriz esandakoa, zinema arte kolektiboa dena; halaz guztiz, edozein filmen sorkuntzaren atzean zuzendariaren lana dagoela pentsatzen dugu berez. Haren izenak bazter uzten dituen lanbide en artean badira bi oso inportante: gidoilariarena eta argazki zuzendariarena. Lehenengoa istorioaren autorea den bezala, beltza zuriaren gainean jartzearen ardura duena, bigarrena da istorioa irudi bihurtzeko ardura duena, horretarako koloreen, argien eta itzalen paleta zabala erabiliz, sensibilitatea eta teknika nahasi behar dituen eginkizun konplexuan. Irudiaren arte horren ordezkari bikaina da Juan Ruiz Antxia (Bilbo, 1943), argazki zuzendari ospetsuenetakoa, mail nazionalean zein nazioartean.

    Jarrera inkonformista baten isla da Ruiz Antxiaren ibilbidea, eta haren lanaren laburpen txiki bat nahikoa dugu hori baieztatzeko. Madrilgo Zinemagintzaren Eskola Ofizialean ikasi zuen hasieran, alabaina, ikertzeko, eta maila personal zein profesionalean aurrera egiteko zuen etenik gabeko grinak Ameriketako Estatu Batuetara eraman zuen ikasketekin jarraitzera. Ameriketako Film Institutuan sartu zen, eta Arte Bisualen Masterra egiten ari zela Bigas Lunaren deia jaso zuen Reborn / Renacer (1982) zoragarri eta era egiteko.

    Ez zen oharkabean geratu anbizio handiko produkzio horretan egindako lana, eta hari esker Miss Lonely Hearts (Michael Dinner, 1982) errodatu zuen. Film horretan Ruiz Antxiak egindako lanak Andrei Konchalovsky zuzendari errusiarraren arreta bereganatu zuen, eta Los amantes de Maria (Maria’s Lovers, 1984) zuzentzeko deitu zion; hor izan zuen emaitza apartak, halaber, James Foley-ren interesa eragin zuen, zeinak bilbotarrarekin zuzendu zuen Hombres frente a frente (At Close Range, 1986). Ruiz Antxiaren lana aipagarria izan zen film horretan ere, eta, hala, David Mamet ohartuta, La casa de juegos (House of Games, 1987) eta Las cosas cambian (Things Change, 1988) filmak egin zituzten elkarrekin. Geroago, Mike Figgis eta David Fincher zuzendariek deitu zioten, eta baita ere Ricardo Franco eta Antonio Betancor espainiarrek; honekin egin zuen Mararía (1998), zeinarekin Argazki Zuzendari Onenaren Goya saria irabaziko zuen (1999). Lankide izan dituen zuzendarien taldea aipagarria bada, ez da gutxiago izan aktoreena: Robert Mitchum, Jack Lemmonn, Al Pacino, Ed Harris, Kevin Spacey, Julia Roberts, Nastassia Kinsky eta beste hainbeste. Begi-bistakoa denez, laburpen arin honek ez dio zor zaiona aitortzen Ruiz Antxiaren karrerari: ia-ia mirarizkoa baita inork ezagutzen ez duen argazki zuzendari bat Hollywoodekoa bezalako industria zailean egonkortzea. Edozelan ere, izan duen ibilbidea ikusita, nabari da haren argazkigintzak oso gustu ezberdineko zuzendarien arreta bereganatu zuela. Zer bilatu zuen haietako bakoitzak Ruiz Antxiagan? Honen talentua, jakina, baina ez hori bakarrik. Bere filmei tonu bisual jakin bat, estilo jakin bat, emateko gaitasuna ere bai.

    Egin beharreko ñabardura bat: aipatzen dugun estilo hori ez da inmobilismotzat hartu behar, baizik eta leialtasun bezala, irudia ulertzeko era bati, haren konposizioari, itzalen erabilerari eta argiaren enpleguari diena. Hala berean, irudi horrekin kontatzen ari den istorioa indartzeko gaitasun bezala. Alkimia bitxia da, hein batean: errealitateari forma ematea da, Ruiz Antxiak berak dioen bezala, “argiaren eta itzalaren arteko dialektika indartsuaren bidez” bilatzen duen forma.

    Halaxe da, haren estiloan nabarmena da dialektika hori, dentsitate handiko irudi batzuk uzten dituena, argi-dentsitate handikoak eta emozioetan dentsitate handikoak. Izan ere, argazkigintza ulertzeko duen erak ez du nahikoa edertasun apaingarria lortzea; hori baino gehiago da. Irudi ederra, erakusten duenagatik, baina areago adierazi nahi duenagatik. Ekarri gogora, esate batera, Hombres frente a frente filmeko azken zatiko planoetako bat, non equzkiaren errainuak sartzen diren Brad-en (Christopher Walken-ek jokatzen duena) eta haren lapur taldearen taberna-zuloan, haien mundu iluna errez, eta haren behin-betiko porrota iragarriz.

    Eragin diotenen artean Ruiz Antxiak Goya aipatzen du -argiaren dramatismoaren maisu, ezbairik gabe-, baina baita ere Antonio Machadoren poesia. Ez da harritzekoa literaturaren erreferentzia. Antxiaren azken lanean, Blackthorn / Sin destino (Mateo Gil, 2011), bere azkenetan den Butch Cassidy (Sam Shepard-ek interpretatua) Boliviako basamortu idorrean dabilela ikusita, erraz gogoratuko ditugu poeta sevillarraren bertsoak, eta basamortuko argi hori “egun argietako itzal zuriak” bezala ikusi.

    Hain zuzen, Blackthorn filmagatik eman zioten zinema gizon handi honi ondo merezitako bere azken Goya saria (2012), Argazki Zuzendari Onenarena. Ez du gutxiago merezi ZINEBIk bere ibilbide osoagatik Bilbon, etxean, emango dion Ohorezko Mikeldia. Jakin beza Ruiz Antxiak, hainbeste argi eta itzalen sortzaileak, ohorea geurea dela.

    Iñigo Larrauri
    Ikertzaile irakaslea (UPV/EHU)

    JUAN RUIZ ANCHÍA
    Antzolatzaileak
    Organizadores
    Babesleak
     
    Laguntzaileak